NAIZ

50 bat ikasle eskolarik gabe gelditzeko arriskuan jarri ditu Beskoitzeko Herriko Etxeak

Beskoitzeko ikastolak baliatzen duen lur sailari dagokion alokairu kontratua hautsi ondoren herriko ikastolan jarduten duten 50 bat haur heldu den ekainetik aurrera eskolarik gabe izateko arriskuan jarri ditu Fabienne Ayensa auzapezak. «Ez dugu ihes eginen«, oharrarazi dute gurasoek.

Fabienne Ayensa, Beskoitzeko auzapeza, eskua altxaututa, hitzarmena uztearen aldeko bota emanez.
Fabienne Ayensa, Beskoitzeko auzapeza, eskua altxaututa, hitzarmena uztearen aldeko bota emanez. (Guillaume FAUVEAU)

Beskoitzeko Udalak herriko ikastola oraindik ere egoera zailagoan jartzen duen deliberoa hartu du bart. Ikastolak baliatzen duen lur sail komunalaren gaineko hitzarmena bertan behera utzi duelako Fabienne Ayensa auzapeza buru duen udal Gobernuak.

Hala, ekaina bukaeran, kurtsoa amaitzerakoan, hemendik eta ordurarte beste konponbiderik lortzen ez bada, ikastolako 50 bat haur eta haien familiek, baita bertan lan egiten duten irakasleek ere, ez dute gehiago eskolan sartzeko baimenik izango.

14 hautetsik bozkatu dute alokairu kontratua bertan behera uztearen alde, eta beste lauk kontra.

Erabakiarekin haserrea azaldu da Marie-Jose Jocou zinegotzia. Auzapezari «herritarrekin harturiko engaiamenduei» uko egin izana egotzita bere dimisioa eman du hautetsiak.

Julen Jauregi: «Ez dugu ihes eginen»

Ildo beretik, delibero horren atzetik Ayensaren bulkada dagoela salatu du Julen Jauregi ikastolako aitak. Ikastola sortu zenetik murgiltze ereduan jarduten duen ikastetxeak izan ditu «gaineko lehendakari guztiek bezala» udalak eginiko bilkurara bertaratu zen bart gauean.

Gaur eguerdian, NAIZekin mintzo, heldu den ostegunean Seaskareki eginen duten bileran aztertuko dute zer irtenbide eman egungo egoerari baieztatu du Jauregik. Edonola ere, ohar argia utzi du. «Ez dugu ikastolatik ihes eginen, salbu gure haurrendako hobeagoa den egoera batera bagoaz», adierazi du Beskoitzeko ikastolako aitak.

Gurasoek etsita hartu dute Udalaren erabakia, haien erranetan Udalak hartu duen deliberoaren bidez ikastolaren itxiera bilatzen duelako.

«Gure seme-alabak mundu eder batean babesten ditugu, baina ohartzen dira gainean dugun arriskuaz», gaineratu du Jauregik «gurasoendako soilik ez baita haurrentzat ere» kolpe latza dela Udalak harturiko erabakia aitortuz.

Mikael Dacharry ikastolako kolehendakariak gaur goizean France Bleu irratian salatu duenez, «50 bat haur kanpoan uzteko erabakia ezin da bi minututan hartu».

Biltzarraren lehen puntua zen ikastolarena eta udal Gobernuak fite hartu zuen 2013. urtean lau bat haurrekin abiatu zen hezkuntza egitasmoa kinka larrian jartzen duen erabakia.

Hitzarmenik gabe, urtez urte gero eta ikasle gehiago errezibitu dituen ikastola, gaur gaurkoz 50 bat haur izatera iritsi arte, uztailetik landa baimenik gabe geldituko da.

Ika-mika luzea

Beskoitzeko ikastola eta Udalaren arteko ika-mika duela parte bat urte hasi zen. Une mingotsak bizi dira geroztik, esanetarako, haur kopurua gaindituta zela aldarrikatu ostean, ikastokako 3 urteko haur bat eskola publikora bazkaltzera joatera behartu zuenean Herriko Etxeak.

