Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Biniloen merkatua goranzko bidean da

Biniloa bueltan da. Hainbat euskal talde dira euskarri honen aldeko apustua egin dutenak. Belaunaldi berriak ere erakartzen ditu. Azokako salmahaiak honen adibide dira.

Bidehuts zigiluak nobedade guztiak biniloan atera ditu.
Bidehuts zigiluak nobedade guztiak biniloan atera ditu. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Bidehuts zigiluaren salmahaian Carlos Osinaga ‘Txap’ aurkitu dugu. Aurten nobedade guztiak –Zauri, Audience, Gailu eta Lisabö– biniloan zein cd euskarrian eros ditzakete zaleek. «Talde bakoitzaren erabakia da baina Bidehutsen hasieratik nahi izan dugu binilo formatua erabili. Guk betidanik dugu harreman berezia biniloarekin eta horregatik lehenengo erreferentziatik saiatu gara biniloan ateratzen».

«Audience ondo doa, gurea [Lisabö] ere bai. Zauri-ri –Baxi Ubedarena oso proiektu ederra da– gehixeago ari zaio kostatzen».

Jendetza dabil aurten, baina zalantza du horrek salmentan zuzeneko islarik ba ote duen. «Jende gehiegiren artean ibiltzeak itolarria sor dezake. Batzuetan kontrako eragina du», dio.

Goruntz doa biniloaren merkatua. «Hardcorea edo rocka lantzen duten taldeek ohitura izan dute betidanik. Gure kasuan, Lisabören kasuan, kideok beti erosi izan ditugu biniloak eta horrek bultzatu gintuen gure lanak biniloan argitaratzera».

«Cda ere erabat duina da, baina entzuteko zeremonia ere desberdina da. Horrez gain, denok entzuten dugu streaming edo pendrive baten bidez. Baina biniloan entzutea filma pantaila handian ikustearen modukoa da. Ez da musika bakarrik, beste osagai batzuk ditu. Aurredisposizioa ere ezberdina da. Zu zure buruarekin zaude».

«Plastikoa da eta ekologikoki ere beste debatea zabalduko luke», dio Txapek.

Binilo bildumazalerik ba al da gure artean? «Bada gustukoa duen jendea. Baina horrekin batera badu beste alderdi bat. Orain hamar urte Bidehutsekin egin genuen Mikel Laboaren kantuekin bertsio -diskoa. Oso merke saldu zen eta agortuta dago. Gaur egun Wallapop-en ikusi izan dut 100 eurogatik saltzen. Eta batzuetan idatzi izan diet, ‘zertarako egiten duzu?’» galdetuz. Gauza bat da biniloen bilduma egitea etxeak eta beste kontu bat da espekulazioa. Bai, noski, zure negozio partikularra egiten duzu... ba primeran», dio, ironiaz.

Tiradan aldaketak

Musikazuzenean standan Koldo Otamendi dago. The Bobby's, Azken Sustraiak, Rukula, Feline, Mocker's... aurki daitezke, beste batzuren artean, bertan binilo formatuan. Harrera ona izan du.

Produkzioaz galdetu diogu. Euskal Herrian hasi dira zabaltzen biniloak egiten dituzten enpresak. «Urdulizen dago bat eta lan asko egiten du. Lehen Txekian fabrikatzen ziren eta hiru hilabete inguruko prozesua du. Oraindik artisautza lana da hein handi batean». Eta kostea igo egiten du horrek. «6-8 euro ateratzen da, tiradaren arabera. Binilo batzuk horregatik dira garestiak, disketxeek margena atera dezaten».

Tirada laburragoak egiteko aukerak gauzak aldatu ditu. «Lehen gutxienez 500 alekoak atera behar zenituen. Eta hori ez zegoen talde askoren eskutan. Orain 100 alekoak egin ditzakezu eta horrek gauzak aldatu ditu. Musikari askok nahiago dute formatu politean atera, diseinua ere zainduz».

90eko hamarkadan cda agertu eta binilo enpresak ixten joan ziren. «Punk-rock eszenak eta disko jartzaileek mantendu dute biniloa. Orain gazteak ere ari dira binilora lotzen».

Horren adibidea ondoko salmahaian aurkitu dugu. Skabidean taldekoak dira. Imanol Olague eta Oier Balda daude bertan. ‘Maite zenuen hiria’ biniloa dakarte. Berezia, bertan jasotzen duen kontzertua ere halakoxea izan baitzen. Joan den uztailaren 8an German Rodriguezen omenez Iruñean eskaini zutena, hain zuzen ere.

Harrerarekin pozik. «Oso ondo doa salmenta, harrituta gaude. Espero baino askoz hobeto doa», esan dute. Gure publikoa gaztea da eta polita da biniloak erosten ikustea, horrek esan nahi du etxean badaudatela entzuteko gailua».

Erromantikotasuna

«Taldeko batzuk biniloa maite dugu erromantikotasunetik. Sare sozialetara ere igoko dugu gero baina formatu fisikoan biniloan bakarrik egitea erabaki dugu entzuteak berarekin daukan liturgia horrek bultzatuta. Diskoak berak ere, objektu bezala, badu bere xarma eta jendeak etxean gorde egin nahi ditu. Gaur egun cd-a erostea ere erromantikoa bihurtu da, autoetan ezin da entzun...», kontatu du Olaguek.

«Entzuten ari zaren bitartean biniloa ikusi egiten duzula esan daiteke, bueltak ematen. Kontzertua berezia izan zenez diskoaren berezitasunak formatuan isla izatea nahi izan dugu», gaineratu du Baldak.

Azokan bada non aukeratu. Ezin ahaztu Katakrakek argitara eman duen binilo bikoitza eta liburuxka. ‘Hau dena’. Hamabost kantu, horietatik hamabi argitaletxeak plazaratutako liburuetan oinarrituak. Partehartzaileen artean, Ibil Bedi, Los Chikos del Maiz, Chill Mafia eta Joseba Tapia.