NAIZ

Kerejeta, harro Baskoniak ia 25 urtez Gasteiz eta Euskal Herria Europan barreiatzen duelako

Olympiacosen aurka Zurbaon jokatu beharreko urtarrilaren 12ko neurketa da talde arabarrak Euroligan etxean jokatuko duen hirurehungarrena. «Hain herrialde txiki bateko taldea izanik, pentsaezina zen halakorik lortzea, baina lanari esker mugarri honetaraino iritsi gara», dio Kerejeta presidenteak.

Josean Kerejeta, Saski Baskoniako presidentea.
Josean Kerejeta, Saski Baskoniako presidentea. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gutxitan azaldu ohi da hitz egitera Josean Kerejeta Saski Baskoniako presidentea, baina urtarrilaren 12 honetan salbuespena egin du. Izan ere, Olympiacosen aurkako partida Gasteizko saskibaloi talde nagusiak Euroligan etxean jokatzen duen hirurehungarren aldia baita. Orotara, Euroligan partida gehien jokatu dituen lau taldeen multzoan dago Saski Baskonia eta, hargatik, oso harro mintzatu da Kerejeta presidentea balentria hau dela-eta.

«Duela 35 urte presidentetza hartu nuenean gure klubak tamaina honetako lehiaketa baten parte har zezakeenik pentsatu ere ez genuen egiten. Ezta maila baxuagoko lehiaketarik ere, egia esan. Bistan da Euroligan etxean jokatzen ditugun 300 neurketa hauek mugarri direla, baina ez klubarentzat edo klubean lan egin duten guztientzat soilik. Gasteizentzat, Arabarentzat eta oro har, Euskal Herriarentzat ere mugarri da; nolabait esatearren, klubak lortu duenaren eragina bere jatorriaz haratago iritsi da», adierazi du Josean Kerejetak.

Esan gabe doa «lan handia eta gogorra» izan dela Lazkaokoaren aburuz, arrakasta honen sekretua. «Lan handia egin dugu azpiegitura sendoa eraiki eta hazten joan ahal izateko, bai ekonomikoki eta baita kirol arloan ere. Erakunde publikoekin harreman ona izatea eta masa sozial sendoa eratzea ere baldintza garrantzitsuak izan dira, elkarrekin urte hauetan guztietan bidea urratzeko. Harro egoteko moduko kontua da, ez baitago bestelako entitaterik hainbeste denboran gure herrialdea Europan etengabe barreiatzea lortu duenik», berretsi du Kerejeta presidenteak.

Ondorioz, «bide hau urratzen ekitean» datza Kerejetaren iritzia Europako elitean jarraitzeko modua. «Esan bezala, azpiegitura eta masa sozial sendoak ditugu eta orain gainera, ia 25 urte hauetan lortutako laneko eskarmentua ere badugu. Lehiakortasuna gero eta handiagoa da, gero eta hiri gehiago baitu nahi baita Euroligara, baina gure animoa eta handinahia garbia dira lanean jarraitu eta Euroligan gutxienez beste 300 partida etxean jaso ahal izateko», amaitu du Saski Baskoniaren buruzagiak.