Euskararen eta Nafarroaren Eguna ospatzen dugu igande honetan. Bata bertzea gabe nekez ulertuko dugu. Data esanguratsu honetan, makina bat adierazpen zabaldu da. Erakundeetatik hasita, ekitaldia egin dute Donostiako Tabakaleran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan duen Gaitu kanpainan jarri dute fokua. Eremu digitalean euskararen presentzia areagotzeko asmoz, ‘Batu ditzagun gure ahotsak’ lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian beren ahotsa grabatzeko eskatzen diete. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten materiala.
Urrian Gaitu kanpaina martxan jarri zenetik euskara mundu mailan grabazio ordu gehien pilatzen dituzten hizkuntzen artean hamabigarrena da 131 hizkuntzako zerrendan, italiera eta japoniera bezalako hizkuntzak gaindituz. Guztira, 171.149 esaldi prestatu eta igo dira plataformara. 8.232 hiztunek parte hartu dute grabazioetan, eta 518 ordu grabatzea lortu da.
EAEko lehendakariak azaldu duenez, eremu digitalean ere euskarak bere tokia behar du «beste hizkuntzen artean bizi dadin eta aurrera egin dezan. Erronka berria da, bizi dugun garaiari dagokiona. Horretan ere aurrera goaz».
Euskararen Eguneko Lakuaren Adierazpen Instituzionalak ere herritarrek egunero erabiltzen duten tresneria digitalari euskaraz lan egiten erakustearen beharra azpimarratzen du.
Urkullurekin batera izan dira Tabakaleran hainbat sailburu: Bingen Zupiria, Olatz Garamendi, Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui, Nerea Melgosa... baita Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Bertze alderdi politikoetako kideak ere izan dira, EH Bildukoak adibidez.
Euskara behar dugu, euskarak behar gaitu. Arlo eta aho guztietan. Gaur ere, abenduak 3 Euskararen Nazioarteko Egunean ere, egin dezagun bat erakunde, kale eta etxe bakoitzean.#A3EuskarenEguna pic.twitter.com/Rw5fDwtE3c
— Esti Elduaien Uranga (@Eelduaien) December 3, 2023
Euskalgintzako ordezkariak ere batu dira ekitaldira, bertzeren artean Euskaltzaleen Topagunea.
Gaur Donostian #EuskararenNazioartekoEguna-ren ekitaldian.
— Irati Iciar Madinabeitia #ahizpa* (@IratiIciar) December 3, 2023
Makinak eta AA euskalduntzea erronka baina oinarrian euskaltzaleon komunitatea.@topagunea pic.twitter.com/1yfhrXeIrs
Babesgabetasuna eta oldarraldia
Euskarak bost egoera juridiko ezberdin izateak normalizazio prozesua garatu ahal izatea trabatzen duela nabarmendu dute EH Bilduk eta EH Baik Euskararen Egunaren harira elkarrekin plazaratu duten manifestuan. «Babesgabetasun horrek frantziar eta espainiar estatuen esku hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die», dio idatziak.
Erantsi dutenez, «oso urriak dira azken urteetan euskararen lege babesean egindako aurrerapausoak: 40 urte inguru dituzte EAEko Euskararen eta Nafarroako Euskararen legeek (Foru Hobekuntzak) eta Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du gaur-gaurkoz ezagupen ofizialik».
Azken hamarkadetan ezagutzan aurrera egin dugula baloratu dute, «baina bereziki euskarak estatus ofiziala duen eremu geografikoetan; gainerakoetan, ezagutzan aurrerapauso nabarmenak egin ezinik gaude».
EH Bilduk eta EH Baik «kezka eta desadostasuna» adierazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntz ereduen politika mantentzeko hainbat alderdik harturiko erabakiarekin. «Lege hori onartzen bada, euskararen normalizazioan urrats berri bat egiteko aukera galduko dugu».
Jauzia
Hizkuntza politika sendo eta ausartak behar ditugula aldarrikatu dute EH Bilduk eta EH Baik, euskararen ezagutza orokortzeko eta euskara alor guzietan normaltasunez erabili ahal izateko. «Gizarte aldaketak, teknologia aldaketa eta hainbat egiturazko ezintasun (zatiketa administratiboa, botere politikorik eza eta demolinguistika konplexua) ikusirik, euskarak inbertsio politiko, sozial eta ekonomiko handia eskatzen duela deritzogu. Eskala handiko erreakzio bat».
