Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Aizkorakada bakoitza «gozatu» zuten

Mikel Larrañagak eta Nerea Arrutik irabazi zuten ostiralean Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusia, arerioei abantaila nabarmena aterata. Plazan gozatzeko parada izan zutela nabarmendu dute.

Nerea Arruti, Bilboko Bizkaia pilotalekura gerturatu ziren ikusleen artetik igarotzen.
Nerea Arruti, Bilboko Bizkaia pilotalekura gerturatu ziren ikusleen artetik igarotzen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Oso pozik eta gustura» bukatu zuten Sherpa.ai Aizkolari txapelketako saioa Nerea Arrutik eta Mikel Larrañagak. Urnietarrak pronostikoak bete zituen eta azpeitiarrari gerriak «bakean utzi» zion, desiratutako txapela irabazteko. «Azken urteetan borrokan ibili naiz, aurreneko postuetan, bi aldiz bigarren, eta esaten nuen ba noiz edo noiz iritsi beharko zuela, eta iritsi da», kontatu dio bere sentsazioa NAIZi.

Kanporaketa aurrean denbora onena eginda lortu zuen sailkapena final handirako, eta finalean, 40 minutu baino gutxiagoan saioa osatuta, aseta agertu da. Gakoa «bosgarren egurretik aurrera» egon zela ziurtatu du. Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ izan zuen arerio gogorrena, espero legez, baina bigarren oinbikoa bukatzean kasik bi minutuko aldearekin zegoen azpeitiarra, eta horrek nolabaiteko «lasaitasuna» eman zion Larrañagari. «Banekien ez neukala guztiz lasaitzerik, ze atzetik zetorren, eta Txikia IV.a oso arriskutsua da. Banekien segitu egin beharko nuela, segitu nuen eta azken hiru egurretan ikusi nuen ez zeukala harrapatzerik, eta handik aurrera ondo jardun nuen», azaldu du.

«Ondo» eta «gustura», hori izan baitzen beste gakoetako bat. «Azken hiru egurretan ikusi nuen neurea zela eta gozatu egin nuen». Bukaerako enborretan gozatua hartzea, txapelketaz disfrutatzeko parada izatea, alegia, goi-mailan, sari handi baten moduan baloratu daiteke. Are gehiago, azken urte erdian gerriko minarekin bueltaka ibili den Larrañagaren kasuan.

Larrañaga: «Azken hiru egurretan ikusi nuen neurea zela eta gozatu egin nuen»

«Azken urte erdia gerri aldetik justu samar ibili naiz. Gerriko minekin ibili naiz, erakustaldi asko utzi nituen, ezin bueltarik emanda. Azken aldera asmatu didate, denen artean, eta ez dit denborarik eman dena perfekto prestatzeko», nabarmendu du. Azkenaldia, baina, gerriko mina kentzen asmatu diote eta entrenamendu asko alboratu behar izan baditu ere, «uste baino hobeto» aritu zen.

Hasieratik, jo eta ke

Hasieratik atera zen indartsu, jakitun Julen Alberdi, iazko txapelduna, izango zela arerio handiena. «Banekien txapelketa estua izango zela, Alberdi ia onena da, hor dago beti, eta banekien borroka handia egongo zela. Gauzak ondo egin beharko nituela».

Mikel Larrañaga, pozarren, txapela irabazi berritan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Hasiera hasieratik fuerte abiatu beharko nuela barneratuta neukan, eta abantailarik ez ematen saiatu behar nuela», dio. Lehen enborra mozten azkarrena, hala ere, Alberdi izan zen, baina segituan eman zion buelta Larrañagak, bigarrena bukatzen lau segundo bizkorragoa izan zen. Bere garaipena «kasualitatez halaxe gertatu» zela azaltzen du, sinpleki ahoskatuta, Mikel Larrañagak, baina egiari zor, jo eta ke jardun zuen abantaila areagotu eta garaipena Azpeitiara eramateko, merezimendu osoz, iazko txapeldunari minutu bat eta 55 segundoko aldea aterata.  Eta «40 minututik behera ez genuela ebakitzen» esaten zuten jendeari, modu batera edo bestera, ahoa itxita.

