Luis Sanchez Garat trinketeko kantxako lurrean, bere laguntzaileei hanketan karranpak dituenaren keinuak egiten, beste txokoan Peio Larralderen entrenatzailea kexaka, partida gelditzeak bere morroiari kalte egiten diolakoan. Horixe da 30. Superprestigearen irudia. Nafarrek 39-39 berdindu berri dute finala eta goraino bete den Donibane Garaziko trinketean bete duten zaleak erabat aztoratuta daude. Gupidarik gabeko final baten ostean, nafarrak partida 39-39 berdindu du eta tentsioa bere unerik gorenean da. Sakearekin aurkariak baino gutxiago asmatu duen arren (12 bote eta 14 lapurtarrak) ordura arte ahaztua zuen eskuin aldera aterata Hazparnekoa ezustean harrapatu eta azken azken unean iaz lortutako txapela defendatu ahal izan zuen aurkari beraren aurka.
Txapelerako bidea, ordea, askoz neketsuagoa izan zen aurten. Peio Larralde izan zen hasiera bikain bat jokatuta, lehen alde handiak lortu zituena. Sake errestoan bikain, bera izan zen lehen botearekin aurkaria erasan zuena, ezkerraldean eta atzealdean min handia eginez. Jokoan ere bikain aritu zen Larralde, pilota moztu edo bi paretako bikainekin, Defentsan ere sendo eta kantxa ederki betez, pronostiko guztien aurka, zulo handia ireki zuen (8-4, 15-5, 21-5).
20-0eko erantzun bat
Zalantza handiko uneak izan ziren Luis Sanchezentzat, baina buruz burukoa ez da zientzia zehatz bat eta dena goitik behera alda daiteke istant batean. Txapeldunak zaleak txunditurik utzi zituen 20-0eko partzial batekin partida irauliz. Sakearekin zehatzago, tantoak azkar amaituz eta aurkariaren pilotakadek abiadura galdu dutelarik etekina ateraz, nafarra bere legea ezartzeko moduan zirudien.
Baina ez zen halakorik gertatu. Denbora luzean noraezean aritu ostean, Peio Larraldek sendotasun mental handia erakutsi zuen ekaitzari eutsi eta aurrera egiteko. 22. tantoa egitea lortu zuenean Garateko zaleek arindu hasperen bat egin zuten. Oreka eta ikuskizuna nahi zuten eta euren desirak beteak izan ziren. Tantoz tanto Larraldek konfiantza berreskuratu eta bi pilotariek partida ikusgarria eskaini zuten (25-25, 33-33, 36-34). Hazparneko aurrelariak bi «match point» ere izan zituen 39-37 aurreratuta, baina partida amaitu ezinik aritu zen, nekeak eta argitasun faltak eraginda.
Onartzeko zaila
«Zaila da onartzen, partida amaitzeko bi aukera izan ditut eta ez diet etekinik atera. Onartzeko zaila da, baina kirolak ere hau dauka. Noski, gaur gauean buruko mina izango dut, egun batzuetan luzatuko dena, halakoetatik ikasi behar da. Luis zoriondu behar da, oso jatorra da eta asko entrenatzen du. Beti dago hobeak izatera eramaten gaituen jendea, horixe izan zen Waltaryren kasua eta Luis heldu zen eta bultzaka jarraitzen du», azaldu zuen Peio Larraldek.
Luis Sanchezek, bere aldetik, lasaitu ederra hartu zuen finala irabazita. «Lesioaren ostean, honaino heltzea sari bat zen niretzat. Ez nuen nire burua faboritotzat ikusten nahiz eta Ospital eta Ducassouri irabazteko gai izan nintzen. Peio oso sasoi onean da eta banuen finala oso gogorra izango zenaren susmoa. Galtzen nindoanean, banekien tantoak eginez eta partidari eutsiz, buelta emateko modua izango nuela. Finalak beti dira bereziak eta ikasi beharra dago, sentsazioak onak ez direnean ere jokatzen. Peio asko miresten dudan pilotari bat da eta berak ere merezi zuen irabaztea».
Edouard Mayteren agurra
Txapelak banatu aurretik, pilotazaleentzat oso ezaguna den aurpegi batek mezu hunkigarri bat izan zuen. Edouard Maytek 30. Superprestigio hau bere azkena izango zela jakinarazi zuen. Garat trinketeko eta bere astelehenetako partidetako arima, 80 urteko gizonak aginte makila beste bati uzteko tenorea heldu dela uste du. Ziur bere figura hurrengo urteetan ere oso presen izango dela trinketean.