Lidl enpresak Olaberriko dendako langile bat kaleratu duela jakinarazi du LAB sindikatuak. «Kaleratze hau, abenduaren 7 eta 9an langileek aurrera eraman zuten grebaren ondorio gisa kokatzen dugu», adierazi du.
Ostiral goiz honetan, ‘Kaleratzerik ez’ zioen pankarta baten atzean, elkarretaratzea egin dute supermerkatuaren atarian, bertan 25 urte lanean zeramatzan langileari elkartasuna adierazi eta enpresaren jarrera salatzeko. «Ez zioten ezta lankideak agurtzen utzi», deitoratu dute.
«Onartezina da hartu duten erabakia, mendekuan oinarritua izan delako eta langileok greba egiteko dugun eskubidea urratzen duelako. Elkartasun osoa adierazi nahi diogu langileari eta horretarako, elkarretaratzea egin dugu Olaberriako saltokiaren aurrean», adierazi dute sindikatutik.
Langilea bere lanpostura bueltatzeko eskatu dute bertaratutakoek. Jakinarazi dutenez, hurrengo ostiralean, urtarrilak 12, elkarretaratze berri bat egingo dute supermerkatuaren atarian.
Langile bat kaleratu dute Olaberriko Lidl supermerkatuan. LABek deituta protesta mobilizazioa izan da gaur eguerdian #LIDL #Kaleratzea #Despidoa #LAB #Olaberria pic.twitter.com/slSrKsXvuS
— Gotzon (@GotzonAr) January 5, 2024