Gauerditik 22 minutu pasa direnean jaio da Martina, Euskal Herrian 2024 honetan jaio den lehendabiziko haurra. Mendaroko ospitalean jaio da aurreikusi bezala joan den erditzean, eta Nagore ama eta biak ondo daudela adierazi dute Mendaroko ospitaletik. Martina 3,550 kiloko pisuarekin jaio da.
Ia ordubete beranduago, 1.20ean, jaio da Bizkaiko lehendabiziko haurra. Barakaldoko Gurutzetan jaio da Noa, Mayra eta Unairen lehendabiziko haurra, 3,300 kiloko pisuarekin.
Aitak EFE agentziari adierazi dionez, erditzea luzea izan bada ere, ondo joan da. Hala ere, jaiotzeko presa izan du haurrak, urtarrilaren 7rako espero baitzuten. Mayrak, baina abenduaren 31ko goizaldera sumatu zuen Noa bazetorrela eta urte berriarekin eman diote ongi etorria.
Bizkaian jaio den bigarren haurra Lur izan da, 2.40etan, Basturtuko ospitalean. Lur 3,470 kiloko pisuarekin jaio da.
Pixka bat gehiago itxaron behar izan da Arabako lehen haurrari ongi etorria emateko. Txagorritxuko ospitalean jaio da 4,640 kiloko pisuarekin, eta goizeko lehen orduan gurasoek oraindik ez zuten argi ze izen jarriko dioten.
Nafarroan, berriz, ez da haurrik jaio 2024ko lehen orduetan. Julen iritsi da mundura 15.00ak pasata, Nafarroako Ospitalean. Tafallako bikotea baten semea da.