NAIZ

Eslovakiak zigarrokinak baliatzen ditu errepideak asfaltatu eta kutsadura gutxitzeko

Zigarro-mutxikin eta zigarreta elektronikoetatik birziklatutako gehigarri batekin errepide bat eraiki duen munduko lehendabiziko herrialdea da Eslovakia. Bratislava hiriburuan tabakoaren hondakinentzako kontainer bereziak jarriko dituzte orain.

Zigarreten filtroek substantzia toxiko eta kantzerigenoak dituzte. Hauek lurra kutsatzen dute, eta euria egiten duenean, ura eta landare eta animalien ekosistema ere bai.
Zigarreten filtroek substantzia toxiko eta kantzerigenoak dituzte. Hauek lurra kutsatzen dute, eta euria egiten duenean, ura eta landare eta animalien ekosistema ere bai. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Eslovakian bada errepide txiki bat zigarro-muturrekin eraikia. Parke bat eta aire libreko igerileku bat lotzen ditu. 2022ko urrian egindako proiektu berritzaile haren ondotik, ekimen gehiago jarri dituzte martxan hainbat gai kutsagarri dituzten zigarreta-puntak birziklatzeko.

Ekonomia zirkular baten alde egiteaz gain, hondakinak baliatuz ingurugiroaren garbiketan aurrerapausoak eman nahi dituzte, zigarrokinen erdiek lurrean bukatzen baitute, Bratislavako zabor biltzaileen enpresak (OLO) estimatu duenez.

Zigarreten filtroek substantzia toxiko eta kantzerigenoak dituzte. Hauek lurra kutsatzen dute, eta euria egiten duenean, ura eta landare eta animalien ekosistema ere bai.

Hilabetero 1,2 tona inguru

Zigarreta-punten filtroak eraldatu, azetilzelulosa zuntz bilakatu, eta errepideen asfaltoari gehitzen diote. Zaila da errepide bat egiteko zenbat zigarrokin behar diren kalkulatzea, asfaltoaren lodieraren araberakoa baita.

«Ziar nad Hronom-en zigarro-muturrak erabiliz munduko lehendabiziko errepidea egin genuenean, 200 metro karratutan 150 kilo pikortsu baliatu genituen. Hau da, 10 milioi zigarreta filtro eta tabako kartutxo», adierazi dio Efe agentziari Hugo Repan EcoButt birziklatze entitateko kudeatzaileak.

Bratislavan soilik ez, EcoButtek Eslovakia osoan biltzen ditu tabako hondakinak; hilabetero 1,2 tona inguru.

«Ez nuen inoiz usteko halako kopurua jasoko genuenik. Harrigarria da», erran du Repanek.

Eragin ekologikoa

EcoButtentzat birziklatzeko bide berri bat zabaldu da. Gainera, zaborrak jasotzeko plan bat du enpresak. «Diesel aunitz kontsumitzen da bilketan, eta alderdi hau aztertzen ari gara, soluzio eraginkorren bila, kamioi gutxiago erabiltzeko eta erabiltzen ditugunen gaitasuna handitzeko. Ibilgailuen parkea elektrifikatzea ere kontsideratzen ahalko genuke etorkizunean», azaldu du EcoButteko kudeatzaileak.

Momentuz, urtarrilaren 1 honetatik hiriburuko herritarrek kontainer bat gehiago dute toki publikoetan: tabakoen hondakinena.

Hondakin guztiak ezberdinak dira

Ohartarazi dutenez, tabako hondakinen artean elementu ezberdinak bereizi behar dira.

«Zigarro-muturrak jasotzeko kontainerretan zigarreta arrunten zigarrokinak eta baporea hartzeko tabakoa berotzeko gailuak sar daitezke», zehaztu du Miroslav Jurkovic SPAK-EKO birziklatze enpresako zuzendari exekutiboak.

Bestalde, zigarreta elektronikoetarako likidoaren kargak hondakin mistoetarako kontenedore beltzetan gorde behar dira, Jurkovicek erantsi duenez.

Zigarreta elektronikoen ontzi berrerabilgarriak eta kargatzekoak, azkenik, hondakin elektroniko gisa utzi behar dira.