Hamar urte egin ditu lursail publikoan Beskoitzeko ikastolak. Lau haurrekin hasi zen ikastetxeak urtetik urtera haur gehiago bildu ditu, aurten 51 ikasle dituelarik. Ikasle kopuruak gora egin ahala prefabrikatutako moduluak gehitu behar izan dituzte gurasoek.
Handitze lanak beregain hartzeko prest azaldu da ikastola baina Fabienne Ayensa auzapezak bide hori moztu du udala eta ikastetxea lotzen duen hitzarmena bertan behera utziz.
Beste konponbidea atzeman ezean, 2024ko uztailean, behin kurtsoa amaituta, ikastolarik gabe geldituko dira ikasleak.
Egoera horri irtenbidea ematea ezinbestekoa dela adierazteko protesta irudimentsua egin dute abenduaren 26 honetan Beskoitzeko ikastolako gurasoek.
Olentzeroren laguntzarekin ikatza utzi diete udal gobernua osatzen duten hautetsiei.
Desfile berezia
Auzapezek eramaten duten xingola jantzia zuen 'Astaña' -kartoizko astoa- paratu da segizioaren aurrean. Bere gibelean 13 ardi irudikatu dituzte ikastolako lagunek.
Oroitzearren ikastolaren geroa airean utzi zuen udal bileran horrela pasatu zen ikastolari dagokion bozketa.
Bertze lau hautetsi horren kontra azaldu ziren, ordea. Udalaren bileran bertan Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocou.
Olentzero kesu agertu da! Ikatza banatu die. Azken hitza, burasoek ukanen dutela afera hortan 51 ikasleentzat eta ez herriko etxeak pic.twitter.com/WoI6qnzdma
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) December 26, 2023
'Euskal Irratiek' ekimenari buruz egin duten kronikaren arabera 'Beskoitzen ikastola' oihuak entzunarazi dituzte protestarekin bat egin duten hamarnaka auzok udal plazan.
'Ayensa: Hitza hits' leloa idatzia zuten kartelak erakutsi dituzte hainbat lagunek.