NAIZ

Doinuele euskara hutsezko azoken sareak urteko egitaraua aurkeztu du

Bigarren urtez, euskarazko kultur azokek eskutik helduta azaldu dute urte berrirako programazioa, Doinuele izenpean. (H)ilbeltza, Ziburu, Literaturia, Sormene... Urtarriletik abendura, euskarazko disko eta liburuak plazaz plaza ariko dira.

Doinueleren aurkezpena.
Doinueleren aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

Euskara hutsezko azokek osatzen duten sarea da Doinuele. Iaz sortua, Baztan, Azkoitia, Zarautz, Ziburu, Hernani, Sara, Galdakao eta Lazkaoko azokak hartzen ditu barne eta, bigarren urtez, elkarri eskutik helduta aurkeztu dute aurtengo egitaraua.

«Nazio mailako sarea da gurea», adierazi dute asteazken goiz honetan Donostian egin duten aurkezpenean, eta, urtarrilean hasi eta abendura bitartean, «urte guztian zehar, eskaintza Euskal Herrikoko zortzi txokotara» eramango dutela ziurtatu dute.

«Urtebete bada sortu ginela, saretu ginela; urtebeteko esperientzia badugu, beraz. Eta 2023ko azoketan zer gertatu zen esateko moduan gara: elkarrekin ikasi egin dugu, elkarri lagundu egin diogu eta gutako bakoitza indarra hartuta, osasuntsuago gatoz aurten. 2023ko elkarlanaren balorazio onak indar emanda, gustura ekin diogu Doinueleren bigarren urteari», zehaztu du Ziburuko disko eta liburu azokako ordezkari Maddi Zubeldiak.

Egitaraua (H)ilbeltza nobela beltzaren azokak irekiko du, urtarrilaren 22tik 28ra bitartean. Apirilaren 12tik 14ra Azkoitian Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka ospatuko da. Maiatzak Literaturia literatura azoka ekarriko du Zarautzera, hilaren 24tik 26ra. Ziburuko disko eta liburu azoka ekainaren 1ean izango da eta Hernanikoa, aldiz, urriaren 5ean. Urrian ospatuko da baita ere Sarako Ikusi Mikusi, haur eta gazte literaturan oinarri hartzen duen azoka, hilaren 11 eta 12an. Urriaren 30ean Sormene literatura azoka iritsiko da Galdakaora eta urtea Lazkaoko liburu eta disko azokak itxiko du, abenduaren 13tik 15era.

«Sarea dugu protagonista, baina ez sare pelagikoa, euskararen erreserba zainduz, etorkizuna babesten duen sare tradizionala baizik: haundi eta txiki, zahar eta berri, denok daukagu lekua Doinuele plazan», jarri du azpimarra Ikusi Mikusiko ordezkari Amaia Hennebuttek, eta Doinuele plazetako hizkuntza euskara dela berretsi du: «Sareek ez diete azoketan sartzen uzten marrazo eta harrapariei eta sarea erabat estua da erderentzat. Beraz, euskara da Doinuele plazetako hizkuntza bakarra, gurea».

Azkenik, Euskal Herriko gainerako azokei dei egin diete sarera batu daitezen: «Ongi etorriak zarete, bidea elkarrekin eginez, euskarazko azoken territorioa zabalduz joan gaitezen».