NAIZ

Gizon bat espetxeratu dute Baionan tiroz hil zuten gaztearen heriotzarekin lotura duelakoan

48 adineko gizonezko bat behin-behineko espetxean sartu zuten, atzo ostegunean, joan zen urriaren 14an Baionako Gurutze Sainduko auzoan (ZUP) tiroz hil zuten 27 urteko Abdelkrim Kharbouch gaztearen heriotzarekin zerikusia duelakoan.

Gurutze Sainduko auzoan hunkidura handia eragin zuen hilketa.
Gurutze Sainduko auzoan hunkidura handia eragin zuen hilketa. (Patxi BELTZAIZ)

Frantziar Poliziak atxiloketa berria egin du joan zen urriaren 14an Baionako Gurutze Sainduko auzoan (ZUP) tiroz hil zuten 27 urteko Abdelkrim Kharbouch gaztearen heriotza argitzeko zabalduriko ikerketaren baitan.

France Bleu irratiak plazaraturiko albistearen arabera, 48 urteko gizon bat atzeman du Poliziak hilketa horretan laguntzaile gisa jardun zuelakoan.

Oroitzearren, Baionako auzo herritar horretan iragan urriaren 14an Zuper Fete izeneko besta ospatzen ari zenean motor batean zihoan pertsona batek bertan bizi zen Abdelkrim Kharbouch gaztearengana hurbildu eta tiro egin zion.

Arratsaldeko 17.00ak aldera gertatu zen auzoan hunkidura handia eragin zuen erasoa.

27 urteko gaztearen gorpua kalean atzeman zuen handik gutxira auzora bertaratu zen Poliziak.

Lehenengo atxiloketa heldu zen. Hala hilketa gertatu eta egun gutxitara, zehazki urriaren 19an, 20 urteko gazte bat behin-behineko espetxealdian sartu zuten.

Fiskaltzaren arabera, pertsona horrek erasoa burutzeko erabilitako motorraren gidaria zen.

Izan ere, tiro egilea ihesean jarraitzen du geroztik.

Poliziak aurrera eramaten duen ikerketaren ondorioz, bigarren pertsona bat atzeman dute, Uztaritzen.

France Bleu irratiak emandako xehetasunen arabera herritar horren DNA lagina atzeman dute polizi ikerlariek hilketa burutzeko erabili zen armaren bala-zorroetan.

Atzo, urtarrilaren 11an, hilketarekin konplize gisara auziperatu ondoren Landesetako Mont-de-Marsan kartzelan sartu zuten bigarren atxilotu hori.

Laguntza psikologikoa jasotzeko programa

Kharbouchen hilketak samin handia eragin zuen ZUPen. Hala, bertako eta langileek laguntza psikologikorako egitura bat plantan ezartzea galdetu zuten gertakariaren ostean.

Baionako Herriko Etxeak erantzuna eman zion galdera horri azaroaren 7tik aurrera laguntza psikologikorako programa bat plantan emanez.

Helduek eta haurrek astean hirutan laguntza psikologikoa jasotzeko parada ukan zuten, hitzordua aitzinetik hartuta, Hiriko Gizarte Garapenerako Interes Publikoko Elkarteak Baionan duen egoitzan.