Euskalgintzak adierazi duen gisan, euskalduntze prozesuan jauzia emateko akordio sozial eta politiko berri baterako momentu erabakigarria dela uste dute. «Azaroaren 4an Bilboko kaleetan ikusi zen bezala eta 2024ko martxoan Korrikak Euskal Herri osoan erakutsiko duen bezala, bide hori egiteko bada aski atxikimendu. Herri gogoa eta borondate politikoa, biak ala biak dira beharrezko», defendatu dute.
Eskubide unibertsala
Elkarrekin Podemosek ere egin du adierazpena. Miren Echevestek oroitu duenez, «bide luzea egin dugu azken 40 urteetan erakunde publikoetan euskararen ezagutza ziurtatzeko baliabideak eta tresnak garatzeko lanean (derrigorrezko hizkuntz eskakizunak, besteak beste) baina ez, ordea, euskararen ikaskuntza herritar guztientzat irisgarria egiteko betekizunean».
Horregatik, euskara doan ikasteko aukera aldarrikatu du, «herritarren errenta maila oztopo izan ez dadin gure hizkuntza ikasteko».
Sumarrek ere doakotasunaren alde egin du. Halaber, hezkuntza politikak eztabaidaren erdigunean dauden une hauetan, hezkuntza komunitatea bere osotasunean entzutearen aldeko apustua egiten du, «guztion artean hizkuntza ereduei buruzko adostasunak eta irtenbideak aurkitzeko. Eskola publikoan euskaraz ikasteak gure hizkuntzaren erabileraren normalizaziorantz urratsak ematen lagunduko digula bermatu behar da».
«Alde egon baino, alde egin»
Herri mugimenduek ere plazaratu dituzte aldarriak egun seinalatu honetan. Errate baterako, Gazte Euskaltzaleen Sareak euskara aurrera eraman behar dela adierazi du, zonifikazioa bukatuz eta inbertsioak eginez.
Euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da. Euskararen alde egotea euskaldunduko gaituen hezkuntza eraikitzea da. Zonifikazioarekin bukatzea. Inbertsioak egitea; pantailetan, lanean, aisialdian, kulturan…
— Gazte Euskaltzaleen Sarea (@Gaztealdia) December 3, 2023
Euskararen alde egon baino gehiago, euskararen alde EGIN. pic.twitter.com/4VydvSpNsj
Errigorakoek aldarri bakarra egin dute, argi eta garbi:
Gaur #euskararennazioartekoegun-ean, gauza bakarra datorkit burura: "euskararen egunak urtean 365"
— ERRIGORA (@errigora) December 3, 2023
Jarri dezagun bakoitzak gure aletxoa euskara, egunero, Euskal herriko bazter guztietan entzun dadin! #euskaraplazara#agerraldia#euskalherrianeuskaraz#ahobizi pic.twitter.com/D2UhSAYwSt
Ekitaldiak egin dituzte herrietan, adibidez Tuteran.
Mila esker euskararen egunera hurbildu zareten guztioi! ✊
— Haize Hegoa (@HaizeHegoa) December 3, 2023
Zuek Zarete Tutera!
GORA EUSKARAREN EGUNA! pic.twitter.com/nwgS0D7XHA
Norbanakoek ere baliatu dute aukera sare sozialen bidez testigantzak eta borrokak ezagutarazteko.
Andaluziako ama baten alaba izanda, beharbada ezin dut esan nire ama hizkuntza denik. Esan ahal dudana, harro esan ere, nire alaba hizkuntza badela.#EuskararenEguna#euskara365 pic.twitter.com/g7hM2sixV2
— Maider Uriarte (@uri_maider) December 3, 2023
Jende ugarik islatuta ikus dezake bere burua halako kontakizunetan:
Medikuarenean, aspaldi, ama-alaba baztandarrak...
— Nora Salbotx Alegria (@construktsia) December 3, 2023
- Y esta niña no sabe castellano, ¡pues ya tiene edad!- medikuak, mespretxati.
- Pues anda que usted para saber euskara...-amak.
( Mediku euskalduna vs. Mediku ilupe totala)#EuskararenEguna
Eta zein ederra den nire alabak haien artean euskaraz hitz egiten ikustea. Eta zein ederra den euskara zenbat maite duten ikustea. Gasteiz poliki-poliki euskalduntzen ari gara eta harro gaude. #euskarak365egun
— Maialen Agirre (@maiagirre91) December 3, 2023