Eztabaida dagoeneko mahai gainean dago, eta Gaindegiak sakonki aztertu nahi du gaia, eztabaida hori datu zehatzetan oinarritutakoa izan dadin. Zuzendaritza taldeko kideen iritziz, «oso garrantzitsua iruditzen zaigu ezagutzea ze pisu duen Euskal Herrian ekonomia sozialak, ekonomia pribatuak, ekonomikoki kontabilizatzen ez diren lan sozialak…».
Zaintza publikoen eskakizunak, esaterako, greba orokorra eragin du aurten. Gaindegiaren iritziz, behar-beharrezkoa da egungo egoera zein den aztertzea eta zaintzen publikotasun eskakizun horrek Euskal Herriko ekonomian izango duen eragina neurtzea, sostengarria izan daitekeen jakiteko».
Zentzu horretan, Gaindegiak beharrezkoa ikusten du eztabaida zabaltzea eta beste alternatiba batzuk ere aztertzea, adibidez, kooperatibena edo irabazi asmorik gabeko erakundeena. «Denok bat gatoz osasuna, hezkuntza edo zaintzak unibertsalak izan behar dutela esaterakoan. Goazen aztertzera zein izan daitezkeen hori lortzeko formularik egokienak», azaldu dute Xabier Oleagak eta Iñaki Dorronsorok.
Ingurumena da Gaindegiaren etapa berrian hausnarketa sustatu nahi duten beste gaietako bat. Oleagaren hitzetan, «2022ko neurketa egin genuenean, Euskal Herria CO2 isurketa gehien dituen herrialdeetako bat dela esan genuen. Baina horrek gure produkzio-sistemara ere bideratzen du eztabaida, isurketa handi horiek gure industria-ereduaren eraginez sortzen baitira. Eta gure ongizate maila industria eredu horretan oinarrituta dagoenez, eztabaida eta hausnarketa oso interesgarriak sortu daitezke».
Ingurumenaz gain, 2022ko txostenak beste arreta gune bat ere ekarri du, demografiarena hain zuzen. Gaindegiako neurketek agerian utzi dituzte Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasun handiak, bai jaiotze-tasari dagokionez, etorkinen jatorriari dagokionez, landa-eremuko populazioaren garapenari dagokionez… Horrek guztiak, agerian utzi du 3,1 milioi biztanleko herri txiki batean zer nolako politika desberdinak gauzatzen ari diren eta ze emaitza desberdinak eragin dituzten.