Manex Altuna

Derbiak San Mamesen: bolada kontuak, garaipen gogoangarriak eta porrot mingarriak

Athleticek Realaren kontra etxean jokatutako ligako 76 partidetatik erdia baino gehiago irabazi ditu, 41 hain zuzen ere. Hala ere, txuri-urdinek emaitza onak atera dituzte Bilbon -20 berdinketa eta 15 garaipen-; batez ere, azken hamarkadan.

Athletic eta Realeko jokalariak joan den urteko partida hasieran egindako mosaikoan.
Athletic eta Realeko jokalariak joan den urteko partida hasieran egindako mosaikoan. (@AthleticClub)

Athleticek Txapeldunen Ligako postuan abiatuko du bigarren itzulia eta Reala seigarren tokian dago Ligako sailkapen nagusian. Sei puntutako aldea daukate zuri-gorriek. Azken urteetan txuri-urdinak hobetu kokatuta iritsi dira derbietara, baina aurten lehoiak maila bikaina erakusten ari dira. Clementerekin 80. hamarkadan tituluak irabazi zituztenetik lehen itzulirik onena egin dute. Sekulakoa. Partidarik galdu gabe daude urri amaieratik.

Reala, berriz, Txapeldunen Ligan egindako esfortzua ordaintzen ari da. Golak egitea kostatzen ari zaio. Gainera, Remiro atezaina zigorturik dago, Andre Silva lesionaturik eta Kubo, Sadiq eta Traore beren selekzioekin daude Asiako Kopa eta Afrikakoa jokatzen, hurrenez hurren.

Behintzat, ez dute Iñaki Williams aurrean izango. Bederatzi zenbakiak zazpi gol egin dizkie txuri-urdinei eta Ghanarekin dago. Iaz berak egin zituen Athleticen garaipenaren bi golak (2-0). Zuri-gorriek ere irabazi egin zuten 2022an Marcelinorekin aulkian (4-0). 1959tik lortutako jipoirik handiena izan zen. Partida hutsean iritsi zen atsedenaldira Remirok Muniaini penalti bat gelditu ostean. Baina bigarren zatiaren hondarrean, Vivianek gola egin eta, batez ere, Sancet zelairatu zenean; zuri-gorriak txuri-urdinen gainetik igaro ziren.

Sancet erabakigarria izan zen 2022an Athleticek lortutako garaipenean. (@AthleticClub)
Sancet erabakigarria izan zen 2022an Athleticek lortutako garaipenean. (@AthleticClub)

Horrelako emaitzak gertatzea ez da batere ohikoa izan azken hamarkadan. 2013tik San Mamesen jokatu dituzten hamaika derbietatik zazpitan txuri-urdinek ez dute porrotik jaso. Hiru partida berdindu dituzte eta lau aldiz irabazi dute. Aipatutako garaiko lehen garaipenean, Velak eta Griezmannek gidatuta, 1 eta 3 gailendu zitzaion Montanierrek zuzentzen zuen taldea Bielsarenari. Nahiz eta zuri-gorriak Ibaik egindako gol batekin aurreratu ziren. Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen denboraldi horretan.

Txuri-urdinek San Mamesen irabazitako partidetako hamaikakoak eta denboraldiak aztertuta, tituluak lortu zituzten taldeak ageri dira. Horren adibide argiak dira, Alberto Ormaecheraren aginduetara ligako lau denboralditan partidarik galdu gabe egon zirenean 1979tik 1982ra. Hain zuzen ere, bi ligak irabazi zituzten talde ahaztezin horrek bi banako berdinketa eta bi garaipen lortu zituen. Hor geratzen dira Satrustegik egindako golak Katedralean.

1987an Kopa irabazi, eta 1988an txapeldunorde izan zen Realaren taldeak, garaipen gogoangarri bat ere erdietsi zuen. 1 eta 4 gailendu ziren, Bakerok, Lorenek eta Begiristainek, bi aldiz, egindako golei esker. Toshack galestarrak zuzentzen zuen talde hura.

Athleticen zaleek ere oroimenean iltzatuta daukate 1984ko derbia. Clementeren taldeak 2 eta 1 irabazi zuen azken jardunaldian eta bigarren liga jarraian lortu zuen. Athletic markagailuan aurreratu zen Liceranzuk egindako gol batekin. Hala ere, Uraldek berdindu egin zuen bigarren zatian. Aurrelari ohiak aitortu izan du inork ez zuela bere gola ospatu. Bi taldeen artean adiskidetasuna baitzen nagusi. Zorionez, Liceranzuk partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean bigarren gola egin zuen eta zuri-gorriek bere azken liga altxatu zuten.

