Luhusoko armagabetze ekimenari buruzko auzia apirilaren 2 eta 3an izanen da Parisen

ETAren armagabetzeari bi estatuek ezarritako blokeo egoera gainditzeko mugarritzat hartzen den Luhusoko ekimenean parte hartu zuten bi euskal herritar, Beatrice Molle eta Txetx Etxeberri, apirilaren 2 eta 3an auziperatuko ditu Parisko Epaitegi Korrekzionalak.

Txetx Etxeberrik hautetsi eta herritarren harrera beroa jaso zuen aske gelditu ostean.
Txetx Etxeberrik hautetsi eta herritarren harrera beroa jaso zuen aske gelditu ostean. (Bob EDME)

Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle bakegileen aurkako auzia heldu den urteko apirilaren 2 eta 3an iraganen dan Parisko Auzitegi Korrekzionalean, ostegun honetan Bake Bidea elkarteak baieztatu duenez.

Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak auzia joan zen azaroaren 14an eta 15ean egitea proposatu bazuen ere, finean epaile instruktoreak heldu de udaberrian finkatu du auzia.

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusoko ekimenetik auzipeturiko hiru lagunei dagozkien eskaerak jakinarazi zituen Parisko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak iragan otsailean.

Jean-Noel Etxeberri ‘Txetx’ eta Beatrice Molle-Haran Pariseko Auzitegi Korrekzionalean epaitzeko eskatu zuen fiskalak.

Aldiz, afera horretan ordura arte hirugarren auzipetua zena, Stephane Etxegarai ‘Etxe’, errugabetzeko galdegin zuen Fiskaltzak. Finean, auzitik kanpo geratuko da, beraz, armak deusestatzeko ekimena kameraz grabatu duen herritarra.

Bakearen aldeko eragileen salaketa

‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice Molle-Haranen aurka egindako eskaerak «onartezinak» zirela salatu zuten Bake Bideak eta Bakegileek Fiskaltzaren erabakiari buruz plazaratu zuten oharrean.

2016ko abenduaren 16an ETAren armagabetzea laguntzeko eginiko ekimenaren karietara auzibidean diren pertsona guztiak errugabe jotzeko eskatu zuten aipaturiko eragileek.

Gaur, auziaren datak ezagutzera eman ostean, prozedura hori salatu eta ondoko astetan auziari begira garatuko duten salaketa kanpainaren berri emanen dutela gaineratu dute.

2022ko azaro eta abendu artean amaitutzat eman zuen epaileak auziaren instrukzioa.

Prokuradoreak errekisizioak aurkezteko epea agortu gabe, bere eskaera bideratu zuen.

Hiru aukera zituen. Batetik, Luhuson jardun zuten bost herritarrak atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizirik diren hiru ekintzaileak –Mixel Bergouignan eta Mixel Berhokoirigoin zendu ziren– Pariseko auzitegi berezian epaitu ditzatela galdegitea.

Bigarren aukera Auzitegi Korrekzionalean epaitzea eskatzea zen.

Azkenik, auzia artxibatzea galdegitea posible zuen fiskalak.

Finean, bigarren aukera bere egin zituen, bi auziperaturen aurkako akusazioa mantendu eta auzia epaitegi berezian egiteko hautua baztertu zuelako.