Naziometroak azken urteetan (Euskal Herriko datuekin) eta Soziometroak serie historiko luzeagoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin), euskal herritarren pertenentzia sentimendua jaso dute «euskal herritarra» eta «espainiarra (edo frantziarra Naziometroaren kasuan)» kategorien artean. Bi inkesten emaitzak ikusten baditugu, herritar gehienek bi identitate horiek aukeratzen dituzte nongoak sentitzen diren galdetutakoan: azken Naziometroaren arabera, %48,2 sentitzen ziren euskal herritar edo nafar eta espainiar/frantziar, eta Soziometroan zifra altuagoa zen.
Bi ikerketa horiek ekarpen oso interesgarria egiten digute atxikimendu sentimenduaren inguruan Euskal Herriko gizartean dagoen errealitatea eta bere bilakaera aztertzeko. Zentzu horretan, datuek izan duten bilakaerak adierazten digu sentimendu hauek ez direla estatikoak. Bai Naziometroko datuetan eta baita Soziometrokoetan ere, soilik «euskal herritarrak» (edo «beste» konbinazio batzuekin nahasita) kategoria pisua galtzen ari da erantzunetan. Jaitsiera hori identitate mistoetara mugitu da, «euskal herritar» eta «espainiar/frantziar» konbinatzen dituztenetara; izan ere, soilik «espainiar/frantziar» hautatzen dutenak pareko mantendu dira.
Beraz, ikerketa horiek testuinguru zehatz batean alderaketa historikoak egiteko aukera eskaintzen digute. Bada, ordea, beste ikerketa interesgarri bat eremu honetan. Gobernuaren kalitatearen Europako indizea (European Quality of Government EQI index) Europar Batasuneko herrialdeetan egindako inkesta bat da, 2021ean 129.000 erantzule izan zituena. Inkesta honen kasuan, atxikimendu mailaz galdetzen zaio inkestatuari zonalde maila bakoitzeko (erregioa, estatua eta Europa), 0 eta 10 bitarteko eskala batean.
Hala, lurralde eremu bakoitzarekiko sentimendua, atxikimendua edo identifikazioa modu mailakatuan galdetzen denez, batera edo aldi berean izaten diren sentimenduen arteko mailakatzeak ere azter daitezke; horrekin batera, EAEn eta Nafarroan gertatzen dena (Iparraldea ezinezkoa da, ez baitu datu bereizirik) Europako beste erregio guztiekin testuinguruan kokatu daiteke.
Eta zein da emaitza? Nolakoa da EAEko eta Nafarroako herritarren atxikimendu sentimendua erregioa, Estatua eta Europarekiko hiru aldagaiak elkarren artean alderatuta eta aztertutako beste erregio guztiekin konparatuta?
Oro har, erregio gehienetan ateratzen den atxikimendu hurrenkera, atxikimendurik handiena zaion zonaldetik hasi eta txikiena zaionera, honakoa da: Estatua dator lehenengo, ondoren erregioa, eta atxikimendurik txikiena Europarekiko dago. Hori da hurrenkera mapako erregioen % 45,7n. Bada, ez EAE eta ez Nafarroa ez daude kategoria horretan. Bi zonalde hauen kasuan, atxikimendurik handiena erregioari zaio. Baina beren artean ere desberdintasunak dituzte.
Erregio gehienetan ateratzen den atxikimendu hurrenkera ez da Euskal Herrian gertatzen: hemen «erregioari» ematen zaio atxikimendu handiena
Nafarroako herritarren artean, erregioari zaio atxikimendurik handiena (8,05), ondoren Estatuari (7,4) eta hirugarren lekuan Europari (7,06). Hurrenkera honetan kokatzen dira beste 57 erregio, honakoak besteak beste: Galizia, Kanariar Uharteak, Balear Uharteak, Aragoi, Errioxa, Asturias, Kortsika, Réunion, Martinika, Guadalupe, Guyana edo Sardinia.
Baina EAE ez dago kategoria horretan. EAE hirugarren kategoria batean dago, Kataluniarekin batera. Bi erregio horien kasuan, eta inkesta honen arabera erregio horien kasuan soilik gertatzen da, hurrenkera honakoa da: atxikimendurik handiena erregioari zaio, bigarren lekuan Europari, eta azken postuan gelditzen da Estatua.
Hurrenkera hori sortzearen arrazoia esan genezake bereziki Estatuarekiko atxikimendu txikia adieraztea dela. Izan ere, EAEn jasotzen da aztertu diren erregio guztien artean estatuarekiko atxikimendu txikiena, 4,3 puntukoa, eta Katalunian bigarren txikiena, 6 puntukoa. Estatuarekiko atxikimendu txikiena duten eremuen hurrenkera honetan Nafarroa 18. postuan dago 197 kasutatik.
Zer ondorio atera dezakegu datu horietatik? Lehenengo eta behin, oso zuhurrak izan behar gara datuak interpretatzerakoan eta ikerketa bakoitzerako erabili den metodologia, galderak egiteko eta datuak biltzeko modua kontuan hartu. Iturri desberdinak kontsultatuta, badirudi euskal herritarren pertenentzia eta atxikimendu sentimenduen inguruan aldaketak gertatzen ari direla dinamikoki, eta azken denboraldiko joera euskal herritartasuna eta espainiar/frantziar herritartasuna geroz eta gehiago nahastera bidean doala.
Zantzu batzuk diote Estatuarekiko atxikimendua apalagoa dela gure inguruan beste leku batzuetan baino
Era berean, Hala ere, nahasketa hori ez da orekatua. Ez dira intentsitate berdinarekin bizi. Hori nabarmenago geratzen da perspektiba geografikoa zabaldu eta testuinguru zabalago bateko errealitateari begiratzen badiogu; zantzu batzuek diote Estatuarekiko atxikimendua apalagoa dela gure inguruan beste leku batzuetan baino. Beraz, ikerketa-eremu interesgarriak irekitzen dira. Nagusiki bitan egingo genuke azpimarra. Bata atxikimendu horiek nola uztartzen diren edo nola ulertzen eta bizi diren eta zein faktore dauden graduazio desberdinen atzean, eta bestea hurrengo urteetan jazoko diren aldaketak aztertzea.