Bestalde, 90. hamarkadaren hasieran Athleticek lau garaipen erdietsi zituen jarraian. Hala ere, berdintasun handiko urteak izan zirela esan daiteke. Horren lekuko sei berdinketa eman zirela eta Realak zortzi urte igaro zituela ligan San Mamesen galdu gabe 1993tik 2001era.

Karpin baloiarekin, Alkiza eta Tikoren aurrean, 2003ko derbian. (Jon HERNAEZ / FOKU)
Karpin baloiarekin, Alkiza eta Tikoren aurrean, 2003ko derbian. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Mende aldaketak bolada aldaketa ekarri zuen, eta Athleticek hamabi urte igaro zituen Realaren kontra San Mamesen ligako partida bat galdu gabe. Zazpi garaipen zuri-gorri eta jipoi mingarriak egon ziren. Hiru aldiz gailendu ziren 3 eta 0ko emaitzarekin. Horietako batean mendean hartu zuten 2002-2003 denboraldian liga irabazteko lehian egon zen Raynald Denoueixen Reala. Etxeberriak, bi aldiz, eta Ezquerrok egin zituzten golak.

Berdinketa bakar bat lortu zuten txuri-urdinek epe horretan. Hain zuzen ere, 2006-07 denboraldiko lehen jardunaldian. Bana amaitu zen derbia. Adurizek penaltiz egin zuen lehen gola eta Aranburuk azken minutuetan berdindu zuen. Txuri-urdinak Bigarren Mailara jaitsi ziren sasoi horren amaieran eta Athleticek azken partidan lortu zuen maila mantentzea.

Garitanoren kaleratzea

Sarritan esan ohi da taldeak derbietara nola iristen diren ez duela axola. Partida bereziak dira, emozio handikoak eta edozer gerta daiteke. Horren adibide gisa, 2018an Realak lortutako garaipena. Akatsez beteriko partida batean Athleticek bi penalti egin zituen. 1 eta 3 irabazi zuten Asier Garitanorekin entrenatzaile lanetan. Hilabete batzuk beranduago kargutik kendu zuten eta Imanolek ordezkatu zuen.

Orioko entrenatzaileak ondo hartuta die neurria derbiei Anoetan. Realeko lehen taldea zuzentzen duenetik ez du partidarik galdu etxean Athleticen aurka. Valverdek, berriz, denetarik bizi izan du. Garaipenak azken minutuetan, zuri-gorrien jipoiak, gol ugari eta baita porrotak.

Imanolek, berriz, hiru aldiz galdu du eta baten bakarrik irabazi du San Mameseko aulkian eseri denean. 2020ko gabon zahar derbian izan zen. Txuri-urdinak 0 eta 1 gailendu ziren Porturen gol batekin. Porrot horrek Gaizka Garitanoren kaleratzea ekarri zuen gerora. Zuri-gorriek Elx menderatu zuten San Mamesen egun batzuetara, baina zuzendaritzak hautua egina zeukan eta bota egin zuten.

Atzeratutako Kopako finalak baldintzatu zuen erabakia. Athletic ez zen gai izan Realari aurre egiteko eta agintari zuri-gorriek entrenatzailea aldatzeko erabakia hartu zuten hilabete batzuk barru gidoia ez errepikatzeko itxaropenarekin. Marcelinok ordezkatu zuen Derioko entrenatzailea eta Superkopa irabaztea lortu zuen iritsi bezain laster. Hala ere, 2021eko apirilean Sevillan jokatu zen Kopako final atzeratuan Reala gailendu zen Oyarzabalek penaltiz egindako golarekin. Zalerik gabe, eta etxetik urrun, ospatu zen zeresan gehien eman duen historiako euskal derbirik esanguratsuena. Bi taldeak osasuntsu daude, eta etorriko dira partida gogoangarri berriak.

Valverde eta Imanolen arteko agurra iazko derbiaren aurretik. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Valverde eta Imanolen arteko agurra iazko derbiaren aurretik. (Aritz LOIOLA / FOKU)