Euskal Herrian ezaugarriok dituen greba egin zen lehenengo aldiz atzo: feminista eta orokorra. Zaintzarako eskubide kolektiboa aitortu dadila ozendu zuen eta «mugarri» izan zen zaintza sistema publiko eta komunitarioa erdiesteko bidean, inola ere ez borrokaren amaiera. Gaur bertan mahai intersektorial bat sortu eta zaintza «agendan markatu» dezatela exijitu zien mugimendu feministak instituzio publikoei.
Luzaz, gutxienez pandemiaren testuinguruan Denon Bizitzak Erdigunean plataforma sortu zenez geroztik, mugimendu feministak egin duen inurri lanaren eztanda formako emaitza izan zen atzokoa. Interpelatu zituzten instituzioak, enpresariak eta «eremu honetan inongo ardurarik hartzen ez duten gizonak», mugimendu feministak ez baititu onartzen egungo zaintza-sistemaren mekanismo asistentzialista, sortzen dituen lan prekarioak eta emakumeentzako dakarren karga gehigarria.
ZAINTZA, «NEGOZIO»
«Sinetsarazi da familiak eta, zehazki, emakumeak direla zaintza-lanak egin behar dituztenak. Oso murritzak dira zaintza eskaintzen duten gizarte-zerbitzu publikoak; gainera, zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira instituzioetatik», adierazi zuten. Zaintza «negozio» bilakatzen ari dela ohartarazi zuten antolatzaileek, eta abisua luzatu zieten horretan saiatzen ari diren putre funtsei, multinazionalei zein erakunde publikoei: «Utzi gure bizitzekin negozioa egiteari!», ohartarazi zuten aho batez grebalariek, arratsaldean herri eta hirietan egin ziren mobilizazioen ondoren egin zituzten irakurketetan.
Gaitzetsi egin zuten, halaber, zenbait instituzio, enpresa multinazional, alderdi politiko eta «zaintza- sistema bidegabe hau sostengatzen duten» bestelako agenteek diskurtso feminista «lapurtzeko» egiten duten saiakera. Mugimendu feministak, kontrara, proposamen erradikalak dituela erakutsi zuen grebarekin, baita horiek kaleratzeko giharra ere.
SAREAREKIN, AURRERA
Mugimendu feministak sareak josi ditu greba orokor hau antolatzeko bidean, eta jaso du sindikatu gehienen (LAB, ELA, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT), zaintza-sektoreko langileen, 1.500 langile- batzorderen, eragileren eta herri mugimenduren babesa. Horiekin guztiekin osatu du mugimendu feministak atzoko greba edukiz janzten duen Herri Akordioa, eta honek jasotzen dituen aldarrikapenen alde lan egiteko unea dela sinistuta, Euskal Herriko instituzioei zuzendu zitzaien, mahai intersektorial bat osa dezatela eskatzeko: «Borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan, ardura postu guztietan; zaintza-sistema publikoaren bidean agenda markatu ezazue orain, bihar bertan».
Greba «mugarri» bat izan bada ere, ez du biderik bukatu. «Ez da ezeren amaiera -agertu zuen mugimendu feministak-. Bide luzea dugu oraindik egiteko eta gaurkoa bezalako beste mugarri ugari izango ditugula ziur gaude».
Horrela, Herri Akordioan jasotako eduki eta aldarrikapenetan sakontzeko, aurrerantzean, antolatzen eta aliantzak ehuntzen segituko du mugimendu feministak. Jomugan, mugarriz mugarri, zaintza-sistema publiko komunitario duina, osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena, eta zaintzarako eskubide kolektiboa: «Guztion zaintza eskubidea eta zaintzeko ardura».
Martxoaren 8aren karietara egindako 2018ko lanuzteak eta 2019ko greba feminista ziren aurrekariak, baina lehen aldia zen Euskal Herrian greba feminista orokorra egiten zena. Horregatik, greba feminista orokorra egitea bera «historikoa» izan zen, mugimendu feministaren hitzetan, eta, emaitza, «arrakastatsua».
GREBA, BALDINTZATUTA
Horrela, grebak izan zuen jarraipenaren berri eman zuten antolatzaileek, sektoreka. Nabarmendu zuten, baina, askok ezin izan zutela lanuztea egin, inposatutako zerbitzu minimoak gehiegi izan zirelako. Hala ere, grebak zerbitzu publikoetan izan zuen eragina «esanguratsua» izan zela azpimarratu zuten. Garraioan, adibidez, Euskotren eta Bilboko Metroan jarraipena «oso zabala» izan zela adierazi zuten, eta soilik zerbitzu minimoak eman zituztela. DBus Donostiako autobus konpainiako zenbait zerbitzu ere bertan behera gelditu ziren. Iruñean, Billabesaren zerbitzuak eten zituzten goizean piketeek.
