Iran, Palestina, Boli Kosta, Brasil... planetaren ahotsak, euskaraz
«Misterioaren erreginatik» hasi –Agatha Christieren ‘Ten Little Niggers’ politikoki zuzenagoa den ‘Eta ez zen alerik geratu’ (Igela) bezala kaleratu da gurean– eta Azokako erakusmahaietan beste hizkuntzetatik euskarara ekarritako liburuen artean arakatzen ibiltzean, aurkikuntza atseginak egin ditugu: gaurkotasun handiko gaiak, klasikoak, egile periferiko interesgarriak... Itzulpenik gabe, gure «mikrokosmosaren mapa» euskara ez den beste hizkuntza batean marraztuko delako. Hori horrela da. Munduan ibiltzeko bidaide izango ditugun liburu horiek, gure mapa mentalean mugarri bihurtuko zaizkigunak, zein hizkuntzatan jasotzen ditugun uste baino garrantzitsuagoa da.
Palestina «versus» Holokaustoa Argitaletxeek Durangora ekarritako azken nobedadeen artean, eskaintza zabala da oso, estilo, euskarri eta gaiei dagokienez. Titulu klasikoak dira batzuk, aktualitate bizian dauden gaien ingurukoak besteak... Esaterako, Palestinaren okupazioari eta sionismoaren sorrerari buruzko klabeak ematen dituzten bi liburu aipagarri: bat, komikiaren formatuan iritsi zaiguna, palestinarren egoera lazgarria modu zuzenean erakusten duena –Julen Gabiriak ekarri du euskarara Joe Saccoren ‘Palestina’ (Astiberri), komiki-kazetaritza deitutako korrontearen funtsezko titulua; erabat gomendagarria da–, eta bestea, Israel eta sionismoaren inguruko saiakera bat: Hannah Arendten ‘Eichmann Jerusalemen, gaizkiaren hutsaltasunaren gaineko txosten bat’ (Katakrak) klasikoa.
Azken honetan euskaraz orain 60 urte atera zen lehengo bertsioaren itzulpen berritua dakar Koro Navarrok Iruñeako argitaletxearekin. Adolf Eichmannen aurkako epaiketatik abiatuta, liburu honek holokaustoari buruzko ikerketa onenetako bat izaten jarraitzen du egun. Hegoi Etxarteren esanetan, Katakrakek liburu bat argitaratzerakoan hiru gako hartzen ditu kontuan: kezka sortzen duen gai bat izatea, kezka horren inguruan gogoetatzen ari den talde edo mugimenduren bat egotea, eta kezka gizarteko esparru ezberdinetan egotea.
Eta gako horietan koka daitezke, hain zuzen ere, Durangora ekarri dituzten beste nobedade hauek ere: Bell Hooken ‘Transgresioa irakasgai’ (Amaia Apaulazak itzulia), hezkuntzaren inguruko hausnarketa; Friedrich Engelsek bakarrik idatzita zituen liburuen artean euskarara ekarritako lehen lana, ‘Etxebizitzaren auzia’ (Ane Garciak itzuli du); eta ‘Gizadiaren oren gorenak’ (Edorta Mataukok euskarara ekarria), Stefan Zweigen lanik ezagunena da. Ehunka hizkuntzetara itzuli den liburua; orain euskaraz dago.
Bestalde, komikiaren formatu dotorean argitaratu du Elkarrek Marjane Satrapiren ‘Persepolis’ (Irene Arraratsek euskaratu) ospetsua. Satrapiren bizitzan oinarrituta, Irango egoeraren erretratua ere bada, kontakizun historiko eta politiko zuzena.
Annie Ernaux handiaren titulu behar-beharrezko bat, ‘Emakume izoztua’ (Elkar), argitaletxe berdinaren erakusmahaian dago. Gema Lopez Las Herasek irabazi zuen hain justu Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa iazko Nobel sariari buruzko proiektu honekin.
Amazonak eta distopiak
Igelaren Literatura Unibertsalaren nobedadeen artean, inprentatik atera berri den Ahmadou Kourouma (Boundiali, 1927 - Lyon, 2003) malinke etniako idazle bolikostar idazlearen ‘Independentzien eguzkiak’ (Itz.: Aiora Jaka) dago. 1968an argitaratu zuen Kouroumak bere lehenbiziko eleberria, ‘Independentzien eguzkiak’, malinkeraz pentsatua eta frantsesez idatzia, agintari kolonial frantsesen eta independentzia osteko elite afrikarren satira gordina.
Eta Ereinen, ongi baino hobeto dakite urtero irakurle anitz Agatha Christiren nobelen bila etorriko zaizkiela. Aurten hiru titulu berri ekarri dituzte Durangora –horien artean, azken joerak jarraiturik, arrazismoa ekiditeko izena aldatu zaio Christiren titulurik ospetsuenari–, eta, honekin batera, nazioartean salmenta handiak izan dituzten beste bi egile, biak emakumeak.
«Liburu hau zoragarria da. Deskubrimientu bat izan zen niretzat eta esan nuen: hau euskaraz nahi dut bai ala bai!», aipatu zigun Uxue Razkin editoreak. Marlen Haushofer austriarraren ‘Horma’ (Itz.: Naroa Zubillaga Gomez) eleberriaz ari da. Hemen sinopsia: Emakume batek lagun batzuen Alpeetako ehiza-txabolara joateko gonbidapena onartu du. Lagunak ondoko herrira joan dira, eta bakarrik utzi dute etxean. Denbora nahikoa igaro da, baina ez dira itzuli. Larriturik, haien bila abiatu da herrirantz. Errealitate tragikoa aurrez aurre izango du: horma ikusezin batek gatibu dauka. Nobela distopiko hau ekofeminismoaren ikur bihurtu da.
Eta inprentatik iritsi berri baita ere Nina Almbergen ‘Azken amazona’ (Itz.: Josu Zabaleta). Fikzioa eta errealitatea nahastuta, XVI. mendean espainiar konkistatzaileei eraso egin zien emakume indigenaren mitoa –Amazonia izena hortik dator– ikertzen du, Brasilgo Icamiabak abiapuntu hartuta. Razkin: «Bartzelonako liburutegi batean lanean ari den lagun batek asko mailegatu zutela aipatu zidan: kontatzeko oso modu berezia du eta fikzioa da, baina mito batetik abiatutako lanketa. Egilea kazetaria da eta komunikabideetan aritzen da. Pandemia garaian audio-podcast bategatik ospetsua egin zen».