2023ko urtarrilaren 7an, Cecilia Marcosek eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuela komunikatu zuen Realak. Urtebete beranduago, aurrelari donostiarra deialdian sartu da eta zelairatzeko aukera izango du berriro.
Lesioaren albisteak min handia sortu zuen bezala, poz bereziki handiaz ospatu da bere itzulera. Izan ere, bi denboraldi luze eman ditu Ceciliak ia ezer jokatu gabe, 2021eko irailean lesio bera izan baitzuen ezker belaunean. 2021/22 denboraldi hartan ez zuen berriro jokatu eta hurrengoan hamaika partida baino ezin izan zituen jokatu lotailua berriro hautsi aurretik. Oso kolpe latza edozein kasutan eta are gehiago bere ibilbide profesionalaren lehen urratsak ematen ari den jokalari gazte batentzat.
Baina aurrekoa gainditu zuen bezala, bigarrena ere utzi du atzean. Eta prozesu luze honek ikasgai utzi dio besteen gainetik, jokalariak berak azaldu duenez: «Gauza txikiei garrantzia ematea. Taldearekin entrenatzea, entrenamendua bukatu, bidaiatu... Uste dut ez garela konturatzen zer ondo gauden ondo gaudenean». Hori da, beraz, bere asmoa hemendik aurrera eta urte berriari eskatzen diona, urte «normala» izatea. Hau da, «taldearekin egotea, jarraitutasuna eta egonkortasuna izatea... batez ere lesioei dagokienez, azkenean hori baita gehien gustatzen zaizuna egiten uzten ez dizuna, taldearekin egotea eta futbolean jokatzea», azpimarratu du.
Igande honetan ekingo dio bide berriari eta «pixka bat urduri» dagoela aitortu du. «Taldearekin lan egiten hasten zarenean, hasieran gehiago kostatzen zaizu hanka sartzea baina konfiantza hartzen zoaz, ausartzen, azkenean bakarrik irten arte, pentsatu gabe. Baina orain sentsazio onak dauzkat, solte eta eroso sentitzen naiz eta garrantzitsuena hori da, lesionatuta egon zarela pentsatu ere ez egitea».
Natalia Arroyo enteenatzaileak «oso pozik» dagoela esan du ere. «Epe guztiak oso ondo gaiditu ditu eta ondo ikusten dut, sartuta, lehiatzen... Igandean minutuak baditu, ikusiko duzue zein ondo dagoen». Taldearentzat albiste pozgarria dela uste du ere, donostiarrak «asko eskaintzen duelako. Desorekatzeko gaitasun handia dauka, asistentziak, erdiraketak eta jaurtiketak ateratzeko... Aurkaria asko baldintzatzen du. Aurkaria bere zelaian daukagunean, espazio txikietan gauzak ateratzeko gaitasuna dauka eta partida irekiagoa bada, hegazkin bat da».