NAIZ

Zubietatik Artaxoara bidalitako hondakinei buruz azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Lakuari

Zubietako erraustegitik Artaxoara bidalitako hondakinetan atzemandako irregulartasunei buruzko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk Lakuako Gobernuari.

Arantxa Tapiaren departamentuari azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk.
Arantxa Tapiaren departamentuari azalpenak eskatu dizkio EH Bilduk. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zubietako erraustegitik Artaxoako Ecofert Sansoain enpresara bidalitako hondakinetan Nafarroako Gobernuak atzeman dituen irregulartasunei buruzko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok Lakuako Gobernuari. Zehazki, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiari zuzendu zaio, haren departamentuari baitagozkio erraustegiaren jardueraren gaineko kontrola eta inspekzioa.

Oterok nabarmendu duenez, «Jaurlaritzak erantzun beharreko galdera asko uzten ditu nafar Gobernuaren salaketak, are gehiago kontuan hartzen badugu gaur egun Nafarroan irregulartasunak aztertzen ari direla eta epaitegiak Zubietan ustez egindako delituak ikertzen ari direla Lakuak jasotako datuetan oinarrituriko salaketen ondorioz; hau da, ikerketa horiek Jaurlaritzaren eskuetan dagoen informaziotik abiatu dira».

Nafarroako Gobernuak Legebiltzarrari baieztatu dionaren arabera, Zubietako erraustegiak hondakin likidoak oker kalifikatuta bidali zituen Artaxoara. 

EH Bilduk gogoratu duenez, «kodea okerra izan ala ez, Gipuzkoako Ingurumen Konplexuak ez zeukan baimenik hondakin mota hori ekoizteko, Zubietatik ukatu egin dutena, 190812 LER kodedun hondakinak kudeatzeko baimena 2022ko azaroan eskatu zutelako, argudiatu dutenez».

Edonola ere, Oteroren iritziz, «badira horren harira harridura sortzen duten hainbat kontu, erraustegiak 2022ko maiatzean sinatu zuelako kontratua Artaxoara 190812 LER kodearekin hondakinak bidaltzeko, hau da, zabor mota hori sortu eta kudeatzeko balizko baimena eskuratu baino lehen».

Gainera, «hondakin mota bati LER kode jakin bat egotzi aurretik, behar bezala karakterizatu behar da, beharrezko analisiak egin behar dira, sustantzia kutsatzaile edo arriskutsurik ez duela egiaztatzeko. Guk dakigun arte, ez dago konstantziarik karakterizazio honen inguruan».

Oteroren esanetan, hori egin gabe, araudiaren arabera, «hondakin arriskutsutzat jo beharko zen Zubietatik eratorritako lixibiatua». Eta hori guztia ongi eginda ere, erantsi du, «debekatuta dago Zubietakoa bezalako plantetatik ongarriak sortzen diren plantetara bidaltzea».

Beraz, horren guztiaren inguruan azalpenak eskatu dizkio Tapia sailburuari.