La Furia, Igor Elortza, Lide Hernando, Unai Iturriaga, Xabier Mendiguren, Gaizka Chamizo, Maitane Azurmendi, Joseba Beramendi ‘Exprai’, Joseba Tapia... larunbat eguerdian Durangoko Azokan egin den ‘Kultur giltzak’ izeneko ekitaldian egin den irakurketan parte hartu duten izenen zerrenda mamitsua izan da.
Luzea ere egun hauetan, sareetan islatu den denez, manifestuari bere atxikimendua eman dieten kulturgileen zerrenda: Gorka Urbizu, Leihotikan taldeko kideak, Zea Maysekoak, Skabidean taldea...
Goizeko 10etatik sinadurak jaso dituzte Landakoren aurrean ezarritako gune batean, eta giltzak banatu dituzte baita ere. Irudi metaforiko horrekin islatu baita Sarek martxan duen euskal presoen aldeko ekimena: «Giltza, sarraila, zuloa, atea. Zarratu. Heriotz zigorrari, biolentziei, isolamenduari, urruntze politikei, sufrimenduari eta gorrotoari. Iraganari, minari… Atea. Zabaldu. Elkarbizitzari, ezberdinen arteko baturari, elkar-ekiteari, entzun eta ulertzeari, zauriak sendatzen, euskal herriratzeari, konponbideari eta bakeari. Ateak zabaltzen gabiltza, beste batzuk betiko zarratu ahal izateko. Etorkizunari ateak ireki, iraganari atea ixteko, behar den bezala», aipatu du oholtzatik eguerdian, Durangoko Azokaren baitan, egin ekimenaren aurkezleak.
«Ibilian ibilitakoari jarraipena emanaz eta oraindik orain bidea dugula aurretik jabetuta. Bidean aurrera goaz. Hartu ditzagun giltzak eskuartean, ekin diezaiogun giltzarrapoak zabalduz, errepikaezinak giltzapetzeari!», jarraitu du.
Ines Osinagak ‘musika banda’ jarri dio; eta Porrotxek bertaratu diren herritar ugariak dantzan jarri ditu, haur zein helduak. Argazki herritar batekin, eta giltzak eskuetan, bukatu da ekimena.