NAIZ

Donostiako San Silvestre, GARArekin korrika

Donostiako San Silvestrek eta GARA egunkariak, beste urte batez, elkarlanerako hitzarmena berretsi dute. Lasterketan izen emateko, NAIZeko harpidedunek %50eko deskontua izango dute, astearte honetatik aurrera eskuratu daitekeena.

Donostiako San Silvestreko antolatzaileekin sinatu du elkarlanerako hitzarmena GARAk.
Donostiako San Silvestreko antolatzaileekin sinatu du elkarlanerako hitzarmena GARAk. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

GARAk eta Donostiako San Silvestrek bien arteko hitzarmena sinatu dute aurten ere. Betiko moduan, lasterketa herrikoia hilaren 31n egingo da Gipuzkoako hiriburuan. Une honetan iaz baino 800 parte hartzaile gehiago izen emanda daude nagusien lasterketan. Guztira, oraingoz, 3.482 dira, eta horietatik %44 emakumezkoak. Umeen proban %60ko igoera izan da; 334 izen emanda daude eta 600ekin itxi egingo da.

NAIZeko harpidedunek, astearte honetatik aurrera, %50eko deskontua izango dute harpidedunen txokoan. Beraz, ez aukera galdu urtea korrika amaitzeko!

Hain zuzen ere, gazteenak izango dira lehendabizi korrika egingo dutenak, hilaren 24ean, 16.00etatik aurrera. Tradizioari eutsiz, helduenek urtea bukatzeko egingo dute korrika, abenduaren 31n, 14.00etatik aurrera. 7,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute –Amara auzoko Easo plazan hasi eta buka–, urteari amaiera ematen dion egun aski berezia modu osasuntsu batean eta, era berean, festa gogoz hasteko.

Elastikoa, dortsala eta txipa egun bat lehenago hartu ahalko dute lasterketako parte-hartzaileek Amarako frontoian.

Asteazken honetan, abenduaren 20a, goizeko 11.30ean, Donostiako udaletxean egingo dute aurkezpen ekitaldi ofiziala eta bertan zehaztuko dituzte lasterketaren xehetasun eta ezaugarri gehiago.