NAIZ

Donostiako Udaleko bi lanpostutarako euskara eskatzea ontzat eman du epaile batek

Donostiako Administrazioarekiko Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak, Donostiako bi udaltzain postutarako euskarazko B2 maila eskatzea baztertu zuen berak, Udalari arrazoia eman dio oraingoan profil bera galdegin duenean Digitalizazio Kartografikoko udal teknikari izateko bi plazatarako.

Donostiako Udaleko langileen elkarretaratzea, udaltzainen lanpostuen inguruko epaia gaitzetsiz.
Donostiako Udaleko langileen elkarretaratzea, udaltzainen lanpostuen inguruko epaia gaitzetsiz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udaltzainen postuei buruzko epaian, Donostiako Administrazioarekiko Auzien hirugarren zenbakiko Epaitegiak argudiatu zuen ezin zitzaiela unitate horretako kide guztiei euskara jakitea exijitu. Kaleratu duen ebazpen berrian, ordea, beharrezko ikusten du euskararen ezagutza eskatzea, esan duenez, lan kartografikoak egiten dituzten bi funtzionariori egiten dielako erreferentzia bakarrik eta bietako bat falta denean, herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatu behar delako.

Horixe da epaitegiak emandako arrazoietako bat 2022ko abenduaren 20ko Donostiako Udal Gobernu Batzordearen akordioaren aurka langile batek jarri zuen helegitea erabat baztertzeko. Itun horretan, Digitalizazio Kartografikoko bi plaza eskaintzea aurreikusi zen, EFE agentziak eskuratu duten sententzian jasotzen denez.

Euskaraz harremantzeko eskubidearen alde

Errekurtsoa jarri zuen langileak azaldu zuen Udal Gobernuaren akordio horrek espainiar Konstituzioaren 23. artikulua urratzen zuela, alegia, ez zuela baimentzen kargu eta funtzio publikoetara baldintza beretan iristerik, plaza guztietarako euskara exijitzen zuelako.

Epaileak, berriz, oroitzen du Auzitegi Konstituzionalak herritarrek administrazioarekin euskaraz harremantzeko duten eskubidea bermatu behar dela defendatzen duela.

Eransten duenez, Digitalizazio Kartografikoko teknikari postuaren berezitasunen barnean dago «publikoari eta profesionalei arreta ematea», hortaz, Udalak herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea bermatzeko «betebeharra du».

Epaileak nabarmentzen du, postu tekniko horretarako bi plaza soilik egonda, «zentzua duela» horiek beteko dituzten langileei euskara jakitea eskatzeak.

Beraz, epaileak ez du onartzen, helegitea jarri duen langileak argudiatu bezala, plaza horietara baldintza beretan iristeko eskubidea urratzen denik.

Sententzia honi helegitea jartzeko aukera zabalik dago.