NAIZ

Urduñako espetxe frankistan hildako preso baten gorpuzkia itzuli da bere familiaren eskuetara

Legorretako sendiaren eskuetan da jada Bernardo Rodriguez Rincon, Urduñako espetxean hildako presoaren gorpuzkia. Herri bizkaitarreko hilerrian dauden 71 biktimetatik identifikatu duten zortzigarrena da.

Bernardo Rodriguez Rincon itzuli da bere sendiaren eskuetara.
Bernardo Rodriguez Rincon itzuli da bere sendiaren eskuetara. (Andoni Canellada | FOKU)

Legorretako hilerrian egin den ekitaldian jaso du Bernardo Rodriguez Rinconen familiak Urduñako espetxe frankistan hil zuten presoaren gorpuzkia.

Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Kooperazioko sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranz eta Gogora Institutuaren zuzendari Aintzane Ezernarrok eman dizkiete Rodriguez Rinconen gorpuzkiak honen sendiari. Desobiratze eta identifikazio txostena eta Iñigo Arregiren ‘Duintasuna’ eskulturaren miniatura ere eman dizkiete. Ostean, ekitaldi pribatu batean, familiak bere senidearen gorpuzkia hobiratu du hilerrian bertan.

Bernardo Rodriguez Rinconen gorpuzkiak 2022ko abenduan Urduñako hilerrian egin ziren desobiratze lanetan berreskuratu zituzten. Jatorriz Extremadurako Campanario herrikoa zen Bernardo, laboraria eta bost seme-alabaren aita, eta atxilotu eta hainbat espetxetatik pasa ostean, Uruñako presondegira eraman zuten. Bertan hil zen, 1941eko martxoaren 20an, 60 urte zituela.

Bederatzi identifikatu

Momentuz, Urduñako hilerritik berreskuratu zituzten 71 gorpuzkietatik bederatzi identifikatu ahal izan dira. Uruñako presondegi frankistan hildakoak dira guztiak.

Bederatzigarren identifikatua Francisco de la Cruz Orellana da, jatorriz Badajozeko Quintana de la Serenako herritarra. Bere familia Mallabian bizi da egun.

Urduñan identifikatutako gainerako zazpiak Fructuoso Llorens Tolosano, jatorriz Fuente de Maestrekoa (Badajoz); Manuel eta Salvador Del Amo Jimenez anaiak, Villagonzalon (Badajoz) jaioak; Toledoko Carpio de Tajoko Alejandro Gomez Hidalgo; Alfonso Tena Prieto, Don Alvaro (Badajoz) herrian jaioa; Domingo Galindo Gonzalez La Morerako (Badajoz) herritarra; eta Inocencio Gallardo Rebolledo,  Magacelan (Badajoz) jaioa. dira