NAIZ

Emakume batek jasandako jazarpena gaitzetsi dute Durangoko Azokaren antolatzaileek

Durangoko Azokan emakume batek jasando jazarpena salatu dute antolatzaileek. Babesa eta elkartasuna adierazi ondoren, erasorik ez dituztela onartzen eta Azoka espazio segurua izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Durangoko Azoka gune segurua izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Durangoko Azoka gune segurua izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute antolatzaileek. (Jon URBE | FOKU)

Ostegun iluntzean Durangoko Azokan gizon batek emakume bat jazarri zuela jakin dute antolatzaileak.

«Horren aurrean, babesa eta elkartasun osoa azaldu gura dizkiogu jazarpena izan zuen emakumeari, baita haren ingurukoei ere. Beharrezko baliabideak emakumearen eskura jartzeko prest gaude», adierazi dute Durangoko Azokaren antolatzaileek.

«Durangoko Azokatik argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen, ez kulturaren plaza honetan ez inon. Ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat», gaineratu dute antolatzaileek ohar baten bidez.

«Aurrera begira, Durangoko Azoka espazio segurua izateko lanean jarraituko dugu», nabarmendu dute antolatzaileek.