NAIZ

Gipuzkoako Aldundiak 1,1 milioi euro bideratuko ditu GHEak kaltetutako abeltzainentzat

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) eragindako kalteak konpentsatzeko 1,1 milioi euroko bideratuko ditu Gipuzkoako Aldundiak abeltzainen sektorera. Laguntzak bi konpentsazio lerro ditu, heriotzarengatik konpentsatzioa eta gaixotasuna gaindituta, ondorioak gainditzeko.

Larraulgo baserri batera egin du bisita Mendozak behi azienden dirulaguntzen berri emateko.
Larraulgo baserri batera egin du bisita Mendozak behi azienden dirulaguntzen berri emateko. (Iñigo Uriz | FOKU)

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) jotako abeltzaintza sektorerako aparteko laguntzetara 1,1 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Aldundiak. Hasierako deialdian aurreikusitako zenbatekoa 400.000 eurokoa bazen ere, jasotako eskaeren kopuruak nabarmen gainditu zuen zenbatekoa eta ondorioz, 710.000 euroko gastu gehigarria onartu zuen Diputatuen Kontseiluak. Eider Mendoza ahaldun nagusiak azaldu du neurri horrek aukera emango diela jaso dituzten eskaera guztiei erantzuteko.

Asteazken goizean Larraulgo Larrola baserria bisitatu du Mendozak Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin batera. Jon Tejeriak eta Eider Arozenak esne behien ustiategi bat kudeatzen dute, Gipuzkoan gaitzak kaltetuetako bat izan zen.

Mendozak azaldu du laguntza horien helburua behi azienda duten baserritarrei laguntzea dela, GHEk eragindako krisiaren ondorioz ustiategiek jasaten dituzten zailtasun soziekonomikoak arintzeko. Adierazi duenaren arabera krisi horren ondorioz, animalia errendimenduak murriztu egin dira, eta, osasun tratamenduaren eta arretaren kostuek, eta heriotza tasek, gora egin dute. Gizarteari dei egin dio, «gure baserritarrak babes ditzan tokiko produktuak kontsumituz, bai Gabonetan eta baita aurrerantzan ere».

Deialdiak bi konpentsazio lerro dituela mahaigaineratu du: «Bata, animalien heriotzarengatik konpentsatzeko, eta bestea, behin gaixotasuna gaindituta, haien ekoizpen eta/edo ugalketa egoeran izandako ondorioengatik konpentsatzeko». Laguntzen lehen lerroak 600 abelburu baino gehiagoren galerari erantzungo dio; bigarren lerroak, berriz, 3.000 buru baino gehiagori eragingo die. Arrutik etorkizunean «konfiantza» duela adierazi du, eta legegintaldi honetan «baserritarren errentagarritasuna, lehiakortasuna eta bizi baldintzak hobetzea» helburu dutela zehaztu du.

Bilakaera positiboa

Gipuzkoako behietan lehen aldiz irailaren 5ean detektatu zen birusa, eta gaixotasuna azkar hedatu zen lurralde osora. Kontatu dute iraila eta urria izan zirela hilabete zailenak, «olatu» handienak orduan izan baitziren, eta urri bukaeran, euria iritsi eta tenperaturak jaitsi zirenean, egoera hobetuz joan zen, nahiz eta gora-behera batzuk izan ziren.  Gipuzkoan 900 ustiategi baino gehiago izan dira kaltetuak, estimazioen arabera. Azken asteetan ia ez da kasurik erregistratu eta ez da heriotzarik izan: «Nolanahi ere, adi jarraituko dugu, eta zuhurtzia handiz jokatu, agerraldi gehiago gertatuz gero ere», adierazi du diputatuak.

Bestalde, sektorearekin etengabe elkarlanean jarraitzearen beharrizana azpimarratu dute, «lehen sektore indartsu bat funtsezkoa da klima aldaketari aurre egiteko eta elikagai jasangarriak bermatzeko, besteak beste».