NAIZ

Carrefourri boikota Oiartzunen eta Bilbon, Palestinako genozidioan «konplize» delako

Carrefourrek babesa eman dio Israelgo Armadari, eta elikagai ugari eman dizkio, bere sare eta hedabideetan konplizitate harreman horren berri emanez. Hori salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte larunbat eguerdi honetan Oiartzungo eta Bilboko supermerkatuetan.

Oiartzungo Carrefourren elkarretaratzea egin dute Palestinaren genozidioan «konplize» dela salatu eta boikota eskatzeko.a
Oiartzungo Carrefourren elkarretaratzea egin dute Palestinaren genozidioan «konplize» dela salatu eta boikota eskatzeko.a (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ez diezaiogun ezer erosi Carrefourri Israelekin dituen harremanak eten arte», egin dute eskaera Bilboko eta Oiartzungo supermerkatuen aitzinean bildu diren herritarrek. Carrefourrek lurralde palestinarren kolonizazio sionistan parte hartzen duela jakinarazi nahi izan dute. Gainera, Israelgo armadari elikagaiak banatzen ari dira herri palestinarraren aurkako erasoaldi honetan.

«Palestinar herriarekin gertatzen ari dena astakeria da, genozidio bat, eta Israel ez da geldituko Europako Gobernuek Israelekin duten edozein harreman eten arte», adierazi dute Oiartzungo Lintzirineko elkarretaratzean.

Boikot kanpainak indartzera animatu dute, «baita kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoko erregimen sionistarekiko konplizitate mota guztien aurka antolatzera» ere, maila guztietan: merkataritzan, erakundeetan, kulturan, kirolean eta abar.

«Tresna eraginkorra da»

Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor (BDZ) kanpaina Palestinatik sortu zela oroitu dute, Israelgo erregimenaren jarraipena ziurtatzen duten konplizitateak amaitzeko. «Kanpainak abian daramatzan urteetan, mundu osora zabaldu da, eta Palestinarekiko elkartasunerako tresna eraginkorra dela argi geratu da».

Bilboko Santos Juanesen dagoen Carrefourraren aurrean ere batu dira palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta Israel Gazan egiten ari den genozidioan Carrefourren «konplizitatea salatzeko».

«Carrefourrek merkataritza hitzarmena du Palestinarrei lapurtutako lurretan ezarri diren legez kanpoko asentamenduetan diharduten bi frankiziarekin. Era berean, Carrefourrek babesa eman dio Israelgo Armadari, eta elikagai ugari eman dizkio,  genozidioaren egile eta arduradun zuzenei babesa emanez», azaldu dute.

BDZ mugimenduak adierazi duenez, Israelgo Estatu Sionistaren konplize izateak, genozidioa zuritzeko balio izateaz gain, garbiketa etnikoaren laguntzaile izatea suposatzen du. Hortaz, Palestinako herriaren emantzipazioaren alde antolatzeko modurik eraginkorrena estatu sionistarekiko harreman mota guztiak haustea eta honekin zerikusia duten adierazpen politiko, komertzial edo kultural guztiak baztertzea da.

«Elkartasuna boikoten bidez eta Israelgo Estatuarekiko desinbertsioa eta zigorrak aldarrikatuz eraman daiteke praktikara», proposatu dute.