Areriorik gabe

Ahoak itxi beharrik gabe pronostikoak bete zituena Nerea Arruti izan zen, bere bigarren Sherpa.ai Aizkolari txapelketa irabazita, Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’ eta Malen Barrenetxea baino gehiago dela berretsita. Bera ere kontziente da alde nabarmenaz nagusitu zela. «Oso lasai nengoen eta lasai zaudenean gauzak hobeto ateratzen zaizkizu, eta hori aprobetxatu nuen», esan dio NAIZi urnietarrak. Euskal Herriko txapelketan ere, urrian Elgoibarren jokaturikoan, ez zuen areriorik izan eta Bizkaia pilotalekuan berretsi zuen bere maila bikaina, herri kiroletan hasi zenetik goranzko joera hartuta.

«Gozatzen joan nintzen denbora guztian», azaltzen du azken txapela urnietarrak, baina deskribapen hori bere jardun orotara zabaldu daiteke. «Pozik nago bizitzen ari naizen bidearekin», dio. Herri kiroletan nabarmentzen ari den kirolaria da Arruti, Binakako azken bi pentatloiak ere irabazi ditu, bai eta 2022ko Banakakoa ere –aurten ez da egin, lehiakide faltarengatik–.

Bi urte besterik ez dira igaro Arruti herri kiroletan hasi zenetik eta, hasieratik bere dohainak erakutsi baditu ere, bere hobekuntza goranzko joeran dagoela berretsi zuen Bizkaia pilotalekuan ere. Izan ere, urtebete eskasean, edizio batetik besterako denbora hiru minutuan hobeto du: «Esan zidatenean ez nekien zenbat egin nuen lehengo urtean. Urtero-urtero hobetzen saiatzen joaten zara, espero nuen pixka bat hobeto egitea, ez hainbeste, baina hiru minutu ondo dago».

Arruti: «Urtero-urtero hobetzen saiatzen joaten zara, espero nuen pixka bat hobeto egitea, ez hainbeste, baina hiru minutu ondo dago»

Dena dela, ziurtatu du entrenamenduetan are denbora hobea egiten duela, «lasaiago» egoten baita. Ostiralean ere «lasai» zegoen, hain lasai, non entrenamendu bat bailitzan hartu zuen, «baina beti dago txapelketetako urduritasun puntu hori», sabeleko tximeletak, hain zuzen ere.

Plazan, lagun onekin

Karmele Gisasola, Bizkaiko txapelduna, zein Malen Barrenetxea, 15 urte besterik ez dituen aizkolaria, Nerea Arrutirengandik oso urrun geratu ziren, baina urnietarrak dio «berezia» izan zela beraiekin plaza elkarbanatzea.

«Malenekin astean behin edo topatzen gara entrenamenduetan, eta Karmelerekin lehendabiziko txapelketan parte hartu nuenetik ez nuen kointziditzen aizkora saio baten, eta ilusio pixka bat egiten zidan, nola ikusten nuen eta jakiteko. Egia esan biekin oso harreman polita daukat eta oso gustura egon nintzen beraiekin plaza elkarbanatzen, lanean», adierazi du egungo txapeldunak.

Abenduaren 21eko Urrezko Kopako saioa dauka begiz jota, Donostiako Trinitate plazan lehiatuko dena. Plaza gogoa du Gipuzkoako hiriburukoa, sortzen den giro politarengatik. Xarma berezia dauka, «etxea» ere badelako. Iaz berea izan zen garaipena, eta hura errepikatzea da bere erronka, urduritasun gutxiagorekin, iaz aizkora bat etxean ahaztu zuela barre artean gogoratuz.