NAIZ

Fortuna Handien gaineko aldi baterako zerga onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Ostegun honetan onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zerga. Aldeko 25 boto, 22 abstentzio eta 3 ezezko izan ditu.

Jokin Perona Finantza diputatua, 2018ko erreforma fiskalaren berri emateko asteazkenean egin zen bileran.
Jokin Perona Finantza diputatua, 2018ko erreforma fiskalaren berri emateko asteazkenean egin zen bileran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Fortuna Handien gaineko Aldi Baterako Elkartasun Zerga aplikatuko duen premiazko Foru Araua onartu dute ostegun honetan, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos taldeen aldeko botoekin. 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetuko dira eta 14,5 milioi eurotik gorako ondasunek ordainduko tipo altuena, %3,5ekoa.

Araba eta Bizkaiako ganberek hilaren 15ean onartu zuten zerga hau, baina atzerapenez iritsi da Fortuna Handien gaineko zergaren baiespena Gipuzkoan; EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PPren ezezkoekin. Zerga hau Ondarearen Gaineko Zergaren osagarria izango da eta aldi batez aplikatuko da.

EAEko hiru aldundietan eman dio ezezko botoa PPk aberatsenak zergapetzeko neurriari, baina Gipuzkoaren kasuan, harago joan eta osoko zuzenketa aurkeztu zion EAJk eta PSEren lehenengo zirriborroari, esanez zergak diru gutxiegi bilduko zuela –300.000 eta 400.000 euro artean biltzea aurreikusten zuen lehenengo proposamenak–, baina bilketa oparoagoa izateko proposamenik egin gabe.

Elkarrekin Podemosek, aldiz, bai, EAJ eta PSErekin akordioa erdietsi eta Fortuna Handien gaineko zergaren tipoak igotzea lortu zuen, irabazi gehien dituzten eta, beraz, zerga gehien ordaintzea dagokion tartearen atalasea 16 milioitik 14,5 milioira jaitsiz. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako aberatsek gutxiago ordainduko dute Estatuko sistemaren eraginpean daudenen aldean. Izan ere, Gobernu espainiarrak EH Bildurekin akordioa egin ostean onartu zuen Fortuna Handien gaineko Zergak 10,6 milioi eurotik gorako diru-ondasunak zergapetu ditu tipo maximoarekin (%3,5arekin).

Ostegun honetan Batzar Nagusiek onartu dutena, beraz, honakoa da: 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetuko dira eta lau tarteko tarifa izango du. Hala, %1,70eko tasa aplikatuko da 3,2 milioi euroko likidazio-oinarritik aurrera; %2,10ekoa 6,4 milioi eurotik aurrera; %2,50ekoa 12,8 milioi eurotik aurrera eta %3,5ekoa 14,5 milioi euroko likidazio-oinarria gainditzen den kasu guztiean.

Fortuna Handien gaineko Zerga aldi baterako izango da, eta 2023ko ekitaldian bertan aplikatuko da; hau da, 2024ko errenta-kanpainan.

52 milioi euroko eragin negatiboa

Gipuzkoako Aldundiak onartu duen foru-arau horrek Fortuna Handien gaineko zergaz besteko neurriak ere jasotzen ditu. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak aurkeztu ditu neurriok, eta adierazi du «egungo testuinguru ekonomikoak gure eskumen fiskala aplikatu behar duela, gure herritarren finantza-sendotasuna eta ongizatea bermatzeko, eta, bereziki, kolektibo ahulenak bermatzeko».

Hala, azaldu du foru dekretu proiektuaren helburuen artean, tasa eta balio katastralak eguneratzea jasotzen dela, %2,5ean. PFEZaren tarifaren deflaktazioa ere aurreikusten da eta %2,5 igoko litzateke, urrian Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak EAEko hiru lurraldeetarako adostu bezala.

Neurri fiskalen multzoak 52 milioi euroko eragin negatiboa izango du zerga-bilketan, Peronak ohartarazi duenez. Hala ere, Gobernu Kontseiluak ostegun honetan onartutako neurriak urtarrilean egingo den Batzar Nagusien osoko bilkuran berretsi beharko dira. Neurri horien aplikazioak, behin lege-proiektua onartuta, atzeraeragina izango du 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Europatik urrun, EH Bilduren ustez

EH Bildu saiatu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Fortuna Handien gaineko Zerga zergadun aberats gehiagok ordaindu zezaten eta diru kopuru handiagoak jar zitzaten, Nafarroan lortu zen adostasun zabalararen bila. Subiranisten proposamenak aurre egingo balu, onartu den proposamenarekin bilduko liratekeen 2,5 milioi euroak baino gehiago jasoko lituztkete aldundiek, EH Bilduk segurtatu duenez.

Haritz Perez batzarkidearen arabera, errealitatea argia da. «Gipuzkoan eta Euskal Herrian Europan baino presio fiskal baxuagoa dugu, ia bost puntuko aldea Europako batezbestekoarekiko eta alde bikoitza Europako herrialde aurreratuenekiko. Eta erabaki honek, duen eragina mugatua bada ere, Europako batezbestekotik urruntzen ditu herritarrak. Europako herrialde aurreratuenen presio fiskaletik urruntzen gaituzue Gipuzkoako ondare aberatsenei mesede egiteko».