Ion Salgado

Tapiak onartu du ia 400.000 tona hondakin kanpora bidaltzen dela: «Portzentaia ez da handia»

Espainiar Gobernuko datuen arabera 2021eko irailetik 2022ko irailera 387.165,67 tona hondakin bidali ziren EAEtik kanpo. Arantxa Tapia sailburuak onartu ditu datuak ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarrean: «Edozer da gehiegi, baina ez da handia portzentaia», argudiatu du.

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia Zaldibarren.
Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia Zaldibarren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Euskadin, 6,5 milioi tona hondakin sortzen dira, eta horietatik zuk aipatu dituzun 387.000 ia lekualdatzen dira eta beste erkidegoetara eramaten dira. Beraz, sortutako hondakinen portzentai ez oso handia eramaten da kanpora, edozer da gehiegi, baina ez da handia portzentaia: %6 da momentu honetan kanpora eramaten dena». Hala adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan erantzuna eman die Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galderei.

Hondakinen kudeaketa kritikatu du hautetsi subiranistak. Adierazi duenez, «datuak ikusita, eta kontuan hartuta aipaturiko estatistikek ez dituztela hondakinen mugimendu guztiak kontuan hartzen, modu argian ondorioztatu daiteke Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean jasota dagoen ikuspegi estrategikoaren printzipioak, hau da, hondakinak tratatzeko autosufizientzia, hurbiltasuna eta abar, ez direla gaur-gaurkoz betetzen ari».

Tapiaren hitzetan, «momentu honetan hondakinen prebentzioa eta kudeaketaren arloan ez dugu nahiko baliabiderik». «Adibidez, kutsatutako lurrak kanpora eramaten dira, tratatzen da, edo olioa birziklatzeko kanpora eramaten da», azpimarratu du, eta EAEn kanpotik bidalitako hondakinak kudeatzen direla gogoratu du: «200.000 tona urtean, hau da, kanpora bidaltzen dugunaren erdia». «Edonola ere, buru askeak izan behar dugu», nabarmendu du

Lakua hondakinen kudeaketan hurbiltasun printzipioa betetzearekin «erabat konprometituta» dagoela esan du sailburuak, eta EH Bilduren aurka jotzera pasa da gero: «Eredu batean kale egitea eta besteei kulpa botatzea, beti hori izaten da zuen eredua».

«Une honetan topatzen ari garen zailtasunak ez dituzue arrotzak, bai zabortegi horiek handitzeko edo martxan jarraitzeko, bai hondakinak balorizatzeko proiektuak abian jartzeko, hala nola Bergaran edo Galdakaon aurkeztutakoak», gaineratu du.

«Eredu batek kale egiten du»

Oterok erantzun dio gero Tapiari, eta Lakuaren errua dela adierazi du. «Energiarekin gertatzen ari zaigun berdina gertatzen ari zaigu hondakinekin: marko estrategikoak kale egiten ari da; ez daukagu hondakin legerik; ez dago hondakinak tratatzeko instalazioentzako lurralde plan sektorialik; ez dago tratatzeko planta nahikorik; ez dago zabortegi kapazitaterik. Eta Gobernu horrek merkatuaren auto erregulazioa utzi dio kontua, eta merkatuak ez du konpontzen hau. Hau da, eredu batek kale egiten du».

«Eta nik gogorarazi nahi dizut zuri ingurumen ardura eman bazitzaizun gauzak konpontzeko eman zitzaizkizula. Eta nola uzten dituzu gauzak? Ba, Zaldibar ez erortzeko urgentziazko lanak abiatzen, amiantoa jasotzeko plangintza eta lekurik gabe, geratzen diren zabortegiak kapazitaterik gabe, legealdi helburu bezala aurkeztu zen lurrak tratatzeko planta publiko-pribatua abiatu gabe, zaborrak kamioietatik Euskal Herritik kanpora… Ba, balantze ederra uzten diguzu, Tapia andrea. Panorama ederra uzten diguzu», esan du.