NAIZ

Euskaraldia «eraginkorra» da, eta are eraginkorrago izateko udaberrian egingo da, 2025ean

Euskaraldiaren antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi dutelako «ariketa eraginkorra» dela eta aldaketak ekartzen dituela. Edizio berrirako data ere jarri dute jada: 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da.

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek edizio berriari buruzko xehetasun batzuk eman dituzte.
Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideek edizio berriari buruzko xehetasun batzuk eman dituzte. (Jon URBE | FOKU)

Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu dira ostegun honetan, Donostiako Tabakaleran, koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte, ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, oraingoan, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko udaberrian egingo da, maiatzaren 15etik 25era.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora tarte bat hartu zuten antolatzaileek. «Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen, eta, bereizki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoetan ere», azaldu du Urkijok.

«Euskaraldia eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela erakusten dute iturri ezberdinetatik jasotako mezu zein ondorioek», nabarmendu du.

11 egun eta bi asteburu

Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute. Txapak ahalbideratzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek estres linguistikoa nabarmen murrizten du.

Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa. Bi ekintza erraldoi horiei esker euskararen gaia Euskal Herri osoko kaleetara zabaltzea lortu baita.

Laugarren edizioa, hortaz, maiatzaren 15etik 25era izango da. «11 egun izateak ariketa eraginkorrago eta sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du».

Ez-ohiko erabilerak normalizatu

Euskaraldiaren hiru edizioen inguruan egin diren ikerketek argi erakutsi dute Euskal Herri osoan milaka eta milaka herritarrek beren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararako jauzia eman dutela Euskaraldiari esker: familian, lagunartean, lantokietan nahiz ezezagunekiko harremanetan.

Hirugarren edizioaren ikerketak erakutsi du, besteak beste, parte-hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak %63,9 zirela ariketaren aurretik eta %78,9 ariketa amaitu ondoren. «Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu», aipatu du Iciarrek.

Euskaraldiak, «ordura arte ez-ohikoak ziren erabilera mota batzuk normalizatu eta legitimatu» ditu jendartean. Esaterako, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta %75,9 ondoren.

Partaidetza zabala

Zupiriaren esanetan, helburu nagusia hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea duenez, Euskaraldiak «herriz herriko eta auzoz auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen du». Adostasun handia biltzen du eta hori du indarguneetako bat.

Arakamak erantsi du euskararen gaiak agenda sozial, politiko eta komunikatiboan lehentasunezko lekua hartzen duela ariketaren ingurumarian.

Elkarlana eta gobernantza eredu berriak

Arakamak azpimarratu duenez, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat entitate aritzen dira. Antolaketa konplexua da, eta gobernantza eredu berritzailea eta interesgarria ekarri du. Eredu horretan sakontzea izango da hurrengo Euskaraldiaren beste helburuetako bat.

Prentsaurrekoan bildutako kideek gaineratu dutenez, euskararen biziberritze prozesu hau erreferentzia garrantzitsua da munduko beste hainbat hizkuntza komunitaterentzat.