NAIZ

Hotz bolada batek hartu du Europa

Europa osora heldu da hotza, eta hotzak eragindako ondorio latzak. Hipotermiagatik bi hildako izan dira Polonian; frantziar Estatuan, Britainia Handian zein Alemanian zero azpiko tenperaturek eragindako alertak martxan daude, baita Euskal Herrian ere. 

Suedian elurte handiak izan dira.
Suedian elurte handiak izan dira. (JONATHAN NACKSTRAND )

Bi pertsona hipotermiak jota hil dira Polonian, tenperatura hotzengatik. Hotz handia ari da Europaren zati handi bat zeharkatzen, eta frantziar Estatuan milaka auto blokeatuta utzi ditu bart Paris kanpoaldean, meteorologia zerbitzuek aurreikusi ez zuten elurte handi baten ondorioz.

Poloniak azken urteetako hotz boladarik txarrena bizi du: zero azpitik 27 gradu arteko tenperaturak izan dituzte herrialdearen ekialdeko zenbait lekutan, eta 5 zentimetro baino gehiagoko elurteak gau bakar batean. Gaur gaurkoz, bi pertsona hil dira hipotermiaren eta komunikazioetan izandako mozketen ondorioz.

Hainbat hiritan etxegabeentzako aterpeak prestatu dituzte parrokia eta zentro publikoetan, eta zenbait udal gobernuk dei egin diete herritarrei etxerik gabeko pertsonak har ditzaten egun batzuetan.

Errepideetan izotz plakak sortzeagatik izandako trafiko istripuek ere gora egin dute; Varsovia eta Gdansk lotzen dituen tranbidean atzerapenak eta etenaldiak izan dira hotzak eragindako matxurengatik.

Poloniako herrialde osoan alerta iragarrita dago hurrengo egunetarako; izan ere, aste honetan eta hurrengoan egoera berdintsua espero da, Artikotik datorren haize denboralea igaroko baita. Bieszczady mendietan (ekialdean), esaterako, haizeak 70 kilometro orduko abiadura hartzen du eta tenperaturarik beroena 12 gradu zero azpikoa da.

Ukrainan argindarrarekin arazoak

Ukrainan ere tenperatura oso baxuak daude. Karpatoen eskualde menditsuan, herrialdearen mendebaldean, termometroak 23 gradu negatibora iritsi ziren astelehen honetan. Astearte honetan, bataz besteko tenperatura -15 gradukoa izango da herrialdean.

Ukrenergo Ukrainako enpresa elektrikoak ohartarazi du kontsumoa gora egiten ari dela aste honetan hotzaren eraginez, eta erabiltzaileei eskatu die korronte elektrikoaren erabilera murrizteko, herrialdeak hornidura arazorik izan ez dezan.

Gainera, muturreko baldintza klimatikoek mila herri baino gehiago argirik gabe utzi dituzte egunotan herrialdeko bederatzi eskualdetan, aipaturiko enpresa elektrikoaren arabera.

Sueziako errepideak elurturik.
Frantzian, garraioa kolapsaturik

Negu boreala hasi eta aste gutxira, joan den astean Europako ipar-ekialdean eta iparraldean uholdeak utzi zituzten erauntsietatik elurra eta hotzera igaro da Europa, arazo ugarirekin, batez ere ibilgailuen zirkulaziorako.

Adibidez, frantziar Estatuan, Clement Beaune Garraio ministroak gaur goizean RMC irratiari egindako adierazpenetan azaldu duenez, gauean 1.000 ibilgailu inguru blokeatuta geratu ziren A13 autobidean, batez ere Parisetik irtetean.

«Meteo Francek espero ez zuen elur gertaera bat» izan zen, adierazi zuen Beaunek, baina astearte honetan bere aurreikuspenak zuzendu behar izan ditu eta, gainera, alerta laranja ezarri du Normandiako lau departamendutan eta Paris eskualdeko beste bitan, elurra eta izotza direla eta. Prebentzioz, Eure eta Loire, Orne eta Calvados departamenduetako eskola garraioak bertan behera geratu dira.

Alemanian 15 gradu zero azpitik

Alemaniako tenperaturak zero azpitik 15 graduraino iristen dira leku batzuetan, eta ia herrialde osoan zero azpiko tenperaturak daude, Renaniako eta kostaldeko zati batean izan ezik. Meteorologoek elurteak espero dituzte datorren astean.

Hotzarekin batera eguzkia dago ia herrialde osoan, eta, salbuespen gisa, lainoak daude Alpeen ondoan eta Renania Garaian (Alemaniako mendebaldean).

Ipar-ekialdeko haizeak 18 gradu baino gutxiagoko sentsazio termikoa eragiten du, Dominik Jung meterologoak wetter.net atariari esan dionez. Asteazkenetik aurrera tenperaturak apur bat gora egitea espero da, gehienez 2 gradura iritsiko dira eta gutxieneko tenperatura -7koa izango da.

Finlandian elurra mara-mara.
Finlandian elurra mara-mara.

Uholde alertak Britainia Handian

Britainia Handian ere tenperatura baxuak dituzte; gauean zero azpitik egon dira minimoak herrialde osoan, nahiz eta uholdeengatiko alertak oraindik ere badauden, joan den asteko euri-jasen ostean.

Astearte honetan Ingurumen Agentziak uholdeengatiko 116 alerta zituen aktibo, batez ere herrialdearen hegoaldean, eta beste 126 ohartarazpen ur-goraldi bat «posible» delako, hainbat tokitan ur-saturazioa dagoelako. Iragarpenaren arabera, tenperatura baxuek bere horretan jarraituko dute datozen egunetan, baina agintariek ez dute kezka berezirik azaldu.

Portugaletik Iberiar penintsulara hotza

Portugalen, bestalde, prezipitazioek eta tenperatura minimoek gora egin dute astearte honetan eta, itsas aireko masa baten eraginez ostegunetik aurrera termometroek behera egingo dutela aurreikusi dute; izan ere, zenbait puntutan zero azpitik 8 gradura irits daitezke, Eskandinaviatik datorren aire polarreko masa batekin.

Portugaleko Itsasoaren eta Atmosferaren Institutuaren (IPMA) iragarpenaren arabera, aire polarreko masa horrek Iberiar penintsulako iparraldea «pixkanaka inbadituko» du eta, ondoren, hegoaldea, eta, «ziurrenik», hotzagatiko alertak aktibatzera behartuko du Portugalgo hainbat eskualdetan, izozte arriskua dela eta.

Euskal Herrian, Aragoin, Balearetan eta Katalunian alerta ezarri dute hotz handiagatik.