NAIZ

Ziburuko badian desagertu ziren bi arrantzale senegaldarrei omenaldia egin diete

Berrehundik gora herritar bildu dira gaur arratsaldean Zokoako gotorlekuan, joan zen astean haien arrantza-itsasontziak hondoratu zenean desagertu ziren bi arrantzaleei omenaldia eskaintzeko. Arcachonen bizi den senegaldar komunikateko ordezkaritza zabala heldu da.

Isilean, kantuz, baita loreak itsasora jaurtiz ere, betikotu dute bi desagertuen memoria, Zokoan.
Isilean, kantuz, baita loreak itsasora jaurtiz ere, betikotu dute bi desagertuen memoria, Zokoan. (Guillaume FAUVEAU)

Landetako Arcachon hiriko portuan izena emana zuen Cycnos arrantza-ontzia abenduaren 21tik 22ra arteko gauan hondoratu zen Zokoako diketik hurbil.

Istripuaren ondorioz, arrantza-ontziaren patroia larriki eraman zuten Baionako erietxera. Alta, berarekin batera lanean ziren beste bi arrantzaleak itsasoan gelditu ziren.

Sokorri zerbitzuek ezin izan zuten deus egin jatorriz senegaldarrak ziren Karamo eta Mustapha N'Dong marinelak salbatzeko.

Gaur, abenduaren 29an, berrehundik gora lagun bildu dira Zokoako gotorlekuan itsas herriak bi arrantzaleei eskainitako omenaldian.

Lapurdiko kostako arrantza zerbitzuetako ordezkariak baina baita Arcachonetik heldutakoak ere batu dira une hunkigarriez beteriko ekitaldira.

Karamo N'Dongek 58 urte zituen eta Mustapha N'Dongek 30. Abizen berdina zuten biak ala biak nahiz eta familia berekoak ez izan. Ez bederen agiri ofizialei erreparaturik.

Izan ere, Mikel Epalza arrantzaleen omonierrak agerian jarri duenez, «itsas jendearen artean anaitasun hariak azkarrak dira».

«Nire apez lana da jendea laguntzea dolua gainditzen, elkartasuna eginez, berdin euskal herritarrak ala senegaldarrak izan, itsasoak ez baitu jendea ezberdintzen», gaineratu du Zokoako apezak.

Gaurko ekitaldian desagerturiko marinelen hainbat senidek hartu dute parte, eta Arcachonen dagoen senegaldar komunitatearen ordezkaritza zabala heldu da Zokoara.

Lan istripuak bete-betean kolpatu dituen arrantzaleen gertukoekin batera «lanbide gogor baten gorabeherak» gertutik ezagutzen dituzten ziburutar anitz bildu dira, isiltasuna gordez, tarteka kantuen bidez edo loreak itsasora jaurtiz, joan direnen memoria betikotzeko.

«Ziburu bere arrantzaleen izerditik eraiki den herria da eta normala da marinel batzuk hiltzen direnean omenaldi bat egitea», gaineratu du Eneko Aldana-Douat auzapezak.

Bidasoaren bi aldeetako eskifaietan

«Bidasoaren bi aldeetan senegaldarrek osatzen dute arrantza-ontzien eskifaia» nabarmendu du, bestalde, Arcachoneko Udaleko ordezkariak ondoan izan dituen alkate abertzaleak.

Donibane Lohizuneko auzapez den Jean-François Irigoyenek, bestalde, itsas istripuaren berri izan eta berehala arrantzaleen bila aritu ziren itsas salbamenduko kideak gogoan izan ditu.

Itsasoan galdu zirenen gertukoei elkartasuna agertzearekin batera sokorri zerbitzuetako lagunentzat esker oneko hitzak izan ditu Irigoyenek.

Otoitzak, euskaraz eta arabiarrez, entzun dira emozio handiarekin iragan den ekimenean, baita arrantzaleen lan baldintzak hobetzeko beharrari buruzko aldarrikapenak ere.

Lapurdiko kaietan lan egiten dutenen sostengu beroa jaso dute arratsalde honetan senegaldar komunitatearen ordezkariek. Aho beretik lan baimenak errazago lortzeko premia dutela urrutitik arrantzale gisa lan egitera heltzen direnek agerian jarri dute.