Hedabideei dagokienez, EiTB taldeak gutxieneko zerbitzuetan eman zuen eguna, albistegiak eta aurrez grabatutako edukiak soilik eskainiz, eta bezperan edo egunean bertan, GARA-NAIZ, “Berria”, Hamaika Telebista, “Argia”, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine, eskualdeetako Hitzak eta tokiko hainbat komunikabidek bat egin zuten grebarekin.
Hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan izan zuen eragina lanuzteak. Eskola publikoetan langileen erdiek baino gehiagok egin zuten greba, eta eragin nabarmena izan zuen, zehatzago, EAEn, %70ek baino gehiagok uko egin baitzioten lanera joateari, antolatzaileen arabera. Lakuak, aldiz, bestelako datuak eman zituen: Hezkuntza Sailak esan zuen sektore honetako langileen %39,1 ez zirela lanera joan.
Ikastetxeetako sukalde eta garbiketan eragin zuen grebak bereziki, mugimendu feministaren hitzetan, eta Haurreskoletan %75eko jarraipena izan zela zabaldu zuen. Nafarroan, D ereduko zentroetan nabaritu zen gehienbat.
Unibertsitateetako jarduera «ia geldituta» egon zela ziurtatu zuten, eta ikastola gehienak ere itxita egon ziren: %75 baino gehiago EAEn eta %90etik gora Nafarroan.
Mugimendu feministak salatu zuen, bestalde, osasungintzan eta Gizarte Ongizate zerbitzuetan ezarritako zerbitzu minimoek «guztiz» baldintzatuko zutela grebaren jarraipena. «Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie; kasu askotan zerbitzu minimoak %100ekoak dira», gaitzetsi zuen. Hori dela eta, baxuak izan ziren, kasurako, Osakidetzak emandako datuak: langileen %0,26k baino ez zuten kale egin gaueko txandara, eta goizekora, %5,60k.
Hala ere, lanuztearen ondorioz anbulatorio batzuk itxita egon ziren eta, esate baterako, ez zen odol erauzketarik egin Gasteizko Lakuabizkarrako Osasun Zentroan. Basurtuko Anatomia Patologikoan teknikari guztiek greba egin zuten.
Industriari dagokionez, hainbat enpresa handitan izan zuen eragina lanuzteak, Microdeco, Cementos Lemona eta Laminaciones Arregin, adibidez. Baina, batez ere, Gipuzkoan izan zuen oihartzuna grebak. «Ekoizpena erabat geldirik dago enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), Polmetasa (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), Niessen (Oiartzun)...», jakinarazi zuten antolatzaileek. Nabarmendu zuten, gainera, CAFen Beasaingo eta Irungo lantegietan eragina «oso handia» izan zela.
Lakuako Gobernuaren datuen arabera, aldiz, administrazio orokorrean %13,28k egin zuen greba; hezkuntzan, %39k; osasunean, %5,6k, justizian, %11k eta segurtasunean, %2k.
EZIN ZUTENAK
Zerbitzu minimoak itogarriak izan ziren, baita mobilizazio egunaren arrazoiek pisu gehien duten sektoreetako batean ere, zaharren egoitza eta eguneko zentroetan. Mugimendu feministak zehaztutakoaren arabera, 55 langiledun zentro batean bostek soilik zuten grebarako eskubidea. Hori kontuan izanik, «oso arrakastatsua» izan zen deialdia. Antolatzaileen esanetan, «greba egin zezaketen langileen artean %90etik gora» batu ziren lanuztera.
Deialdiaren eraginak etxez etxeko laguntza-zerbitzuetan ere nabaritu ziren, indar bereziarekin zenbait udalerritan, Zumaian, Urnietan, Errenterian eta Laudion, kasurako.
Hain zuzen ere, zaintza-lan prekarioenetan aritzen diren emakume askok ez zuten aukerarik izan atzo lanera ez joateko. Grebaren paradoxa bat zen hori eta, aldi berean, mobilizazioari zentzu handiagoa ematen zion aldagaia.
Arratsaldeetako mobilizazioetan ez zituzten ahaztu, horregatik, etxeko langileak. «Etxeko zaintza-lanak, historikoki, gutxietsiak eta ikusezinak izan dira -gogoratu zuten-, eta horregatik ez dira lan-erregimen orokorrean sartuta egon. Honek etxeko langileen esplotazioa eta prekarizazioa baimendu du. Era berean, Atzerritartasun Legeak eta honi lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak… ez die emakume etorkinei bestelako bizi- eta lan-aukerarik eskaintzen. Etxeko langile egoiliarrak ez du egun inolako eskubiderik: ez atsedenerako, ez gaixotasun baimena izateko, ez langabezia, ez greba eskubidea».