Alessandro Ruta

Rimet Kopa, munduko lapurketa orain dela 40 urte

1983ko abenduaren 19an urrezko garaikurra desagertu zen. Brasilek betirako irabazia zuen 1970an, baina Rio de Janeiro-n bertan hiru lapurrek eraman zuten saria. Ez zen berriz azalduko, lingoteak bilatakuta amaitu zen mende erdiko ametsa.

Rimet Kopa, 1930tik 1970ra inork betirako eskuratu ez zuena.
Rimet Kopa, 1930tik 1970ra inork betirako eskuratu ez zuena. (Wikimedia Commons)

Rimet Kopa eta Munduko Kopa sinonimoak dira: aldatzen den gauza bakarra garaikurra da. 1970. urtera arte futbol munduko txapeldunak Rimet Kopa lortzen zuen.

Izen hori zuen FIFAko presidente frantziarrak nazioen arteko lehiaketa sortu zuen, 1928. urtean. Eta bere lagun Abel Lafleurri, Cartier-en lan egiten zuelarik, eskulan berezi bat egitea eskatu zion.

Eskultorgileak material ezberdinak (urrea eta zilarra) eta estilo batzuk nahastu zituen (Art Déco, klasizismoa , Liberty...) eta Rimet Kopa delakoa sortu zuen: ez zen handia, ezta astuna ere, 4 kilo eta 30 zentimetroko garaikur hori, baina sekulako xarma zuen.

Are eta lilura gehiago arau batekin erditu zutelako: Munduko Txapelketa hiru aldiz irabaziko zuen taldeak betirako gordeko zuen garaikurra. Eta hori gertatuko zen, ia mende erdia pasata, 1970ean, Mexikon Brasilek Italia gainditu ondoren: 4-1 markagailuan, Pelé, Boninsegna, Gerson, Jairzinho eta Carlos Albertoren golen ondorioz.

Garaikurra betirako jabetzeko talderik egokiena zen 1970. urteko Brasil hura, bost «10ekin» osatua

Ze nolako selekzioa, 1970eko Brasilgo hura: gogoan dago oraindik ere bost «10ekin» zelairatzen zelako, benetako aurrelaririk gabe alegia. Izenak? Itzelak: Pelé, Rivelino, Tostao, Jairzinho eta Gerson, gehi Clodoaldo, bera ere nahiko ofensiboa baina hamaikako hartan «bolante» gisa kokatuta.

Garaikurra betirako jabetzeko talderik egokiena zen, ordura arteko historiako onena seguraski. Eta Pelé izar nagusia gainera, bera ere hiru aldiz Rimet Koparen irabazle (Suedian, Txilen eta Mexikon) hamabi urte eskasetan.

Pelé, Mexikon Brasil nagusitu ondoren. (Wikimedia Commons)


Baina 1970. hartatik hamahiru urte pasata, zoritxarrez, hainbeste urtez borrokatutako ametsa desagertuko zen, betirako desagertu ere. 1983ko abenduaren 19an gertatu zen.

Lingoteak

Orain alde batera utziko ditugu Pelé, Rivelino eta beste txapeldunen oroitzapenak, eta Rio de Janeiroko Brasilgo Federazioaren egoitzera joko dugu. Orain dela 40 urteko gau hartan, 21ak aldera hain zuzen ere, hiru gizon bertan sartu ziren eta.

Lagun haien ezizenak bitxiak ziren, futbolistenen antzerakoak: Peralta, Luis Bigode eta Chico Barbudo. Buruan helburu zehatza: Rimet Kopa lapurtzea. Peraltak asmatu zuen ideia: banketxe batean lan egiten zuen eta urreaz asko zekien. Edo behintzat hori adierazten zuen.

Hiru horien artean, bakoitzak zeregin bat zuen betetzeko: langile bat gatibu hartzea, Kopa bereganatzea eta handik lehenbailehen ihes egitea.

Asmatutako plana borobil-borobil atera zitzaien lapurrei. Azken finean, inork ez zuen horrelako bat-bateko gertaera bat sumatzen. Baina jada 1966an, Munduko Txapelketa jokatzen ari zen bitartean, saria «desagertu» egin zen Ingalaterran; orduan berehala txakur batek, Pickles izenekoak, berreskuratuko zuen parke batean.

Pickles txakurraren omenezko plaka. (Wikimedia Commons)


Orain, aldiz, hainbeste maitatutako kopa betirako desagertuta. Nolatan? Hiru lagunek beste konplize bat zuten, Argentinan, eta gizon honi esker Rimet saria urtuko zuten. Imajina dezakegu momentu batez garaikurra zatikaturik, gero zenbait lingote bilakatzeko.

Gaur egungo 15.500 euro poltsikoratuko zuten hiru lapur haiek eta beren laguntzaile argentinarrak, egia esan urre «gutxi» zegoelako garaikurran

Eta hori guztia, zenbait diru lortzeko? Gaur egungo 15.500 euro poltsikoratuko zuten, lau pertsonen artean banatzeko. Egia esan, urre «gutxi» zegoen kopan, 1,8 kilo baino ez.

Galera Brasilentzat izan zen, jakina: herri osoa harro zegoen kopa horretaz eta orain guztiz desagerrarazia zen. 1984. urtean Poliziak Peralta atxilotuko zuen, eta honek dena aitortuko zuen. 2003an hil zen arte bere irudia munstro baten gisa ikusi zuten brasildarrek. Eta Rio de Janeiroko egoitzean garaikur handiaren kopia triste bat geratu da.