NAIZ

Irungo, Beasaingo eta Madrilgo CAFeko lan zentroetako langileen batzarrek akordioa babestu dute

LABek jakinarazi du Irungo, Beasaingo eta Madrilgo CAFeko lantokietako langileek zuzendaritzarekin egindako akordioa babestu dutela. 2025 urte arte iraungo du akordioak eta 3.500 langileri eragingo die.

Urrian Beasaingo CAFen egin zuten lanuzteetako baten irudia.
Urrian Beasaingo CAFen egin zuten lanuzteetako baten irudia. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Langile batzarrak egin dituzte astearte honetan CAFeko Irungo, Besaiango eta Madrilgo lan zentroetan. LABek ohar batean jakinarazi duenez asanblada hauen «gehiengo zabalak» babestu du CAFeko komiteko sindikatu guztiek onartu zuten proposamena, Zuzendaritzak abenduaren 4ko bileran egindakoa. Aldeko 1.306 boto eta aurkako 121 izan dira, guztira.

Akordioaren oinarriak honakoak dira: lanpostuen sorrera Euskal Herriko planta produktiboetan, erretiro aurreratuak bermatzea, soldata igoerak KPlaren gainetik, azpikontratatuko lankideentzako lan baldintzen hobekuntzak, titulatuen kolektiboarentzako urteko lanaldiaren jaitsiera eta CAFeko langileen lan-baldintzen beste zenbait hobekuntza.

Azaroan lan uzteak egin zituzten Castejongo plantako lankideekin batera, eta jakinarazi dute «batera egindako borrokak han ere fruituak» eman dituela, soldatetan eta urteko lanaldiaren jaitsieran hobekuntzak eginez.

Akordioaren iraunaldia 2023,2024 eta 2025 urteetan luzatuko da eta 3500 langile ingururi eragingo die zuzenean. «Beste planta ezberdin nahiz filialek ere hartzen dute erreferientziatzat CAF S.A-ko hitzarmen hau, nahiz eta berez eragin esparrutik kanpo geratu», gaineratu dute.

Bestalde, lanuzte eta mobilizazioen bidez lortutakoa izan dela lan-baldintzen hobekuntza adierazi dute: «Negoziaketa prozesu gogorrean zehar gakoa izan da zuzendaritzak proposatu eta ELA, CCOO eta UGTk. beraien egin zuten desmobilizaztzeko proposamenaren aurrean langile batzarrak, LABek defendatu moduan, borrokarekin aurrera jarraitzeko egindako hautua. Erabaki hari esker, orain egindako esfortzuaren fruitua jasotzea tokatzen da».

LABek helarazitako oharrean azpimarra egin du froga nabe berri baten eraikuntzan 9 milioiko inbertsioa egiteko konpromisoan, «etorkizuneko frogetarako nabea kokatuko den lurzoruari erabilera produktiboa emateko aldarrikapena etengabea izan da sindikatuaren partetik azken urteetan».