Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos
Elkarrizketa
Karmele Jaio
Idazlea

«Maitasunean badago zulo beltz bat beldurra ematen diguna irekitzea»

Literaturan, musikan eta artean asko landutako gai bati heldu dio Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) azken liburuan. Maitasuna, hitz potoloa. «Kapitala» hitzarekin lagundu du, esanahi anitz eman nahian orriz orri aletu duen istorioari.

Karmele Jaiorekin elkarrizketa, «Maitasun kapitala» liburuaz.
Karmele Jaiorekin elkarrizketa, «Maitasun kapitala» liburuaz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gai konplexu bezain landua jorratzen du Karmele Jaiok “Maitasun kapitala” liburuan. Azkar etorri zaio erantzuna irakurleen artetik, hala aitortu digu Gasteizen izandako elkarrizketan. Norbera ispilu baten aurrean jartzea bezalakoa da bere azken lanaren irakurketa. Teoria feminista ongi ezagutu arren eta maitasunaren, hobeto esanda, maitatzen erakutsi diguten moduaren, inguruan dena dakigula uste arren, leku deseroso batera irits daiteke bat Olga protagonistaren istorioaren bitartez. Erantzunak ez, galderak eragin nahi izan ditu Jaiok. Eta zinez, lortu du.

Maitasuna asko landu den gaia da literaturan. Zergatik orain hautu hau? Eta zergatik «kapitala» hitzaz lagunduta?

Uste dut idaztera jartzen garenean ez dugula berez guztiz hautatzen gaia. Gaia nolabait dator, inguratzen zaitu. Batzuetan nolabait behartuta zaude buruan darabilzun hori idaztera. Horrela gertatu zait niri, bueltaka-bueltaka eduki dut eta beldur pixka bat ere ematen zidan gai oso potoloa delako, baina gorputzak hori eskatzen zidan.

«Kapitala» izenarenak bi zentzu ditu nire buruan. Batetik, kapitala, esateko maitasuna garrantzitsua dela gure bizitzan, onartu ala ez, ze bestela ez genuke egunero abestuko maitasunaren inguruan, ez genituzke liburuak idatziko horren inguruan eta abar. Gauza kapitala da. Kasu honetan protagonista emakume bat da eta hor maitatzeko erakutsi diguten moduak badu halako zentralitate bat. Liburuan zehar erakutsi nahi dut nolabait maitatzea ere badela ez bakarrik gauza intimo bat, baizik eta soziala. Nola maitatzen dugun bizi garen gizarteak une horretan duen arau eta mandatuen arabera. Bizi gara merkatuaren gizartean, kapitalak agintzen du gure egitura sozial honetan eta badago galdera bat airean uzten dudana, ea horrek zer eragin duen gure maitatzeko moduan gaur egun. Maitasuna konpartitzen baino gehiago ari gara kontsumitzen?

Emakumeoi maitatzen nola erakutsi zaigun, horixe nahi duzu hausnarketara ireki. Adibide ugari jartzen dituzu: porrotari eta bakarrik egoteari beldurra, hautatua izatearen garrantzia... Gauza jakinak direla pentsa liteke, batez ere feminismoak asko landu duelako gai hau, baina praktikan ez dirudi hain urrun gaudenik, ezta?

Gauzak aldatu dira eta geroz eta kontzienteago gara, gutxienez teorian, gertatzen zaigunari buruz. Hor feminismoak asko lagundu digu hitzak eman dizkigulako ulertzeko zer gertatzen zaigun. Baina beste alde batetik badago hor zulo beltz bat, pandoraren kutxa bat beldurra ematen diguna irekitzea kasu askotan. Liburuan bertan esaten du protagonistak nola berak ezagutzen dituen emakume asko, aurrerapauso oso nabarmenak eman dituztenak eremu askotan, politikan, akademian, aktibismoan... kontra egin diotenak hainbeste estereotipori, baina nola maitasunaren gaian baduten beldur bat edo ikusi nahi ez duten zerbait. Zergatik da hain zaila gai hori gainditzea nahiz eta teoria ondo ezagutu? Batetik, eremu oso intimoan gertatzen den zerbait delako eta pentsatzen dugu guri gertatzen ari zaigun zerbait dela, gauza oso pertsonala dela, oso kontziente izan gabe badela mandatu sozial bat horrela maitatzea. Egiturazko zerbait dagoela hor.

Eta gero, maitasunean ematen diren botere harremanak oso bereziak dira eta oso zailak gainditzen. Zergatik? Beste eremu batzuetan ematen diren botere harreman horiekin konparatuta, maitasunean menderatzailea eta menderatua dagoen pertsona horrek suposatzen da elkar maite dutela.

Uste dut horregatik ere izan dudala gogoa gai honi heltzeko eta konturatzen naiz irakurleek esaten didatenarekin benetan gertatzen den zerbait dela.

«Liburuan zehar erakutsi nahi dut nolabait maitatzea ere badela ez bakarrik gauza intimo bat, baizik eta soziala»

Bazegoen helburu hori lan honetan, irakurlea hausnarketa batera bultzatzea eta nolabait bere buruari galdera hauek egitea? Eta ez bakarrik emakumeei, gizonaren gabeziak ere oso agerian geratzen direlako liburuan.

Biei eragiten die. Ez dakit helburua den, baina nik behintzat idazten dudanean badut nahi bat nolabait galdera batzuk sorrarazteko. Ez erantzunak emateko, nik ez dauzkadalako, baina bai jendeari barne begirada baterako aukera emateko. Zuri ere gertatzen zaizu? Ispiluan islatuta ikusi duzu zuri gertatzen zaizun zerbait? Badago kontzientzia hartze baten nahi bat. Baita neure buruari ere.

