Gaurko Euskal Herria ezagutu, etorkizunekoa eraikitzen hasteko
Ingurumen politika, industria eredua, zaintza sistema… Asko dira azken urteetan gure gizartean zabaldu diren gaurkotasun handiko eztabaidak. Egungo egoera ahalik eta modu zehatzenean azaltzen duen «argazkia» egin eta hausnarketarako bidea zabaltzea dira Gaindegia berriaren erronka nagusiak.
Pandemiak sortutako egoeraren eraginez, Gaindegiak bere jarduera eten zuen 2020ean eta, bi urtez «hibernazioan» egon ondoren, indarberrituta itzuli da aurten. Zuzendaritza batzorde zabalagoarekin, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datuak osoki hartzen dituen argazki sozioekonomikoa eskaintzen jarraituko du, baina gogoeta kualifikatua ere sustatuko du etorkizuneko Euskal Herriaren oinarriak jartzen hasteko.
Alde batetik, zuzendaritza talde berria eratu dute, ikuspegi sozial eta politiko anitzagoa duena. Horrela, hamabi kide dituen behin betiko zuzendaritza taldea osatzea lortu dute. Lehendakaritza Iñaki Dorronsororen eskuetan egongo da, idazkaritza Xabier Oleagaren eskuetan, eta diruzaintzaren ardura Joxe Mari Sorsena izango da. Zuzendaritza batzordeaz gain, Gaindegiak bazkideen batzarra ere izango du eta hori osatzeko kanpaina berezi bat jarriko dute abian.
Horrekin batera, lehen ez zegoen batzorde zientifikoa sortu dute, «gure txostenen garantia zientifikoa bermatzeaz gain, inspirazio iturri ere izango dena. Ez da organo erabakitzale bat izango da, baina bai aholkularitza organo funtsezko bat». Anjeles Iztueta da batzorde zientifikoaren koordinatzailea.
Jardun eremuari dagokionez, Gaindegiak adierazle sozioekonomikoen dibulgazioarekin jarraituko du, Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko gaurkotua izateko (une honetan 28 adierazle biltzen dituena). Jakina denez, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datuak eskualdeka eta bere osotasunean hartzen ditu Gaindegiaren txostenak, eta aurrerantzean ere hala izaten jarrituko du.
Hala ere, bi urteko eten horretan gogoeta sakona egiteko denbora izan dute. Xabier Oleaga idazkariak azaldu duenez, orain arte lau zutabetan oinarritzen zen beren ikerketa –demografia, gizartea, formakuntza eta ekonomia– eta iaz ingurumenaren zutabea gehitzea erabaki zuten, gizartean kezka pizten duten gaiak jorratzeko.
Horretaz gain, txosten horren emaitzen dibulgazioa egiten jarraituko dute, jendartean eta interes-gune izan daitezkeen tokietan (eragile sozioekonomikoak, administrazio publikoak, unibertsitatea…). Hala ere, oraingoan garrantzi handia emango diote eztabaida eta gogoeta aktiboa sustatzeari.
Iñaki Dorronsoro lehendakariak gaineratu duenez, «zalantzarik ez dago gizartea eboluzionatzen ari dela eta adierazle horiek egoera berrietara egokitu behar dutela. Horregatik, hausnarketa horiek egiteko, batzorde zientifikoa «oso garrantzitsua» dela nabarmendu dute.
Azkenik, mugaz gaindiko arlo sozioekonomikoan ekimen zehatzak lantzeko eta bultzatzeko asmoa azaldu ere du Gaindegiak, (mugaz gaindiko enpresak, elkarteak, elkargo profesionalak…).
Hogeigarren urteurrena
Gaindegiaren itzulera une berezi batean iritsi da, izan ere datorren urtean behategia sortu zeneko hogeigarren urteurrena beteko da. Xabier Oleagak azaldu duenez, «aurtengo neurketa egin egingo dugu, batezere hogei urteko ikuspegi osoa eduki ahal izateko, baina gure asmoa da 2024tik aurrerako neurketak batzorde zientifikoak finkatutako estatistika-irizpide berriekin egitea».
Horrela, hogei urteko datuak osatzen dituztenean, eta txosten orokorrarekin batera, arreta jarriko dute kezka handiena sortzen duten adierazle zehatz batzuetan. «Hiruzpalau emaitza interesgarrienak aukeratuko ditugu eta horien inguruko eztabaida sustatuko dugu, bai publikoki, baina baita eragile sozio-ekonomikoen artean ere: enpresak, sindikatuak, mugimendu sozialak… Hau da, ez bakarrik gauza horiek aztertzera dedikatzen direnen artean, baizik eta interes-gune izan daitezkeen eragileen artean».
Hogei urteko ikuspegi horretan, Gaindegiak zenbait mugarri aipatu ditu Euskal Herriko bilakaera sozioekonomikoan: 2004ko egoera politiko gatazkatsua, 2008ko krisialdi ekonomikoa, 2011ko ETAren desagertzea, 2020ko pandemia eta 2022ko Ukrainiako gerra. «Pandemiak eragin zuzena izan zuen osasungintzan, baina agerian utzi zuen baita ere kanpotik genuen mendekotasuna. Ukrainiako gerrak, aldiz, energiaren mendekotasuna jarri zuen erdi-erdian, eta egoera berri horiek aztertu behar dira».
Zuzendaritza batzordeko kideak:
• Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntzako kidea), lehendakaria
• Xabier Oleaga (Gaindegiaren sortzaile taldeko kidea), idazkaria
• Joxe Mari Sors (Elkar Fundazioko lehendakaria), diruzaina
• Anjeles Iztueta (Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia eta Eustat-eko goi teknikaria), Batzorde Zientifikoaren koordinatzailea
• Angel Rekalde (Nabarraldeko kidea)
• Carlos Etxeberri (ekonomia arloko kazetari aditua)
• Malen Domínguez (MonzonLabeko kidea)
• Rafa Díez (Gaindegiaren sortzaile taldekoa)
• Edurne Larrañaga (Ipar-Hegoa fundazioko kidea)
• Eguzki Urteaga (EHUko soziologia irakaslea)
• Itziar Moreno (Agirre Lehendakari Centerreko kidea)