NAIZ

UEMAko 107 herrietan emango dute Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ filma

Josu Martinez zinemagilearen ‘Bizkarsoro’ filma Euskal Herriko zazpi lurraldeetan estreinatuko da urtarrilaren 12 honetan eta, gainera, datozen hilabeteetan UEMAko 107 herrietan egongo da ikusteko aukera. Filmak «euskaldungoaren XX. mendea» islatzen du.

Josu Martinez (erdian), filma ikusteko prest.
Josu Martinez (erdian), filma ikusteko prest. (GEREDIAGA)

Josu Martinez zinemagilearen ‘Bizkarsoro’ ostiral honetan, urtarrilak 12, iritsiko da zinema aretoetara. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egongo da ikusgai ostiral honetan eta, gainera, UEMArekin sinatu duten akordioaren harira, datozen hilabeteetan mankomunitateko 107 herrietan egongo da filma ikusteko aukera.

Ostiral honetan Gasteiz (Florida), Durango (Zugaza), Tolosa (Leidor), Baiona (Atalante), Garazi (Le Vauban), Altsasu (Lortia) eta Maulen (Maule Baitha) egongo da Martinezen filma ikusteko aukera.

«Gure helburua emanaldiak Euskal Herri osoko euskalgintzako, kulturgintzako eta herrigintzan ari diren bestelako eragileekin zein tokian tokiko euskalgintzako, kulturgintzako eta herrigintzan ari diren bestelako eragileekin elkarlanean antolatzea da», azaldu dute Gerediagatik.

Bere aldetik, UEMAtik uste dute filma ahalik eta herri gehienetan erakustea «garrantzitsua» dela, «euskara erabiltzeagatik belaunaldiz belaunaldi jasandakoa ezagutzeko eta horri aurre egiteko euskaldunek erakutsi duten kemena ikusarazteko».

Martinez zuzendariak sinaketan adierazi duenez, «euskararen aurkako zapalkuntzari aurre egiteko tresnak badaudela erakusteko pelikula bat da ‘Bizkarsoro’».

Iritzi berekoa da UEMAko lehendakari Martin Aramendi ere bai. Adierazi duenez, «ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea leuntzeko, UEMAren ildoetako bat da herritarren kontzientziazioan eragitea, eta horretarako garrantzitsua da euskararen eta euskaldunen aurkako jazarpena nondik eta zergatik datorren erakustea ere». Horregatik, filma erakustearekin batera, emanaldien ondoren solasaldiak dinamizatzeko aukera ere jaso dute hitzarmenean.

Martinezen filmak «euskaldungoaren XX. mendea» islatzen du. Bost urtean zehar ondutako filma da ‘Bizkarsoro’, 2023ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuena, eta Baigorriko herritarren artean landa-lana egin eta ahozko lekukotzetatik abiatuta kasu errealekin dokumentatu zuen proiektua zuzendariak, NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan adierazten duen bezala. Trailerra ere ikusgai dago.