Lehen unetik agerian gelditu da Udalak ez duela ikastola handitzeko plana begi onez ikusten.

Espazio faltari aurre egiteko hainbat aurrefabrikatu plantatu dituzte azken urtetan ikastolako arduradunek. Hala, bosgerren etxola ezarri zutenean «baimena eskatu gabe harturiko aldebakarreko erabakia» salatu zuen tokiko erakundeak.

Arazo teknikoak eta, bereziki, haurren segurtasuna bermatzeko baldintzarik eza, horiek izan ditu aipagai Udalak ikastolaren garapenari traba jartzeko orduan.

Hirigintza irizpidetara ez dela egokitzen ikastolako eraikin berria egiteko plana defendatu du udalak. Argudio horiek berretsi zituen berriki bere webgunean plazaratu zuen agirian.

Ikastolako ordezkarien esanetan, aitzakiak baizik ez ditu ezarri Herriko Etxeak.

Hala ere, baldintza teknikoetara egokitzeko egitasmo berria aurkeztea onartu zuen Seaskak. Hala eman zuen jakitera urrian eginiko agerraldi batean bere lehendakari den Peio Jorajuriak.

Era berean ikastolako handitze planari trabak jartzeari uzteko galdegin zuen eta lurraldeko hautetsiak eta eragileak gatazka konpontzearen alde inplikatzeko beharra aldarrikatu zuen Jorajuriak.

Danborrada Ttipia antolatuz hauspoa eman zion Seaskak deiadarrari, euskararen geroa Beskoitzen jokatzen dela oroitarazteko.

Etchegaray atsekabeturik azaldu da

Behin baino gehiagotan elkarrizketak abiatzeko galdera egin dute Beskoitzeko ikastolako  gurasoek.

Haien eskaera bideratzeko hitza eman zien, lehenik, herrian bisitan zen Julie Charles prefetak, baina bitartekaritzak ez zuen emaitzik eman.

Badira aste batzuk, berriz, Euskal Elkargoko lehendakari den Jean-Rene Etchegarayren laguntzaz ate bat zabaldu zen, udal Gobernuko kide batek ontzat eman zuelako gurasoekin biltzeko eskaera.

Seaskak albiste pozgarria txalotu zuen. Izan ere, herrian eginiko manifestazioaren bidez 2.500 euskaltzaleren sostengua jaso zuten gurasoek ez dute geroztik berririk izan.

Kazeta.eus atariak jaso du Jean-Rene Etchegarayen erantzuna. Atsekabez hartu duela erabakia aitortu du Euskal Elkargoko buruak.

Estatuaren ordezkaria den heinean Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) kidea den suprefetarekin harremanetan jarri dela Beskoitzeko krisiaren bilakaera aipatzeko jakitera eman du Etchegarayk, beste behin ere bere bitartekaritza eskaini diela bi aldeei irtenbide bat xerkatzeko.

Etchegarayen esanetan, «egoera honetan, bada udalerri baten zilegitasuna nahi dituen erabakiak hartzeko, eta baita lurralde osoan egin nahi den hizkuntza-politika bat ere». Bere ustez, Euskal Herriko mapan ezin da izan ikasleen burasoek egin eskaerei erantzuten ez dion herri bat.

Bilera Seaskarekin

Bart harturiko deliberoari nola aurre egin gogoetatu beharko dute gurasoek. Bihar bertan Seaskak deituriko bilerara bertaratuko direla jakitera eman dio NAIZi Julen Jauregik.

Ikastolako mugimenduaren zein euskalgintzaren hauspoa izanen dutela zalantzarik ez.

Udalak aurrera atera zuen bozketaren berri jakin bezain pronto, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak edota Euskal Herriko Ikastolen Federazioak sostengu mezuak plazaratu zituzten sare sozialen bidez.

Aldez aurretik, 2024ko maiatzaren 12an Senpereko aintziran iraganen den Herri Urratsen bestaren 41. edizioan bilduko den dirua Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko baliatuko duela hitza emana zuen jada Seaskak.