Abenduaren 2 honetan Gazte Eguna iraganen da Hazparnen. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea berritzeko abian den Bagira prozesuarekin partaidetzan egun osoko egitaraua prestatu du horren karietara Xuti Gaztek.
Iazko martxoan sortu zen dinamikak Hazparne «gazte ezkertiar eta abertzaleon topaleku» bilakatzeko gomita zabaldu zuen joan zen urrian.
‘Orainetik geroa’ lelopean iraganen den Gazte Egunak aniztasunetik dinamika berriak sustatzeko helburua du. Hain zuzen, Dom Campistron ilustratzaileak prestatu duen afitxak asmo horiek nabarmentzen dituen iruditegia baliatu du.
«Entseatu gara euskaltasuna eta abertzale izaera beste balore batzuekin osatzea. Saiatu gara nola irudikatzen dugun gure burua azaltzen eta, era berean, besta alai izateko nahikeria, giro goxoan partekatzeko, eta errespetuan komunitate baten parte garela ospatzeko», azaldu du Xuti Gazteren sare sozialetan ilustratzaile baxenafarrak.
Goizeko 10etan abiatu da Gazte Eguna FabLabea aretoan antolaturiko atelier feministarekin. Ondoren, ‘Gazteok Euskal Herrira eraikitzera’ lelopean mintzaldia heldu da.
Eremu ezberdinetan jarduten duten lau gaztek haien lekukotasunak eman dituzte.
Gaelle Vincens, Bizi elkarteko kideak larrialdi klimatikoaz oharrarazteko azken urtetan antolaturiko mobilizazioak izan ditu aipagai. Adierazi duenez, «engaiatuak ez diren gazteentzat eko arrangura horrek inspirazio bat ekartzen du, erronka globala eta lurraldea uztartzen dituelako».
Zientzia Politikoa ikasi ondoren kazetaritzan jardun zuen Kattin Chilibostek. Familiaren etxaldearen transmisioak sortzen zuen erronkari erantzunez, finean laborantza formazioa egin eta artaldea hazten du gaur gaurkoz. Gasnagile gisara ere ibiltzen da Donapaleu aldera.
«Argi nuen gure etxaldeko lurrak ez zirela merkaturat edo turismorat joango eta momentua heldu zenean ardura hori hartu nuen», aitortu du.
Ipar Euskal Herriko laborarien %70a erretreta hartzeko gertu dela oroitaraziz, laborantza lurrak atxikitzeko premia nabarmendu du. «Burujabe nahi badugu izan beharko dugu lurrari lotu», laburbildu du Chilibostek.
«Gazte anitz kulturari esker bildu dira euskarara eta herri kontzientziara» aitortu du, bere aldetik, Ihintza Irungaray dantza koreografoak.
Oroigarri gisa, aurreko hamarkadetan eginiko lanari esker bermatu dela euskal kulturaren biziraupena azaldu du ondoren. «Batzuk folklorismoa hautatu zuten bitartean beste batzuk balore abertzaleen arabera bidea zabaldu zuten, eta transmisio hori behar da bermatu beti, jakinik ere dantzak eta kulturak errezten dutela gazteen parte-hartzea», defendatu du.
Finean, erretreten erreformaren aurkako borroka izan du aipagai Joana Urruti Nobliak. LAB sindikatuko kideak azaldu duenez, «gazteok agian ez gara horretaz ohartzen baina belaunaldien arteko ekartasuna funtsezkoa da». Adibide hurbila eman du «injustizien aurkako borroka integral horri» gazte ikuspegia txertatzeko beharra ulertarazteko.
«Nire aitatxik 60 urterekin erretretara joan dela nik ezagutuko dudan baino babesa handiagoa emanen duen sistemari esker», adierazi du sindikalista gazteak.
Lau hizlariek «balore kolektiboak», «elkartasuna» eta «auzolana» funtsezko osagaitzat jo dituzte aurrera begira ere, gazteen beharren araberako tresnak eratzeko.
Bazkaria eta gaualdia
Goizeko hitzaldien ondotik, Xuriatea jatetxean bazkaria antolatu dute Gazte Eguna kari arratsaldeko egitarauari aurre egin aitzin indarrak biltze aldera.
Poteo girotu baten bidez Gazte Egunaren giroa eraman dute Hazparneko karriken gaindi.
Bazkari eta poteoa iragan dira arratsalde honetan, gazteok elkartzeko parada ukan dugu. Orain pesta egiteko ordua da!
— Xuti Gazte! (@xutigazte) December 2, 2023
L’après midi a été fort en émotions et échanges lors des Bazkari et Poteo mais c’est maintenant l’heure de faire la fête! pic.twitter.com/pGKA6qdd3D
Emeki emeki Mendealea aretora bertaratu dira gazteak, bertan kontzertuak hasi baitira 18.30ak aldera.
Zea Mays, Gozategi, Odei, Olaia Intziarte eta DJ Latxirongak osatzen dute Gazte Eguna besta giroan amaitzeko Bagirak eta Xuti Gaztek prestaturiko afixa.