Eskuin eskua minduta duela eta, Jon Ander Albisuk ez du larunbatean Markina-Xemeinen jokatzerik izango eta Baikok Iosu Eskiroz deitu du Peñarekin batera Jaka-Mariezkurrena liderrei aurre egiten saiatzeko. Partida gogorra jokatu zuten ataundarrak eta Peñak igandean Etxebarrin Artola-Imazen aurka eta, asteburu honetan gutxienez, atseden hartu beharko du dagoeneko fisioterapia tratamendua egiten ari den goierritarrak.
Ez da Albisu normalean eskuko arazo handiak izaten dituen pilotari bat, baina Gabonetan izandako partida kopuru handiak azkenerako faktura pasa dio eta haren ordez, ordezkapen lanak arrotz ez zaizkion Iosu Eskiroz deitu du Baikok. Iaz, esaterako, bost partidatan aritu zen Ezkabarte-Makirriaingoa ordezkapenak egiten. Lehenengo hiruretan –9, 10 eta 11. jardunaldietan–, gainera, Mariezkurrenaren ordez sartuta, Markinan lagun izango duen Peñarekin jokatu zuen, bi garaipen lortuz, Jaka-Aranguren eta gerora finalista izango ziren Laso-Imazen aurka. Beste bi ordezkapenak lehen fasearen amaieran jokatu zituen, Ander Imazen aurka, garaipen eta porrot bana eskuratuta.
Aldaketa honek beste bat dakar B serieko txapelketan, Eskirozen zuloa Salaverri II.ak beteko baitu, Larrazabalekin batera, Agirre-Iztuetaren aurka lehiatzeko.
Irabazten hasi behar
Bederatzigarren jardunaldia ostiral honetan hasiko da Getarian Elordi-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosak jokatu beharreko partidarekin. Bi bikoteak azken partida galtzetik helduko diren arren, egoera erabat desberdinean dauden bi bikoteren arteko dema izango da Sahatsaga pilotalekukoa. Elordik eta Rezusta sailkapenean nahiko eroso daude, lau punturekin hirugarren postuan. Ezkurdia-Tolosa, ordea, behar larrian helduko dira kostaldera, bi punturekin taulako azken postuan.
Mallabitarrak eta bergararrak partida latza jokatu zuten larunbatean Eibarren, baina Altuna-Martija handi batzuen aurrean amore eman behar izan zuten. Xabi Tolosak ere itxura oso ona eman zuen ostiralean Peio Etxeberria-Zabaletaren aurka, baina Joseba Ezkurdiak ez zion behar beste lagundu Beotibarren. Arbizuarraren bertsiorik onena behar du bikote honek eta bere txarrean, lehiaketa sistema honekin playoffetako postuak ez dituzte batere urrun, baina ahalik eta azkarren puntuak batzen hasi behar dute.