Joseba Salbador Goikoetxea
Elkarrizketa
Anjeles Iztueta
Gaindegiako batzorde zientifikoaren koordinatzailea

«Euskal Herriko adierazle estrategikoen inguruko Kongresua antolatuko dugu 2024an»

Ibilbide berrian Gaindegiak izango duen berrikuntzarik aipagarriena batzorde zientifikoaren sorrera izan daiteke, aurrerantzean plazaratuko diren ikerketa txostenei sinesgarritasuna eta fidagarritasuna emango diena hain zuzen. Anjeles Iztueta da batzordearen koordinatzailea.

Anjeles Iztueta, Gaindegiako batzorde zientifikoaren koordinatzailea.
Anjeles Iztueta, Gaindegiako batzorde zientifikoaren koordinatzailea. (Jon URBE | FOKU)

Gaindegiak adierazle sozioekonomikoen sistema berritzea eta eguneratzea erabaki du. Zergatik?

Hogei urte dira Gaindegia abian jarri zela. Hasieran, metodologia aldetik Euskal Herriko datuak eskuratzea eta bateratzea ez zen erraza, baina azkenean lan bikaina egin da. Euskal Herri osoko datu-talaia landu da, baita Atlas interaktiboak ere. Gogoeta interesgarri eta monografikoak ere egin izan dira, baita prospektiba eta etorkizunari begirako hausnarketak ere, beti ere estatistika ofizialetan oinarrituz. 

Teknologia ere asko aurreratu da. Datuak taula eta grafiko interaktiboetan eskaintzen dira. Horrela irakurleak, ikerlariak, ikasleak berak bere kabuz datuak irakurtzen ditu eta gogoetarako askoz aukera gehiago ditu.

Zabalkunde euskarriak askotarikoak dira eta asko hobetu dira. Software irekian lan egin daiteke. Digitalean prestatzen dira, euskarri askotarako –PC, tablet ,telefono, eta baita paperean PDF bertsio laburrak ere–. Sare sozialetan zabaltzen dira azkar eta hartzaile askotara…

Datu estatistiko ofizialak eskurago daude gaur egun. Zein dira Gaindegiak erabiltzen dituen datu iturri nagusiak?

Estatistika datu ofizialen artean, EUSTAT, NASTAD eta INE, Ipar Euskal Herrian INSEE baina esparru geografiko zabalagoan (Novelle Aquitania, Aquitania, eta Midi Pyrineess…). Era berean, eskura izan ditugu baita ere bost Komertzio Ganbaretako datu ekonomikoak: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baiona. Baita EUROSTAT eta OCDEko datuak ere.

Zein da Gaindegiako batzorde zientifikoaren egitura eta 2024rako aurreikusita duzuen plangintza?

Euskal Herri osoko esperientzia handiko 15 pertsonak osatzen dugu batzordea. Disziplina desberdinetakoak: ekonomia, ingurumena, soziologia eta gizarte zientziak, data zientziak eta estatistika, teknologia… Emakume eta gizonezkoak, eta lurralde guztietakoak osatzen joango gara.

Eta 2024an egiteko nagusia? Euskal Herriko Adierazle Estrategikoen inguruan egingo dugun Kongresua. Kongresu honetan Euskal Herriko zein Nazioarteko hainbat adituk parte hartuko dugu. Modu presentzialean eta streaming bidez antolatuko nahiko genuke… Hori izango da Batzorde Zientifikoaren egiteko nagusia 2024 urtean zehar.

Zein izango dira Kongresuaren lerro nagusiak?

Gaur egun estatistika sozio-ekonomikoen kontzeptua eta BPG kontzeptua bera asko zabaldu da eta asko garatzen ari da «kontu sateliteen» edota «kontu zabalen» metodologia. Estatistika datuen iturri ofizialak ere asko zabaldu eta garatu dira… Beraz, datuak aukeratu egingo ditugu arkitektura kontzeptual estrategiko eta berritzaile baten ikuspegi edo talaiatik.

Egitekoa Batzorde Zientifikoari dagokio, baina bertan planteatu genitzakeen gai batzuk hauek izan daitezke: Ongizatearen  neurketa estatistikoa BPGrekiko; Ingurumen jasangarriaren neurketa estatistikoa BPGrekiko; Ekonomia jasangarriaren  kontzeptuen gauzatze estatistikoa; Zaintza lanen balorazio ekonomikoa BPGrekiko; Giza kapitala: demografiaren oraina eta geroa, emigrazioa eta migrazioak, piramideak (adin egiturak, jaiotze tasak, adinekoen gero eta pisu handiagoa), kulturaniztasuna eta euskera; Teknologia berrien erabilera eraginkorra Gaindegian, bai produkzioan, bai komunikazioan, bai zabalkundean…; Euskal Herriko Datu Talaia: gutxienez, zein datu bildu, bateratu eta eskaini beharko genituzte? Bai fitxategi gisa, bai taula interaktibo gisa, bai atlas interaktibo gisa… Zeintzu datu? Zein arkitekturatan? Norentzat?

Batzorde Zientifikoko kideak:

• Anjeles Iztueta, matematikaria, Eusko Jaurlaritzako saIlburu ohia, EUSTATeko goi teknikaria, Batzorde Zientifikoko koordinatzailea

• Mikel Navarro, Deustuko Unibertsitateko irakasle emeritua, Orkestra institutuko ikertzaile senior elkarkidetua

• Martin Larraza, Enpresen Kudeaketako Katedraduna eta erretoreordea Nafarroako Unibertsitate Publikoan

• Alberto Alberdi, Ekonomian doktorea EHUtik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Aurrekontuen arloko sailburuorde ohia

• Helena Franco, Ekonomia irakasle eta ikertzaile ohia EHUn, Gipuzkoako Ekonomia eta Ogasuneko Diputatu ohia

• Julen Bollain, Garapenaren inguruko ikerketetako Doktore, irakasle eta ikertzaile Mondragon Unibertsitatean

• José Jabier Zurikarai, zuzendari-orde koordinazio teknikoa eta difusiorako, Eusko Jaurlaritzako EUSTAT institutuan

• Izaskun Andueza, Lan Sozialean doktorea eta Soziologian Lizentziatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzailea

• Dascon Juhane, Doktore Lurralde Garapenean, Bidarten lekututako ESTIA ingenieritza eskolako ESTIA Tech aholkularitza konpainiako zuzendaritzako kide  

• Francisco J. ‘Kiko’ Caballero, Zuzenbidearen Filosofiako katedradun emeritoa EHUn, pilotari garaipentsua  eta Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria ohia

• Jaione Etxeberria, Matematikan lizentziatua EHUn eta Estatistikan doktorea UPNAn, irakasle eta ikertzaile bigarren honetan

• Unai Pascual, Ingurugiro Ekonomian doktorea, BC3ko Ikertzailea, mundu mailako aldizkari zientifikoetako artikulugilea

• Arantza Díaz de Ilarraza, katedradun kontratatu emeritoa EHUn, Lengoaiaren Prozesamendua eta Adimen Artifizialean aditua

• Joseba Makazaga, doktorea Informatikan, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifizialeko irakaslea EHUn, ordenadore bidezko irudigintzan aditua

• Ramon Zallo, Ekonomia eta Komunikazioko katedradun emeritua EHUn, kultur industrietan aditua, Jaurlaritzako Kultura saileko aholkulari ohia