NAIZ

Asironek «begirunea, lasaitasuna eta poza» eskatu die iruindarrei ostegunerako

Ostegunean hartuko du Iruñeko alkatetza Joseba Asironek, goizean egingo den zentsura mozioaren bidez. EH Bilduren hautagaiak ezberdin pentsatzen dutenenganako begirunea, lasaitasuna eta ospatzeko poza eskatu die herritarrei.

Ostegun eguerdian izango da Iruñeko Udalean zentsura mozioa eztabaidatzeko bilkura, Joseba Asironek alkatetza berreskuratuko duen eguna. Asteazken arratsalde honetan bideo bat zabaldu du X sare sozialean EH Bilduren hautagaiak berak eta bertan iruindar guztiei «begirunea, lasaitasuna eta poza» eskatzen die.

Asironek nabarmendu du biharkoa «ospakizun eguna» izan behar dela, «eta ez konfrontaziorako eguna». «Garai berri bat irekitzen duen eguna da, iritsi daitezkeen probokazioez gain, zorionerako eguna», kontatu du. Azken egunetan gero eta gehiago ari da gaiztotzen giroa hiri buruzagian, eta horregatik eskatu du «ezberdin pentsatzen dutenekiko errespetua, batzuen haserrearen aurrean neurritasuna lasaitasuna eta lortu dugunarekiko poza, baina batez ere, etortzear dagoenarekiko poza».

Aipatu du jende asko egongo dela ostegunean Iruñera begira, eta bakoitzak bere ikuspuntua transmititu nahiko duela gaineratu du; horren aurrean iruindar guztien aukera dela adierazi du: «Hiriaren irudi onena helarazteko aukera». Horregatik, Alkatetzaren aldaketa ematen den unean «alaitasunez merezi duen ongietorria» emateko deia egin du: «Honek guztion garaia izan behar du».

11.30erako deialdi herritarra dago egina Udaletxeko plazan, «Ospatu dezagun elkarrekin aro berri baten hasiera» lelopean.