68.000 lagun inguru dira larunbat honetan Bilbon presoen auziarentzat behin betiko konponbidea eskatu dutenak, Casillatik abiaturik eta zenbait kasutan Udaletxera heldu arte. Zehaztapen hau egin beharrekoa da, pilatutako jendetzaren ondorioz manifestari asko ez dutelako abiapuntura hurbiltzeko saiakerarik egin, eta beste askok kontrakoa: bide erdian utzi dute mobilizazioa, bukaerara iristea guztiz ezinezkoa zelako.
Gauzak honela, ohiko zenbaketa sistema ezin izan du erabili aurten ere NAIZek: zenbat lagun batez beste manifestazio lerro bakoitzean, zenbait lerro minutuko eta zenbateko iraupena. Baina hamarkada hauetan pilatutako datuetatik ondorioztatu daitekeenez, jende uholdeak bete duen bideagatik 65.000 inguru izan dira. Beste milaka batzuek (3.000 gutxienez) Zabalburu aldean utzi dute mobilizazioa, Indautxutik San Mames aldera hurbiltzeko, eta ondorioz kopuru osoa ateratzeko batu behar dira.
Manifestazioaren burua Udaletxera iritsi den unean (17.14ean) azken lerroa Autonomia kalean zegoen oraindik, Zabalburutik ehunka metrora, Enrique Eguren kalearekin gurutzatzen den tokian hain juxtu ere.
La cabeza de la manifestación acaba de llegar al Ayuntamiento y estas son las últimas filas, a cientos de metros aún de Zabalburu #U13Bilbora pic.twitter.com/nfh32MeLWD
— Ramon Sola (@gara_rsola) January 13, 2024
Iaz Avila kaleraino heldu zen manifestari multzoa, 50 bat metro atzerago, orduan 67.000 lagun bilduz.
Honek urte osoko mobilizazio handiena bilakatu du, pasa den azaroaren 4an Konseiluak euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra egindakoarekin batera. Orduko hartan 70.000 parte-hartzaile inguru zenbatu zituen Bilboko Udaltzaingoak.
Mobilizazio politikoei dagokienez, hitzordu indartsuak izan dira aurtengo ikasturtean. Palestinan eragindako sarraskiak mobilizazio handia ekarri zuen Donostian urrian (25.000 lagunetik gora) eta geroxeago Bilbon. Azaroaren 30eko greba feministaren testinguruan manifestazio handiak burutu ziren hiriburuetan, hamarnaka milaka lagun bilduta baina ez toki bakar batean. Eta bien artean EH Bilduk ere bete zuen Autonomia kalea, azaroaren 18an, ‘Euskal Herria nazioa’ dela aldarrikatzeko.