Magiaz beteriko arratsaldea bizi izan da larunbat honetan Eibarko Astelena pilotalekuan. Erakustaldi aparta eskaini dute lau pilotariek, Altuna eta Elordik aurrean eta Martija eta Rezustak atzeko kuadroetan zein zuloak ederki tapatuz, defentsa ona erakutsiz.
Boladaka jokatu da partida eta dema ez da erabakita ikusi azken txanpara arte, urdinak 17-18 aurretik jarri diren arte, lau tanto takada batean eginda. Halaxe izan da partidaren bilakaera, unean unean bikote bat nabarmetzen zela. Oraintxe, gorriak ziruditen nagusi; gero, urdinak.
13-9ko gorrien abantaila iraultzera ere iritsi dira urdinak (13-17) baina takada batean beste lau tanto egin dute gorriek, 17-14 aurreratzeko. Sentsazio hobeak zituzten gorriek baina partidako azken etenaldi luzera urdinak joan dira aurretik, 17-18, norgehiagokak izan dituen gorabeheren erakusle.
Elordiren bi gantxok aurkeztu dute magiaz beteriko partida baten aurrean geundela, ondoren Altunak partida berdintzeraino. Erritmo biziko hasiera izan da, Amezketakoaren ustetan pilotak ere egokiak zirelako erritmo altuko partidarako. «Horrelako partidarekin ikuskizuna ziurtatuta dago», adierazi du partida bukaeran, Martijarekin batera txapelketako laugarren puntua eskuratu berritan, denak erreskadan.
Amezketako aztiak errekurtso guztiak erakutsi ditu hasieran, bi paretak, ezker zearra, gantxoa... Bost tanto jarraian egin eta gorrien hasierako abantaila ezerezean uzteko (2-5). Aurreko kuadroetan jokatu dira lehen tantoak. Mallabiakoak gantxoan aurkitu du urdinak urduri jartzeko baliabidea eta arerioak erreplikatuz, lau tanto jarraian egin dituzte gorriek, 8-7 aurreratzeraino.
Partida erabat estutu da, tanto bakoitza gehiago lantzera eraman baitute lau pilotariek, atzelarien akatsa bilatuz. Martija zein Rezustak, baina, sekulako erakustaldia eman dute atzean –Astelenera hurbilduriko zaleek ospatu egin dituzte atzera astindutako pilotakadak–. Etxeberriko atzelariari lana pilatuta eta gantxoan errematatuta, 10-8koa egin du Elordik eta Altunak txokoan utzitako batekin markagailuko aldea murriztu duen arren, gorriak nagusi izan dira lehen etenaldira bitartean (12-9).
Martijaren segurtasuna
Defentsatik erasora igaro dira gorriak 12. tanto horretan, partidako luzeenean. Martijak, 10etik, sotamanoz eraman du pilota baina ezin izan du erantzun Elordik ederki moztutakoa. Aldageletatik bueltan ere Mallabiakoarena zen aginte makila baina atzean, Rezustaren laguntza higatzen joan da, Martija erosoago jokatzen hasi den bitartean. «Bigarren zatian asko gozatu dut. Beñatek asko eman dio hasieran baina bigarren zatian gustora aritu naiz, pilotarekin ere asmatu dugu», onartu du Etxeberriko atzelariak. Pilota bakar bat ere ez du galdu bizkaitarrak eta bi egindakorekin bukatu du partida.
«Asko jokatu dute, guk ere dena eman behar izan dugu. Hasieran ongi sentitu naiz, gero taktikoki ez nuen asmatzen. Hasieran ez nuen asmatzen mozten eta Aitor hobeto ibili da. Garaipen latza», azaldu du, bestalde, Altunak.
Hamabi tanto egin ditu Amezketakoak, horietatik erdiak airez, bai eta kantxa erditik sartutako gantxoekin ere (17-16). Mallabiakoa ere fin ibili da airez (7 tanto egin ditu) baina azken txanpan beherakada izan du. 17-14koarekin partida menderatuta zeukatela zirudien, baina pilota aldatu dute urdinek eta 7 tanto jarraian eginda (17-21), garaipena ederki bideratu dute urdinek, atzean sendo eta aurrean errematatzen asmatuta.
Fitxa teknikoa:
Elordi-Rezusta 18
Altuna III.a-Martija 22
Pilotakadak: 546 pilotakada. Iraupena: 63:28 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 2-5, 3-5, 3-6, 4-6, 5-7, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 10-8, 10-9, 11-9, 12-9, 13-9, 13-10, 13-13, 13-14, 14-14, 17-14, 17-17, 17-21, 18-21 eta 18-22. Sakeak: 0 Elordik eta 1 Altunak. Egindakoak: 611 Elordik eta 2 Rezustak; 12 Altunak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 65 Elordik eta 3 Rezustak; 5 Altunak eta 0 Martijak. Gorabeherak: Eibarko Astelena pilotalekuan jokaturiko dema, giro apartean.