«Euskal Dendak bisitarien erregistro historiko guztiak gainditu ditu». Esaldi horrekin abiatu du Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Bizkortzeko Elkarteak Durangoko Azokan zehar irekia egon den Euskal Dendaren balorazioa. Zehaztu dutenez, artisautza azoka abian egon den 27 edizioetan inoiz ez dute 35.000 bisitarien langa gainditu eta, aurtengoan, 41.164 pertsona hartzera iritsi dira. Ez hori bakarrik: «Salmentek ere arrakasta handia izan dute, izan ere, ia ia bisitari gehienek zer edo zer eraman dute etxera», jarri dute balioan.
Veronica Garcia elkarteko idazkariaren hitzetan, «oso harro eta pozik» daude «gizateak hitzordu hau bermatu duelako, non artisauek erakusten duten kultura eta ekonomia mailan goraka doan balioa direla», ziurtatu du.
«Aurten jendetza izugarria bildu da. Zifra hori lortzea errealitate bihurtutako ametsa izan da guretzat. Azokako plazatik pasa direnek erakutsi dute artisautza kontuan hartu beharreko sektore kultural eta ekonomikoa dela», nabarmendu dute Arbasotik, eta 41.164 «zenbaki magikoa» izango dela berretsi dute: «Guztion oroimenean egongo da betiko».
Ezinbesteko hitzordua
Egunez egun, asteazkenean 10.430 pertsona igaro ziren Euskal Dendatik, ostegunean 7.702, ostiralean 10.687, larunbatean 7.627 eta igandean 4.718. Egun indartsuenak, beraz, jaiegunak izan dira. Datu horiekin, Euskal Denda Durangora hurbiltzen direnentzat «hitzordu ezinbestekoa» dela nabarmentzen dela esan du Arbasok.
Segurtasunari begira, uneroko 506 laguneko edukiera muga zaindu dutela ere ziurtatu dute eta sektorean erreleboa badagoela eta pozik agertu dira, «izan ere, aurten artisau berri oso gazte asko izan dira, baita ikusleen artean ere. Erromesaldi bat bihurtu da eta helduak zein gazteak hurbiltzen dira, gustu eta adin guztietarako eskaintza baitaukagu».
Euskal Dendak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik etorritako 54 artisau hartu ditu. Aurreko edizioetan baino lau profesional gehiago, eta 15 enpresa berritzaile, hau da, azokaren %30eko berrikuntza. Sektoreei dagokienez, ehungintza nabarmendu da (11 artisau), baina elikagaiak, bbitxigintza, larrugintza, imitaziozko bitxiak, kosmetika, egurra, zeramika, panpinagintza, jostailuak, euskal kirola, makramea, serigrafia, oinetakoak eta lore lehorrak lantzen dituzten artisauen lanak ere izan dira salgai.
Azkenik, Arbaso «gero eta hurbilago» dagoen hurrengo edizioari begira dagoela zehaztu dute. «Denbora horretan, artisautza tradizionala sustatzeko bide berriak bilatzen jarraituko du, eta berrikuntza izango du hizpide», ziurtatu dute.