Alaia Sierra
Elkarrizketa
Iñaki Etxeberria
Eroskiko salmenta zuzendaria

«Gabonetan saltzen diren produktuak eta kontsumitzeko ohitura daukagunak mantendu egiten dira»

Eguberri eta Urteberriaren arteko egunetan NAIZekin elkarrizketan, Eroskiko salmenta zuzendaria den Iñaki Etxeberriak Gabonetako salmenten balantzea egin eta prezioetan gorabehera ohiturak mantentzen direla azaldu du. Gainera, pandemiak ekarritako salmenten murrizketa aurten nabarigaitza dela dio.

Iñaki Etxeberria.
Iñaki Etxeberria. (Utzitakoa)

Lehenengo egun hauek pasata, zer nolako balantzea egiten duzue Gabonetako erosketei buruz?

Orain arte nahiko ona. Guretzat Gabonak abenduko zubian hasten dira, 6 eta 8ko jaiegunetan. Hor hasten da guretzat Gabonetako salmenta. Jende asko ibili zen eta salmentak oso onak izan ziren, eta joan zen asteko 22 eta 23ko egunetarako salmentak oso ondo joan ziren. Orain arte, behintzat, ondo doa.

Gauza bera espero duzue egun hauetan?

Bai. Lehenengo egunak izaten dira pixka bat lasaiagoak, 26a eta 27a, baina 28tik aurrera berriro hasten dira salmentak mugitzen gabon zahar eguna eta urte berriko egunak egiteko. Espero dugu hortik aurrera ere salmentak ondo joatea.

Inflazioa kontuan hartuta, beste urte batzuekin alderatuta egun hauetako erosketak aldatu direla esango zenuke?

Ez. Gainera, Eroskin egin duguna izan da, inflazio hori gainditzeko, produktu askotan 2021eko prezioak mantendu. Orduan, 2022ko eta 2023ko inflazioa preziora eraman gabe, Gabonetako erreferentzia askotan 21eko prezioa mantendu dugu. Beraz, hortik ez dugu asko nabaritu. Gero, uste dut dauzkagun ohiturak nahiko finkoak direla eta hori aldatzea zaila dela. Gabonetan saltzen diren produktuak eta kontsumitzeko ohitura daukagun produktuak mantendu egiten dira. Arkumea, azpizuna, legatza, betiko ganbak, ganboiak... horrelako produktuak beti saltzen dira eta aurten ere ez dugu ezer berezirik nabaritu.

Orduan ez da, esate baterako, itsaski gutxiago saltzen eta ez dira saltzen diren produktuak aldatu.

Ez, ez dira aldatu. Gainera estazio guztietan. Itsaskiak edo arrain bereziak, arkumea, txerrikumea... horiek asko saltzen dira Gabonetan eta aurten ere horiek saltzen dira. Bada, baliteke produkturen bat gutxiago saltzea, baina orokorrean denak antzera ari dira saltzen.

Zeintzuk dira gehien saltzen diren produktu horiek?

Harategian, zalantzarik gabe, azpizuna eta arkumea, bi horiek. Gero, hor tendentzia bat dago duela urte batzuk hasi zena; kapoia eta pulardak bezalako hegazti bereziak gero eta gutxiago saltzen dira. Arkumea eta txerrikumea ere asko saltzen dira. Hori aurten ere horrelaxe da. Itsaskiak, ganboiak, langostinoak eta almejak arraindegian. Piszifaktoriako arrainak ere bai, lupia edo erreboiloa, nahiko prezio onean egoten direlako. Piszifaktorian hezitakoak dira eta prezioa hobeto mantentzen dute eta gero eta gehiago saltzen dira. Gero, beste arloetan tipikoak, errege-opila, edarietan xanpainak, cavak, ardo bereziak, almibarrak ere bai.

Aipatu dituzu 2021eko prezioak, baina 2020an pandemia hasi zenetik zer nolako bilakaera izan dute Gabonetako erosketek?

Pandemian zerbait aldatu zen. Gehienbat gutxiago saldu zen; orduan bai nabaritu zen, formatu txikiagoak saltzen ziren, elkartzeko aukera gutxiago zelako. Bakoitzak egon behar zuen bere etxean eta kontsumoa pixka bat gutxitu zen, eta hortik aurrera ez dugu asko nabaritu. Uste dut ohitura azkar errekuperatu dela. 2022an Gabon normala izan zen eta aurtengoa ere normaltasun osokoa. Pandemia aurreko ohiturak berehala berreskuratu ditugu.