Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gerediaga Elkartea: «Azokaren osotasuna indartu eta berretsi egin da aurtengo edizioan»

Balorazio positiboa egin du Gerediaga Elkarteak. Azokaren osotasuna indartu eta berretsi izana nabarmendu du. Datorren urterako iragarpena ere egin du, 59. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra ospatuko da.

Irudi politak utzi ditu aurten Durangoko Azokak.
Irudi politak utzi ditu aurten Durangoko Azokak. (Jon URBE | FOKU)

Durangoko Azokaren osotasuna indartu eta berretsi izana nabarmendu du Gerediaga Elkarteak igande honetan, Landakoko ateak ixtear direnean egindako balorazioan.

«Aurrikusi bezala, azoka gaztea izan da. Izan ere, deialdiari erantzun ona eman diote kulturazale gazteek, eta Durangoko Azokara batu dira. Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean. Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa. Gerediaga elkarteak euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena egingo du aurrerantzean ere, eta aurtengo azokak zeregin horretan jarraitzeko indarra ekarri du», adierazi dute.

Antolakuntza pozik dago emaitza orokorrarekin. «Baita asebeteta ere, postua jartzera etorri diren partaideen balantzea positiboa izan delako. Salmentak onak izan dira. Gainera, kulturazaleek jakinmina erakutsi dute; zenbait kasutan produktu zehatz baten bila joan dira, baina askok eskaintzaren artean arakatzeko ere aprobetxatu dute. Horrela, batez ere nobedadeak erosi arren, argitaletxeen fondoetako aleak ere eraman dituzte etxera».

Gerediagarentzat esanguratsua da, bestalde, interesa sortu duten gaien aniztasuna. «Adibidez, gizarte gaiak eta emozioen lanketa jorratzen dituzten liburuen bila etorri dira gazte asko. Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute, eta hasiberriek euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute azoka. Musikazaleak han eta hemen ibili dira. Eraldatzen dabilen sektorea da musikarena, eta zenbait kasutan biniloek CDek baino arrakasta gehiago izan dute».

Azokan parte hartuz, azokaren parte sentitzea

Kulturazaleen partaidetza azpimarratu du Gerediagak. Kopuruei dagokienez, guneetan 265 ekitaldi burutu dira, eta gehienetan beteta egon dira. «Sarritan ilarak sortu dira, jendea aurkezpenetarako irrikaz egon delako. Azokan parte hartuz, azokaren parte sentitu dira. Horrekin lotuta, esanguratsua da webguneko erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatu duela; lehen lau egunetan 60.000 bisita izan ditu atari digitalak», diote.

Zaleen gogoa eta jarrera eskertu nahi dute antolatzaileek. Gunez guneko balorazioa egin dute.

Talaian anitza izan da. «Oso gai ezberdinak izan dira hizpide aurkeztu diren argitalpenetan eta hausnarketarako ideia mamitsuak ere entzun dira, aurkezpen eta mahainguruetan. Landakogunean zein Durangoko Museoan Talaiaren aterkipean egin diren ekitaldiek publiko aldetik erantzun ona izan dute. Nabarmentzekoa izan da, aldez aurretik zer aurkezpen dagoen jakinda, plana eginda gerturatu direla asko. Joera hori azken urteetan gorantza doa», adierazi dute.

Ahotsenea, berriz, liburu aurkezpenetan, Karmele Jaio eta Jon Maia bezalako sortzaile esperientziadunen aurkezpenek jende ugari batu dute, baina baita hasiberriek ere, Julen Apellarenak, kasurako. Musika zuzenekoei dagokienez, goraino bete da askotan, esaterako, Toc, Nakar, Txopet, Leihotikan eta Ibil Bedirekin.

Irudienea espazio goxo eta gertukoa izan da egun hauetan. «Bertan sortzaileek bisitaria emozionatzea, barrez lehertzea, entretenitzea edota kantuan jartzea lortu dute. Zaleen adinari dagokionez, anitza izan da Irudieneara gerturatu den ikuslegoa, ume txikietatik hasi eta bisitari helduenenganaino. Laburmetraiak eta familientzako filmak izan dira arrakastatsuenak».

«Gizartean eta euskaran eragiteko duten ahalmenagatik, digitalizazioaren teknologiek interes berezia piztu dute aurten. Harrera ona izan dute, adibidez, nerabeei lehen mugikorra emateko gidaren aurkezpenak eta adimen artifizialari buruzko mahainguruak. Gamer Gelatik ere herritar ugari pasa da jolastera», esan dute Kabia guneari dagokionean.

Saguganbaran hainbat ikuskizun izan dira arrakastatsuak. Iñigito Txapelpunk eta iratxoen ikuskizunak, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren Pantxo zezena, Ameli ipuin kontalaria, Potx eta Lotx pailazoak... «Berezia izaten da Saguganbarak sortzen duena haur eta familiengan; ilusioa, giro ona, fantasia azken batean» Gerediagaren iritziz.

Ezin Szenatokia ahaztu. «Oso giro polita egon da, eta hainbatetan bete egin da aretoa. Aipagarria da aurkezpen zehatzen bila joan dela jendea, guneak erreferentzia hartu duen seinale. Obrek arrakasta izan dute eta sortzaileak ere gustura geratu dira. Iazko Sormen Bekaren emaitzak, Eukalyptus lanak, arrakastarekin hasi du bere bidea Szenatokian», kontatu dute.

Erakusleiho

«Beste behin ere, Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho izugarria izan da. Gainera, sortzaileen eta zaleen arteko zubia eraikitzea ahalbidetzen du, alde bientzako aberasgarria izanik. Azokaren fantasiak Euskal Herriko liburu dendetan izango du segida», adierazi dute.

Azokaren olatuari jarraiki, Zu Non, Han DA! ekimenarekin bat egiteko gonbita luzatu dute. «Kulturgintza hauspotzeko asmoz, Euskal Herriko 88 liburu dendatan garatuko da. Azokako nobedadeak ezagutu ahalko dira bertan, eta gainera, 27 aurkezpen ere egingo dira, abenduaren 20ra bitartean».

Eta kulturazaleek badute datorren urtean agendan gordetzeko data:  abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 59. edizioa.