Iraitz Mateo

Euskararen bilakaera testuinguru sozial eta ideologikotik aztertu du Naroa Anabitartek

‘Things That Are (said) and Things That Are Not: A brief look at the ideological context of the Basque language’ ikerketaren liburua argitaratu du Naroa Anabitartek Renoko Unibertsitatearekin elkarlanean. Euskararen bilakaera ikuspegi sozial eta ideologikotik landu du. Ingelesez da liburua.

Euskararen bilkaera ikuspegi soziologiko eta ideologikotik aztertzen duen lana plazaratu dute.
Euskararen bilkaera ikuspegi soziologiko eta ideologikotik aztertzen duen lana plazaratu dute. (Iñigo Uriz | FOKU)

Euskararen bilakaera hautu pertsonal eta indibidualez harago, testuinguru sozial eta ideologien bidez aldatu dela uste zuen Naroa Anabitarte EHUko ikerlariak, eta hori ikertu du Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies elkartearen eskutik, ‘Things That Are (said) and Things That Are Not: A brief look at the ideological context of the Basque language’ (izenburua euskaraz: ‘Zer den (esaten) eta ze ez, begiratu labur bat euskararen ideologiari’) liburuan.

Larraitz Ariznabarreta koordinatzailearekin batera aurkeztu du liburua astelehen goizean Donostian.  Koordinatzailearen esanetan hizkuntzarekiko jarrerei testuinguru ideologiko eta erretorikoak gehitu dizkio Anabitartek. Eta «susmoaren filosofian» kokatzen du bere lana; hau da, begi bistakoa dena baino haratagoko ikuspegi kritikoa erabiltzea errealitatearen geruza sakonenak ulertzeko, itxura zalantzan jarriz eta oinarrian dauden aldagai ideologikoaz aztertuz.

Euskararen bilakaeran testuinguru ideologiak duen garrantzia ikertu du Anabitartek, eta bere ikerketa azaltzen hasi aurretik ohartarazpen bat egin du: «Giza psikologia hartzeko posizio bat hartzen dut, nire ustez testuinguru sozialik gabe ezin dira ulertu gaitasun kognitiboak, jatorri soziala kontuan hartu behar da hori aztertzeko».

Euskararen kasu zehatza interesatu zaio azterketarako: «Hizkuntza eta nazioaren loturari gehitu nahi izan diot ideologien arteko eta taldeen arteko harreman horrekin ideia horri nola gure testuinguruan kontsolidatu gabeko nazio bat izanik, gure konplexutasun diskurtsiboa handia dela gure testuinguruan, bai nazioari dagokionez eta baita hizkuntzari dagokionez».

Testuinguru soziala

Eta behin baino gehiagotan errepikatu du testuinguru sozialak etengabean duen eragina. Anabitarteren ustez euskara erabiltzearen motibazioa ez dago norbanakoaren hautuan, hots, motibazio edo jarrera aktibo hori ezin da ulertu testuinguru sozial eta ideologikoan kokatu gabe. Eta aldi berean, ideologia baten existentzia, talde sozial baten existentziarekin lotzen du zuzenean: «Ideologia seinalatuz ari naiz talde bat seinalatzen».

Terminoak definitzeko ahalegina ere egin du aurkezpenean: «Ideologiaz hitz egiten ari naizenean, boterearekin eta giza aktibitatearekin erabat lotuta ulertzen dut, ez zerbait abstraktu gisa. Elkarreragin bat ulertzen dut ideien eta ekintzen artean». Eta testuinguru soziala ulertzeko taldea zeri deitzen dion ere azaldu du: «Taldea ez dut ulertzen norbanakoen batura bezala; norbanakoen prozesu psikologikoak gehituta ez dugu analisi sozial bat egiteko erreminta nahikorik».

Esaten denari eta esaten ez denari erreparatuz, dinamismoa kontuan hartu behar dela azpimarratu du ikertzaileak, eta bilakaeran ere dinamismoa kontuan hartu behar dela. «Ideia batzuk agerian daude, eta baita isiltasun batzuk ere, ideologien indar harremanen ondorioa da hori».

Adibide praktikoak

Marko teorikoa azaltzeaz gain, adibide praktiko batzuekin egin du lotura ikerketan zehar. Esate baterako, haurrak hizkuntza bat ikasterakoan hizkuntzaren elementuez ohartzen direla azaldu du, eta ezagutza hori metatzen joaten direla: «Ikasterakoan ez du sintaxia edota gramatika soilik ikasten,  hizkuntza horren inguruko ideiak ikasten ari da, zein harreman duen beste hizkuntzekin, non erabiltzen den eta non ez…».

Orain dela gutxi puri-purian izandako afera bat jarri du bigarren adibidetzat: «1936 eta 1939 artean egondako euskal izenen debekua konparatu dut hemen orain gutxi egondako polemika batekin. Bertan, Euskaltzaindiari eskatu zitzaion definitzeko euskal izen bakoitza neska ala mutil izena zen. Hura generotik enfokatutako afera izan zen, baina nik aztertu dut nola hor atzetik badagoen jarrera inplizitua hizkuntza bat edo kultura bat bestearen gainetik ikusteko». Euskararen kasuan izenek genero marka izateak ez du zentzurik, baina eskaera horrekin beste hizkuntza baten ideologia eta bien arteko indar harremana markatzen dela adierazi du.

Euskal Herriko Txapelketa nagusiei erreparatu die kolektiboki zer esaten den eta zer isiltzen den aztertzeko. 80. hamarkadako txapeketen eta 2013-2017ko txapelketen gaiak hartu ditu, «kolektiboki erabakitzen eta lantzen direlako gai horiek». Eta herriari zein hizkuntzari lotutakoak aztertu ditu. Ondorio nagusi bat ere atera du: «90. hamarkadan herria taldearekin lotuta ikusten da, orain norbanakoarekin».

Laburpen berezi bat

Koordinatzaileak bederatzi axiomako laburpen berezia egin du aurkezpenean: «Ez da gizakirik gizartetik ez denik. Ez da gizarterik hitzez ari ez denik. Ez da hiztunik bere baitako denik. Ez da solasik erretoriko ez denik. Ez da erretorikarik ideologikoa ez denik. Ez da jardunik dialektika gaberik. Ez da dialektikarik prozesu ez denik. Ez da giza gauzarik finkatua denik. Ez da hizkuntzarik gauza finko denik».