Parisko Akordioa bete eta berotze globala geldiarazteko erregai fosilen desagerpenera bidea egiteko mugarria ezarriko zuen klimaren goi-gailurra izan zitekeen egunotan Dubain egiten ari dena, baina ez da izango. Erronka klimatikoari aurre egiteko erregai fosilen kontsumoa murriztea ezinbestekoa dela dio zientziak; bada, energia fosilen aldeko lobbyak diskurtso hori ahultzen ari dira. Sultan al-Yaber COP28ko presidentearengandik hasita.
‘The Guardian’ egunkariak plazaratutako bideo batek piztu zuen polemika, COP28ko presidente Sultan al-Yaber agertzen baitzen, esanez ez dagoela ebidentzia zientifikorik baieztatzeko erregai fosilen erabilera murrizteak berotze globala geldiaraziko duela. Klimaren goi-bilera honek izan zezakeen irismen erreala hasieratik zalantzan jarri da; batetik, aurreko klima gailurretan sinatutako konpromiso asko ez direlako bete eta, bestetik, presidentea Arabiar Emirerri Batuetako petrolio konpainiako (Adnoc) burua izateak sinesgarritasunari kalte egin diolako. Hau gutxi ez balitz, gailurraren hasieran argitaratu ziren dokumentu batzuek erakutsi zuten Jaberrek zenbait gobernuetako funtzionarioekin hitz egiteko asmoa duela erregai fosilen inguruan akordioak lotzeko.
Erabat galduta duen sinesgarritasuna berreskuratzen saiatu zen Sultan al-Yaber prentsaurreko batean, adieraziz zientzian sinesten duela: «Zientziak nire bizitza gidatu du. Zientziaren arabera, emisio globalek %43 jaitsi behar dute 2030ean, eta 2050ean zero emisio izan behar dugu, mende amaieran berotze globala 1,5 gradutara mugatzeko helburua betetzeko».
Egiaz, erregai fosilen erabilera murrizteko konpromisoa lausotuta dator, gutxienez, iaz Egipton egin zen COP27 hartatik, Energiaren Nazioarteko Agentziaren irizpide zientifikoen kontra negoziaketa mahaira itzuli baitzen «emisio baxuko energien» kontzeptua, energia fosilen aldeko lobbyen eskutik. Honekin, erregai fosil berrien garapena justifikatzen saiatzen ari dira, baita COP28an ere.
Ehun herrialdek baino gehiagok erregai fosilak pixkanaka ezabatu daitezela babestu dute, eta ikusteko dago COP28ko amaierako akordioak isuri hauek «ezabatzea» exijituko duen edo hizkera ahulagoa erabiliko duen, erregai mota hauen «beheranzko fase» bat abiatuz, kasurako.
Esandakoa bete dezaten
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta 40 milioi osasun profesionalek baino gehiagok mundu osoko gobernuei eskatu zieten bete ditzatela klima aldaketaren inguruan «hartu dituzten konpromisoak, Parisko Akordioan jasotako erregai fosilen pixkanakako ezabaketa bizkortzeko eta etorkizun osasungarriagoa, bidezkoagoa eta gizadiarentzat berdeagoa izateko anbizioa areagotzeko».
Igandean, erakunde hauek «ekintza klimatikoa erdigunean jartzeko premia» nabarmendu zuten, eta 123 herrialdek sinatu zuten “Klima eta Osasuna” adierazpena. Adierazpen horren bidez, klima aldaketak pertsonen osasunean dituen ondorioak arintzeko kutsadura murriztu behar dela onartu zuten.
«Osasunak eta klima aldaketak planteatzen dituzten premiazko erronken aurrean, osasun profesionalek bat egiten dute osasun emaitzak hobetzeko eta krisi klimatikoei aurre egiteko ahalegin guztietan», adierazi zuen OMEko zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesus doktoreak. «Horrek mundu osasungarriagoa eta erresilienteagoa sortzen lagunduko digu, datozen belaunaldientzat», ohartarazi zuen.