Josu Narbarte

«Erraldoiaren galtzada»: Susanna Druryren artea, zientziaren akuilu

Antrim konderriko kostaldean, Ipar Irlandan, dago kokatuta «Erraldoiaren Galtzada» bezala ezagutzen den ingurune ikusgarria, basaltozko milaka zutabez osatuta dagoena. Lurraren iraganari buruzko informazio aberatsa eskaini du azken bi mendeetan zehar, baina artea izan zen ezagutzera eman zuena.

Gainjarritako basalto-geruzak Antrim konderriko kostan, antzinako laba-jarioen lekuko.
Gainjarritako basalto-geruzak Antrim konderriko kostan, antzinako laba-jarioen lekuko. (Josu NARBARTE)

Hainbat bidaiarik bisitatzen dute urtero Antrim konderriko kostaldea, Ipar Irlandan. Uharteko paisaia berdea bat-batean bukatzen da bertan, Ozeano Atlantikoan amiltzen diren labar zorrotzek moztuta. Horien artean, antzinako noble-leinuen gazteluak aurki daitezke -Dunluce, Dunseverick, Kinbane-, gehienak aurri egoeran. Herriak, aldiz, portu gisa baliatutako babesgune gutxi batzuen inguruan kokatzen dira: Portrush, Ballintoy, Ballicastle... arrantzale tradiziokoak guztiak.

Baina bada kosta honetan inoiz giza okupazio egonkorrik ezagutu ez duen eremu bat ere. Bertako labarrek ingurukoek baino kolore ilunagoa dute, ia beltza. Forma ere berezia dute: badiak eta lurmuturrak eratzen dituzte, itsasoarekin dantzan ari balira bezala. Zenbait tokitan, elkarren ondoan jarritako prisma edo zutabez osatuta daudela dirudi. Tartean dago herri-kulturak “Erraldoiaren Galtzada” deitu izan duena, itsasoan barneratzen diren milaka zutabez osatutako egitura ikusgarria.

Paisaia berezi horren jatorria tokiko arroka osatzen duen basaltoan bilatu behar da. Arroka bolkanikoa da, beltza eta gogorra, duela 50-60 milioi urte artean sortua. Ikerketa geologikoari esker, basaltozko kosta honek Lurraren iraganari buruzko informazio aberatsa eskaini du azken bi mendeetan zehar, eta, horri esker, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 1986an. Dena den, ikerketa hori guztia ez zen posible izango XVIII. mende hasieran bertan lanean aritu zen emakume baten artelanei esker izan ez balitz. Artearen eta zientziaren arteko loturak jarri du, hain zuzen ere, “Erraldoiaren Galtzada” munduko mapan.

Mitoz blai

Basaltozko kosta inguru gogorra da. Ozeano Atlantikora irekita, ipar haizeen mende dago erabat eta, ekaitza denean, labarren topografia malkarrak ia ezinezko egiten du bertara iristea. Ez da harritzekoa, beraz, inguruko herritarren artean eremu hori beti mitoz inguratuta egon izana.

Kondaira gehienek mitologia zeltako Fionn mac Cumhaill erraldoia dute aipagai. Ahoz aho transmititutako legenda baten arabera, berak ezarri zituen itsasertzean dauden basaltozko bloke handiak, Eskoziaraino joango zen galtzada eraikitzeko xedez. Horregatik, formazio geologiko horrek “Clochán an Aifir” izena hartzen du gaelikoz, hots, “Erraldoiaren Galtzada”. Itsasoz beste aldera, Eskoziako Staffa uhartean bada antzeko beste formazio bat, eta horri “Fingalen Leizea” deitzen diote; izen hori ere Fionn pertsonaiarekin lotuta dago, eta litekeena da legenda beraren parte izatea.

Prisma itxurako basalto-zutabeak «Erraldoiaren Galtzadan» (Josu NARNARTE)

Nolanahi ere, basaltozko kosta bazterreko eremua izan zen hainbat mendez. Gehienez ere, eskualdeko baserritarrek itsasertzeko belardietara eramango zituzten beren behiak bazkatzera, eta harea jasoko zuten beren soroetako lurzoruen testura hobetzeko. Arrantzaleek, berriz, beren txalupak gordetzeko babesa bilatuko zuten haitz handien artean, ekaitza iristen zenean.

Egoera XVIII. mendean aldatuko zen. Dublingo emakume artista baten lanari esker, “Erraldoiaren Galtzada”-k mundu mailako ospea eskuratu zuen, bolkanismoaren inguruko lehen ikerketa geologikoen erdigune bilakatzeraino.

Bi margolan

Susanna Drury 1698an jaio zen Dublinen, ingeles jatorriko kolonoen familia batean. 1731n sortutako “Dublin Society” elkarte ilustratuko kide izan zen; dirudienez, bertan izan zuen “Erraldoiaren Galtzada”-ren berri. Hala, 1739an hiru hilabete eman zituen Ipar Irlandan lanean, eta itzultzean, bi margolan aurkeztu zituen elkartearen urteroko erakusketan: akuarelaz egindako “Galtzada”-ren bi ikuspegi, bata mendebaldetik eta bestea ekialdetik.

