Gernikako Sare Feministak agerraldia egin du larunbat honetan udaletxe aurrean. Hirurehun lagun ingururen babesarekin, Gernika KESB klubeko zuzendaritzak Mario Lopezen kontrako salaketaren aurrean erakutsi duen jarrera salatu dute, entrenatzaile ohiaren inpunitatea bermatu dutelako, prebenitzeko neurrik hartu gabe eta sexu erasoak salatu zituen emakumearen biktimizazioa areagotuz. Horren aurrean, esku hartzeko eskatu die klubaren harremana duten eragile guztiei.
Erasoak salatu zituen emakumeari «babes osoa» helarazi ondoren, gogor kritikatu du klubeko arduradunen portaera, sexu erasoak prebenitu eta horien aurrean neurriak hartu behar zituzten horiek «gezurretan eta erasotzailea babestuz aritu» direlako. «Arazoa da erasotzailearen hitza eta izen ona beste ezeren gainetik jarri dutela», adierazi dute.
Salaketaren berri izan zuenetik klubak ez duela ezer egin azpimarratu du: «Mariori sinistu eta besoak gurutzaturik gelditu ziren». «Ez zuten kezkarik izan entrenatzaile horrek haurrekin zein emakumeekin bere botere eta aginte posiziotik harremana izaten segitzeko, inpunitate osoz aritzeko», erantsi dute, eta jarrera horrekin «zuzendaritzarentzat haurrak eta emakumeak jazartzea» kezkatzeko eta neurri prebentiboak hartzeko motiborik ez dela adierazten dutela planteatu dute.
Zehaztu dutenez, ez zuten ezer egin uztailaren hasieran, Gernikako Sare Feministak jakinarazi zienean esku artean zeukatena ez zela jazarpen kasu bat baizik eta «adin txikiko bati sexu eraso iraunkorreko kasu bat», ezta jokalari batzuk Lopez klubetik kentzeko eskatu zutenean seguru sentitzen ez zirelako edota arrazoi horiengatik jokalari batek taldea uztea erabaki zuenean.
Nabarmendu dutenez, «egin duten gauza bakarra Mario Lopez babestea izan da, publikoki zein pribatuki, erasoaren tamaina gutxietsiz, ezjakintasun faltsuaren atzean ezkutatuz». Erantsi dutenez, egungo zuzendaritzak ardura zuzena izan du Lopezek izan duen inpunitatean, eta egun, salaketaren aurrean, «ez du fitxik egin, ez erasotua izan den pertsonaren erreparazioari begira, ez eta balizko eraso gehiago prebenitzeari begira».
«Ezin dira postuetan segitu»
«Ezin dute egun bakar bat ere euren postuetan segitu», adierazi du talde feministak, eta zuzendaritzaren jarrera hori ere biolentzia dela gogorarazi du. Horren aurrean, dei egin die «euskal zein Espainiako saskibaloi federazioei, sponsor guztiei, klubeko bazkideei zein diru laguntza eman edo instalazioak uzten dituzten administrazio publikoei euren esku dagoena egin dezaten egoera hau ez luzatzeko».
Beste «oharpen» bat izan du Gernika-Lumoko Udalarentzat, «kasua publikoki ezagutu denetik erakutsi duen ardura falta» kritikatzeko. «Berandu, oso berandu erantzun du ohartxo batekin, gaitzespen soil bat eginez. Udalak ere gertakari larri hauen aurrean erantzun eta erabaki irmoak hartu behar» dituela nabarmendu dute.