Gizonen kasuan, ikusteko eta ulertzeko ere askotan zer gertatzen zaigun emakumeoi, eta beraiek ere ikusteko nola erakutsi dieten maitatzen, maitasunetik defendatzeko behar hori, beldur hori... Badaude txikitatik erakutsi dizkiguten lege batzuk eta uste dut eguneroko harremanetan islatzen direla.

Gorka RUBIO/FOKU
Gorka RUBIO/FOKU

Egiturazko osagai bat dagoela aipatzen zenuen, botere harreman horietan islatzen dena. Liburuan deskribatzen duzun maitatzeko era horretan aipatzen duzu, adibidez, bestea ase behar hori, bestearentzat egotea, sakrifikatzea... Beste eremu batzuetan ere gertatzen da hau, zaintzan, esaterako.

Eta dena maitasunaren izenean. Erakutsi digute izan behar garela maitalea eta zaintzailea. Horiek dira gure bi funtzio nagusiak. Ze maitatzea ere bada zaintzea. Zu zaude besteei bizitza politago eta erosoago egiteko.

Islatzen da ere oso ongi urteetan ikusezin izan diren indarkeria horiek: gutxiespena, tratu txarra... Maitasunak ustez maitasunagatik onartzen dituenak.

Maitasun harremanetan, sexu harremanetan, gauza asko gertatzen dira maitasunaz aparte. Joko zelai oso intimoa da, ezkutuan dagoena eta normalean ez duguna besteekin konpartitzen, ez dieguna ia gure lagun intimoei ere esaten. Oso zaila da hor indarkeria antzematea edo antzematen baduzu agian zure paranoia dela uste duzu. Oso eremu iluna da. Horregatik ere liburuan nahi izan dut sexu eszenak oso argiak eta gordinak izatea. Garbi ikustea zer gertatzen ari den hor. Askotan guk disfrazatu egiten ditugu gertatzen zaizkigun gauzak gure burua konbentzitzeko hau ez dela tratu txarra, egin duela asko maite nauelako edo nik beste hau egin dudala bera asko maite dudalako...

Aipatzen zenuen zenbat lagundu digun feminismoak gauza askori izena jartzen. Teoria feministaren presentzia hori ere badago liburuan. Ondo irudikatzen da emakume askok daukan teorizazio lan hori guztia eta aldi berean nola egiten duen talka egunerokoarekin.

Beharrezko pauso bat da teoria ikastea gero praktikan jardun ahal izateko, kontzientzia hartze bat egon behar da. Kasu honetan nobelan protagonistak bi laguntza handi ditu. Bata da pentsalari feministek idatzitako guztia eta agerian uzten duten guztia, izena jartzen diotena berari gertatzen ari zaionari. Eta bestea da lagunak. Ze beharrezkoa den parte hori, lagunak izatea bikote harreman batetik aparte. Badago liburuan beste maitasun horien aldarri bat. Emakumeoi erakutsi izan zaigu zentralitate hori bikote heterosexual baten baitako harremanari ematen, nolabait ere deszentralizatuz beste maitasun guztiak. Eta ze inportantea den konpartitzea lagunekin. Zergatik? Zure maitasuna ez delako zurea bakarrik, berea ere badelako modu berean. Ikustea niri gertatzen zaidan hau zuri ere gertatzen zaizula. Bakoitzak gero eramango du praktikara modu batera.

«Feminismotik lan handia egin da maitasun erromantikoaren inguruan, adibidez. Baina kontuz, maitatzeko modu bat salatzen ari gara, baina ez maitasuna bera»

Polita eta argigarria da ere ikustea nola protagonista amorratzen den ikasle gazteak berak oso ongi ezagutzen duen teoria feminista guztia mahai gainean jartzen dionean eta hainbat gauza onartu behar dituenean bere burua hor ikusten duenean. Askotan falta zaigu salto hori matea gure eremu pertsonalera; ez da horrela?

Gainera, kasu honetan amorru hori badator hor ere onartu beharreko botere harreman batzuetatik. Hitz egiten dugu askotan botere harremanez, baina gero guk ere praktikan jartzen ditugu segun eta ze egoeratan. Kasu honetan, zehazki, protagonista irakaslea da eta bestea ikasle gazte bat. Nahi nuen puntu hori ere erakutsi.

Maitasunean sinisteari uztea edo existentzia bera ukatzea versus maitasuna berrasmatzea. Dikotomia konplexua plazaratzen da liburuan.

Zer da maitasuna? Galdera potolo hori ere badago liburuan. Zaintzaren kasuan, nola aldarrikatzen ari garen gizarte bezala eta feminismotik zaintzaren garrantzia, denok daukagula zainduak izateko beharra... baina maitasuna ukitzen dugunean badirudi badagoela zailtasuna hori onartzeko. Azkenean zer da maitasuna? Zaintzea. Bestea zaintzea, zu ere zaindua sentitzea, zeure burua zaintzea... Horregatik dago talka hori ikaslearen eta irakaslearen artean. Badago modu bat esateko: kontuz! Adibidez, feminismotik lan handia egin da maitasun erromantikoaren kalteak mahaigaineratzeko. Baina kontuz, maitatzeko modu bat salatzen ari gara, bata bestearen gainetik kokatzen duena eta abar, baina ez maitasuna bera. Nik behintzat argi daukat maitasuna guztiz beharrezkoa dela gure bizitzan, zaintza den bezala. Nik nahi dut maitasunean sinistu, baina berdintasunez maitatzeko modu batean, enpatiarekin, besteari zer gertatzen zaion eta nola dagoen jakin nahian.