Margolan horiei esker, 1740an Druryk elkartearen saria jaso zuen: 25 libera. Gainera, bere lana oso ezaguna egin zen, hainbat kopia zabaldu baitziren Europa osoan zehar: 1743-1744an François Vivares artista frantsesak bi margolanen grabatuak egin zituen, eta Diderotek eta D’Alembertek beren “Encyclopédie” ospetsuaren 12. liburukian (1765) ere horien kopia bat sartu zuten.

Susanna Drury artista irlandarrak 1739an margotutako bi margolanak (NATIONAL MUSEUMS NORTHERN IRELAND)

Ezer gutxi dakigu Druryren ondorengo bizitzaz, baina bere lanak munduari bira egin ziola esan daiteke zalantza izpirik gabe. Izan ere, hari esker “Erraldoiaren Galtzada”-ren inguruko interes zientifikoa piztu zen, ez baitzen oharkabean pasatu bertako basalto-zutabeek kontinenteko beste hainbat tokitan aurki zitezkeen formazioekin zuten antza. Hala, 1763an, Nicolas Desmarest geologo frantsesak Auverniako basaltoarekin alderatu zituen Ipar Irlandakoak, eta lehen aldiz proposatu zuen arroka horiek hoztutako labatik sortuak zirela. Teoria hau garatzeko, 1774an saiakera bat argitaratu zuen, eskualdearen mapa geologiko bat ere bazekarrena; haren aburuz, sumendi-erupzioen eta meteorizazioaren arteko txandakatzea zen basalto-paisaia berezi horien arrazoia.

Iritzi horren aurka azaldu zen publikoki Abraham Gottlob Werner alemana, basaltoa itsaspeko sedimentuen emaitza zela uste baitzuen. Egun badakigu Werner oker zegoela, baina kontuan izan behar da garai hartan guztia zegoela egiteke, eta eztabaida horiek erraldoien inguruko mitoak baztertu eta ebidentzia enpirikoan oinarritutako ezagutza bat sortzen hasteko lehen urratsa izan ziren.

Bertatik sortu ziren, hain zuzen ere, gerora Geologia zientzia bezala garatzen joateko ezinbestekoak izango ziren printzipio teoriko eta metodologikoak. Baina ez dezagun ahaztu, era berean, Dublingo andre ilun batek egindako bi margolan izan zirela interes hori pizten lagundu zuten lehen akuiluak.

 

HISTORIA GEOLOGIKO KORAPILATSUA, EUSKAL HERRIAN ERE BAI

«Erraldoiaren Galtzada»-ko labarren forma bereizgarriak bertako basaltoaren jatorri bolkanikoarekin lotuta daude. Arantza Aranburu EHUko Geologia Saileko irakasleak azaldu digunez, Paleozeno garaian sortu ziren, duela 50-60 milioi urte inguru, kontinenteen jiteak Ozeano Atlantikoa iparralderantz zabaltzea eragin zuenean. Ordura arte batuta egon ziren lurrak zatitu, eta haien artean sortutako arrakaletan gora laba-erupzioak etorri ziren, hainbat milaka urte iraun zuten sumendien eztandak eraginez.

Gertaera horien ondorioz, bata besteari gainjarritako laba-jarioek itsasorantz zihoazen haranak bete zituzten, eta zenbait tokitan ehun metroko lodiera zuten geruzak osatu zituzten. Azaleko laba berehala hoztu zen eta basalto-masa amorfoak eratu zituen. Sakoneko laba, berriz, pixkanaka hoztu zen; prozesu horretan, kontrakzioak pairatu eta prisma itxurako zutabeetan zatitzen hasi zen.

Beranduago, paisaia horrek guztiak klima-oszilazioen eragina jaso zuen; Izotz Aroetan glaziarren azpian harrapatuta gelditu, eta interglaziarretan agerian gelditzen zen, haizeak eta urak higatzeko prest. Hala, kostalde malkarra eratzen joan zen, labar, uharte eta badia txikiz osatua. Horien artean, antzinako laba-jarioen ondorioz sortutako basalto-zutabeak nabarmentzen dira: 40.000 inguru, adituek diotenez.

Fruizko basalto-formazioak, Bizkaian. (Arantza ARANBURU)

Prisma itxurako basalto formazioak munduko beste hainbat bazterretan ere aurki daitezke. Ikusgarriak dira Ozeano Atlantikoaren ingurukoak: Irlandakoak eta Eskoziakoak aipatu ditugu dagoeneko, baina badira Islandian, Groenlandian, Faroe, Azore eta Kanariar uharteetan ere. Europako kontinentean bertan, aldiz, Auverniako adibidea ez ezik, badira Alemanian, Katalunian, Hungarian eta Ukrainan ere.

Euskal Herrian, Fruizko Aldai auzoan dagoen basalto-multzoa da ikusgarriena. Geologia Interesdun Leku gisa izendatuta dago, eta Goi Kretazeoan gertatutako itsaspeko erupzioen emaitza da. Lauzpabost basalto-geruza bereiz daitezke, 10 eta 35 metro bitarteko lodiera dutenak. Hoztean, geruza horietako bakoitza osatzen zuen laba uzkurtu egin zen, prisma itxurako zutabeak eratuz. Zutabeen garaiera 2 eta 35 metro bitartekoa da, eta pentagono, hexagono nahiz heptagono itxura izan dezakete, 60 zentimetro inguruko aldeekin.